Errepresioetatik burujabetzetara: Emakume indigenak gorputz-lur lurraldearen defentsan

Emakume indigenentzat estatuak gerraren efektuak konpondu ez dituen lurraldeetan bizitzea aukera iluna da. Hauek, pobretutako lekuak dira, bake akordietatik urrun daudenak. Hala ere, historian zehar, emakume indigenak arpilatze eta zapalketaren eta euren gorputzen kontrako indarkeriaren aurrean matxinatu izan dira. Erresistentzia istorio ugari dago: aurrena, amama eta birramamena koloniaren zapalketaren aurka; egun, ordea, emakumeek euren gorputza frontean kokatzen dute bizitzaren defentsan.
Emma Gascó.
Emma Gascó.

Gaur, lurralde ezberdinetatik, emakume asko lurraldearen defentsan ari gara, gutariko batzuk ageriko ekintzen bidez eta beste batzuk publikoa ez den komunitatetik. Desjabetze-logika patriarkalak gorputza ere kendu digu emakumeoi. Bai bizitzeko, bai gure familiak elikatzeko, bai ereiteko eta laboratzeko eta bai komunitate-bizitza sortzeko kosmoseko elementuekin dugun harremana ere kentzen digute. Emakumeok lur-lurraldea defendatzen dugu, bizitza eta esanahia duen espazio konkretu horren garrantzia ezagutzen dugulako.

San Juan Sacatepéquez, Jalapa eta Santa Rosa

Lurralde indigenetan militarismoa nagusitzen denean lurlurralde espazio hau arrisku larrian jartzen da. Jalapa eta Santa Rosan setio-egoera ezarri eta 10 hilabetera, AMISMAXAJ[1]-eko emakumeok publikoki salatu genuen, setio-egoerak iraun zuen bitartean soldaduek erabilitako sexu-indarkeriaren ondorioz, ume ugari jaio zirela. Soldaduek urtebete egon ziren mendialdeko destakamendu militarrean eta sexu-jazarpen, kontrol eta esku-sartze kasuek agerian utzi zuten patriarkatua zapalketa militarraren bidez nola aritzen den. Egoerak eraso frontean kokatu zuen gorputza, izan ere, 8000 soldadu bide bazterretan jarri ziren, emakumeek arropa garbitzen zuten lekuetan, ereiten zuten lekuetan; eskolen aurrean jartzen ziren neskak jazartzeko eta emakume buruzagiak bortxaketarekin mehatxatzen zituzten gauza “latz”etan aritzeagatik.

Beste zenbait erakundekin batera Setio-egoeran dauden Jalapa eta Santa Rosako emakumeen Giza-Eskubideen egoeraren Egiaztapen Batzordea[2] sortu genuen kasu hauen inguruan informazioa biltzeko asmoz.

Horrelako kasuak Guatemalako leku askotan errepikatzen dira, esate baterako, San Juan Sacatepéquez-en erresistentzian dauden 12 komunitateetan. Prebentzioegoera bi aldiz luzatu zen eta bertako emakumeek soldadu eta poliziak salatu dituzte, larderia, eraso ezberdinak eta sexu-jazarpena argudiatuz. Emakume horiek esan bezala, etxean ere ez dira seguru sentitzen eta 3.000 salaketa inguru egin dituzte, mehatxuenak, bortxaketa saiakerenak, lapurretenak eta irainenak, besteak beste. Kostuekonomikoa, familiaren nekea, “ez dagokien” gauzetan dauden emakumeen estigmatizazioa eta neke emozional eta espirituala… hauek dira emakume hauek babes ezaren aurrean pairatzen dituzten efektuak.

Patriarkatuak, neoliberalismoa eta gorputza lurralde gisa

Enpresen inposizioek sortutako egoerak salatzea ohiko borroka historikoei gehitzen zaien borroka berria da. Bestalde, emakumeak erakunde mistoen barruan ere borrokatzen gara,  emakume buruzagiak baztertzen dituzten kide batzuen modu patriarkalen kontra, adibidez.

Gorputza lurralde gisa defendatzeari utzi gabe lurra defendatzea, hori da, erresistentzian kide diren gizonek ez bezala, emakumeok dugun borroka. Guztiok lur-lurraldearen defentsan ari bagara ere, borroka horrek, hitz horietan adierazita, ez du emakumeen gorputzen defentsa barne hartzen.

“Gure gorputz-lur lurraldea ez da saltzen, berreskuratu eta defendatzen da”. Lelo hau lelo-politiko gisa erabiltzen hasi da Xalapán mendiko lurraldearen defentsan, sexuindarkeria eta meatzaritzaren aurkako borrokan. Gero, Guatemalako feminismo komunitarioaren kategoria politiko bilakatzen da. Leloak, gorputza ulertzeko eta sentitzeko modu bat adierazten du, lurralde bizidun historiko gisa. Baina hau inola ere ez dagokio mendebaldeko ikusmolde geografikoari, hots, gorputz-geografiari edo mapari; aitzitik, harreman honen inguruko interpretazio kosmogoniko eta politiko bati dagokio: bizitzaren sarean gorputzak nola diren eta dauden. Aldi berean, kontzeptu honek gorputzen gainean zapalketa ezberdinak, hala nola, patriarkatuaren egituraren eragin historikoak, kolonialismoa, arrazakeria eta kapitalismo neoliberala nola eraiki diren aztertzera eramaten gaitu. Hauek, gorputzak desjabetu dituzte itun eta aginte anitzen bitartez.

Gorputza lurraldetzat jotzeak bizitzaren dimentsio kontziente bat onartzea dakar, Dimentsio horretan ehuntzen da harreman kosmiko osoa. Gorputza leku zehatza da, gure hitza, gure sentimenduak, nahiak eta historia bizi diren lekua. Bere denborazkotasuna du. Eta leku hori antzinakotasunari, orainaldiari eta etorkizuneko belaunaldiei lotzen duten hariak ere baditu.

Kolonizazioa baino lehen gorputzek lurrarekin zuten harremana suntsitu egin zen. Lurra eta gorputzak desjabetzen dituen gizarte- eta lurralde-kontrola ezarri zen eta errepublikak, mugak eta estatuak sortu ziren. Jatorrizko herrien eta, bereziki, emakume indigenen bizitza estatu-nazio kolonialaren botere eta kontrol totalitarioaren menpe jarri zen. Hala, testuinguru horretan jaio ginen eta bizi gara maia eta xinka herriak eta Abya Yalako beste hainbat herri; baita emakume guztiak ere: indigenak, afrikar jatorrizkoak, mestizoak, migranteak edo gure lurralde- eta politika-identitateak zeinahi ere diren.

Gorputza bizitzarako berreskuratzea erabat pertsonala, konzientea eta askatzailea den ekintza da eta gure burua egunero birsortzera eta pasioz, intentsitatez eta kolorez bizitzera bultzatzen gaitu. Egunerokoan, gorputza zapalketa hauen kontra energiaz borrokatzeko tresna dugu, poza berreskuratuz baina sumina galdu gabe. Hala, bada, jarrera honek gorputzak borrokatzen duen sistema bera asaldatzen du.

Gure gorputzak defentsa-mekanismoak erabiltzen ditu gure bizitza arriskuan jarri duten gertaerak ez gogoratzeko. Baina sendabidean, inkontziente sakonerako bide ibil dezakegu mina, errua, lotsa, beldurra, izua, lesbofoia eta homofobia, etab. askatzeko. Gure sentimenduetatik hitz egitea eta barneratutako zapalketak sendatzea despatriarkalizazio eta deskolonizazio ekintza da.

Gure gorputzak ahaztu gabe lur-lurraldearen defentsan irautea itxaropena pizten duen ekintza politikoa da. Hala, ekintza honek mundu berri baten eraikuntzan laguntzera bultzatuko ditu etorkizuneko belaunaldiak, zapalkuntzatik askaziora ibiliz. Garapen-eredu arriskutsu honen erdian guk sumina galdu gabe poza aldarrikatzeko energia izateak sistema bera aztoratzen du.


Lorena Cabnal, q’eqchi’ – xinka maia,
feminista komunitarioa (AMISMAXAJ, Guatemala).

En castellano: “De las opresiones a las emancipaciones: Mujeres indígenas en defensa del territorio cuerpo-tierra”

nº64 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


OHARRAK:

    1. Santa María Xalapán Jalapako Emakume Indigenen Elkartea (AMISMAXAJ) Xalapáneko mendiko bihotzean sortutako erakundea da, hain zuzen, Los Izotes herrixkan. 2003n sortu eta 2004an elkarte bihurtu zen. Sortu zenetik xinka emakumeen defentsan aritu da, hauen kontrako indarkeriaren eta, bereziki, sexu.indarkeriaren aurrean. Era berean, arbasoen lurraldearen defentsan ere aritu da, metalen meatzaritzaren kontra borrokatuz Jalapako departamenduan, eta xinka herria nazio-mailan eta nazioartean ezagutzera ematen lagundu du. 2007an, feminista gisa aurkezten dute euren burua publikoki eta 2010an, jatorrizko emakumeengandik sortutako askazio-proposamen batekin komunitate-feminismoa aldarrikatzen dute. Nazioarteko eztabaida feministari berezko kategoria eta kontzeptuak eskaini dizkiote euren sentimenduetatik interpretatzeko eta zapalkuntzak gorputzetik eta lurretik pentsatzeko. Era berean, euren ikuspuntutik interpretazio-edukia ere eskaini diote “gorputz-lur lurraldea berreskuratzea eta defendatzea” leloari.
    2. Batzorde hau 23 emakume erakunde feminista eta indigenek osatu zuten emakumeen giza eskubideen urraketa larriei segimendua emateko. 2013Ko maiatzaren 23an prentsaurreko bat egin zen emakumeen egoera salatzeko. Segurtasun neurri gisa, prentsaurrekoa giza eskubideen defendatzaileen babeserako nazioarteko erakundeen laguntzarekin egin zen.

Print Friendly

2 pensamientos en “Errepresioetatik burujabetzetara: Emakume indigenak gorputz-lur lurraldearen defentsan”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *