Emakumeen enplegua eta krisi ekonomikoa. Erantzun feminista

Nola liteke bizitza egunero lau ordu zaintza lanetan, lau ordu lan ordainduan, lau ordu auzolanean eta lau ordu musika, irakurketa edota kirolean emango bagenitu? Duela mende bat, zortzi orduko lanaldia eskuraezina zirudien, baina langileen mugimenduaren borrokak amets hori egia bihurtu zuen munduaren zati batentzat. Neoliberalismoak markatutako garai honetan, iparraldean ere desberdintasunak areagotzen dira. Horren aurrean, feminismoaren erantzunak oinarrian kokatzen ditu gizakia eta bizitza.

Bistakoa da, emakumeen enpleguak ez duela bilakaera bera mundu osoan. Gaur egun, emakumeen lan aukerei dagokienez goranzko joera igartzen da Latinoamerikan eta Karibean. Era berean, langile txiroen kopuruak behera egiten du. Guztiarekin ere, emakumee ezegonkortasun, informaltasun eta langabezi maila altuagoak pairatzen dituzte mundu osoan zehar.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LNE) datuen arabera, mundu mailan, emakume langileen ehuneko 60tik gora lan informaletan dihardu. Nekazaritza sektorean zenbatekoa altuagoa da. Merkataritzaren liberalizazioaren ildoan, emakumeak sektore intentsibo eta lehiakorretako lanindar moldagarria bilakatu dira. Ondorioz, Erdialdeko Amerika eta Hega Asiako emakume askok maquila lantegietan egiten dute lan, hau da, multinazionalen mundu produkzioaren kate-maila baxuenean. Iparraldeko herrietan, emakumeek zerbitzuetan egiten dute lan ezegonkortasuna, behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialak sufrituz. Emakumeak kontratatzen dituzten sektoreek ospe eta soldata baxuak izan ohi dituzte. Emakumeek, zenbait herrietan, gizonek kobratzen dutenaren ehuneko 40a kobratzen dute eta hau ageriko kontua izanda ere, garrantzi handia dauka emakumeen txirotasunaren oinarrian[1]. Enplegua da, hainbat emakumerentzat, autonomia eta askatasun baliabidea, kontraesanez josita badago ere.

EUROPAN, ORAIN

Krisiak jotako herri europarretan, emakumeei dagozkie ondorio txarrenak. Langabezia gora doa bortizki, lana dutenen baldintzak txartuz doazen bitartean. Espainian, lan erreformaren ondorioz, egoera minberan zeudenak, babesgabe geratzen ari dira. Izan ere, murrizketa politika neoliberalak ez dira neutroak generoaren esparruan; emakumeak gizonak baino gehiago kaltetzen ditu. Hain justu ere, emakumeek egiten dituzte, nagusiki, zaintza eta etxeko lanak.

Denboraren erabileraren gaineko inkestek hala diote. Emakume espainiarrek lau ordu eta zazpi minutuko media ematen dute etxeari edota familiari dagozkien lanetan. Gizonek, aldiz, bi baino ez[2]. Kezkagarria da horregatik, emakumeek, lan bikoizketaren ondorioz, gizonek baino askoz ere aisialdi murritzagoa edukitzea.

Emakumeek jasaten duten lan gainkargaren aurrean gizarteak ez ikusiarena egiten du, baita bizitzarako ezinbestekoak diren zaintza lanei dagokionean ere. “Txanpiñoi langilea” edo “Hobbes-en onddoa”[3], eskatzen da, egunero jaiotako hori, inor zaindu behar ez duena, beharrak ez dituena, enpresarentzako erabat prestu.

Testuinguru honetan, murrizketa politika neoliberalen ildoan, zerbitzu publikoak zalantzan jartzen dira, gehienbat zaintza lanei zuzendutakoak. Sortu berria den Dependentzia sistema eraisten ari dira. Nork zainduko ote ditu orain adinekoak eta ezinduak? Garbia da emakumeek egingo dutela, eta kobratu gabe, jakina. Betiere, lan aukerak eta aisialdia galduta eta jakinda gizarteak ez duela egindako lana ikusten ezta estimatzen.

Hezkuntza, Osasun eta Dependentzia sistemen merkatalizazioak eta pribatizazioak, besteren artean, sektore horietako lan kalitatearen hondatzea dakarte, batez ere emakumeek egindako lana izanik. Lan erreforma zein zerbitzu publikoen eraisketak, beste murrizketa neoliberalek ere bezala “pobrezia bikoitza” baten aurrean kokatzen dituzte emakumeak: baliabide ekonomikoetan txiro eta aisialdian txiro.

ZAINTZA LANAREN KRISIA ETA MASKULINITATE HEGEMONIKOA

Askotan entzun dugu oraingo krisia ez dela ekonomikoa soilik. Dudarik gabe, krisi ekologikoa ere bada eta, horretaz gain, elikagai-krisia hainbat lekutan. Bestalde, horri buruz hitz egiten ez den arren, zaintza eredua, non emakumeek zaintza lanak bere gain hartzen dituzten, non estatuak, enpresek eta gizonek entzungor egiten duten, krisian ere badago.

Hain da sakona eta argia krisi hau, non migrazio-fluxuak erakartzeko gai baita. Hegoaldeko emakume etorkinek iparraldeko zaintza lanak betetzen dituzte; ezen bertako emakumeek lan merkatura sartzean hauek utzi baitituzte[4].

Aurrerapauso txikiak igartzen diren arren, orokorrean zaintza lanen aurrean erresistentzia aurkezten dute gizonek. Izan ere, sexu arteko lanaren banaketa eta genero harremanen eraldaketa ez da posible gizonek maskulinitate hegemonikoa gainditzeko lan handiak egiten ez badituzte. Horrela ibili beharko gara beste eredu ezberdinetara garamatzaten bideetatik, beste eredu horiek gizonezkoentzat ere askatzaileak baitira[5]. Boterearen bizipenak eragin kontraesankorra du gizonengan, eta kasu askotan alienatzailea ere. Zaintza lanak alde batera utzita lan ordainduetan baino ez aritzeak autonomia ekonomiko eta soziala dakarkie gizonei, baina aldi berean, bizitzaren beste eremuetan izateko aukera kentzen die; azken finean, bizitza zoriontsua disfrutatzeko aukera ere kenduz.

ERANTZUN FEMINISTA BAT: “LAU BATEAN” IKUSPEGIA

Langabezia orokorra, lanaren informalizazioa eta ezegonkortasuna, emakumeen pobrezia, zaintza lanaren krisia eta emakumeen lan gainkarga: sistema behera dator. Eraldaketa sozial eta ekonomiko sakona beharrezkoa da, dudarik gabe.

2008an, krisia hasi zenean, politikoek “kapitalismoa berreraikitzeaz” hitz egiten zuten.  Pil-pilean zeuden gaien inguruan eztabaidatzeko momentu aproposa zela ematen zuen eta iraunkorra izan zitekeen gizarte eredu bat eratzea posible zirudien. Zoritxarrez, botere politiko eta ekonomikoek ordura arte izandako eredua sakontzeari ekin zioten, aukera bakarra bailitzan.

Argi dago ez dutela norabide hori sostengatzen duen argudio zentzudunik eta orain, inoiz baino gehiago, alternatibak aurkeztea ezinbestekoa da. Feminismoak badauka zer esan, pertsonak eta bizitza oinarrian kokatzen dituzten proposamenak sortzek gai da eta.

Adibide gisa, Frigga Hang feminista alemaniarraren “lau batean” ikuspegia har dezakegu. Bizitzaren eremu desberdinak adiskidetzea, horien arteko hierarkia ezereztea, emakumeak zaintza lanarekiko duten esklusibitateaz askatzea eta, ondorioz, gizarte justu baterako bidetik abiatzea; hauek dira helburuak[6].

Langileen mugimenduak ehun urtez borrokatu behar izan zuen zortzi orduko lanaldia lortu zuen arte. Lortutako garaipen hori, hasieran, eskuraezina zirudien. Ordutik hona asko aldatu dira gauzak: lanaren deslokalizazioa, langabezi orokorra, etab.

Haug-ek denbora-ekonomia eredu ezberdina eta askatzailea proposatzen du: lau ordu zaintza lanetarako, lau ordu lan ordaindurako, lau ordu auzolan edo lan politikorako eta lau ordu arte, kirol eta beste aisialdi jardueretarako.

Pertsona guztien erantzukizuna lortuz gero, zaintza ez litzateke bigarren mailako lana izango; lan politikoari emandako denborak gizarte-antolakuntzan mundu guztiaren parte-hartzea ahalbidetuko luke; lanaldiaren murrizketak pertsona guztientzako lana ekar lezake; eta norberarentzako denborak pertsonaren autonomia berreskuratzen lagunduko luke. Beraz, genero justizian oinarritutako lan banaketa gizartea eraldatzeko urrats garrantzitsua da.

Ernst Block-en hitzetan[7], kapitalismoaren krisiaren aurrean, bidea markatu dezaketen “utopia zehatzak” behar ditugu. Horretarako, era kolektiboan eztabaidatu beharko da gure gizarte-egitura. Hau da, hain zuzen ere, balore kapitalistak kolokan jartzeko momentu egokia.


Kirsten Lattrich genero gaietan aditua da.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.

Artikulu hau “Emakumeak eta lana” (55 zenbakia – Lehen hiruhilekoa – 2013) dosierrean argitaratu da.

Nº 55 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Primer trimestre de 2013.


NOTAK:

  1. Confederación Sindical Internacional (2009): (Des)igualdad de género en el mercado laboral. Visión general de las tendencias y los progresos mundiales, Bruselas.
  2. Instituto Nacional de Estadística, INE (2011): Encuesta de empleo del tiempo 2009-2010, Madrid.
  3. Carrasco, C. et at. (2004): Trabajo con mirada de mujer. Propuesta de una encuesta de población activa no androcéntrica, CES, Madril. Pérez Orozco, Amaia (2006): “Amenaza tormenta: la crisis de los cuidados y la reorganización del sistema económico”, Revista de Economía Crítica aldizkarian, 5. alea.
  4. López Gil, Silvia; Pérez Orozco, Amaia (2011): Desigualdades a flor de piel: cadenas globales de cuidados. Concreciones en el empleo de hogar y articulaciones políticas, Emakumeen NBE, Madril.
  5. Kaufman, M. (1994): “Men, feminism, and men’s contradictory experiences of power”, en: Brod, H. & ibid., Theorizing masculinities, Thousand Oaks; 142-165 orrialdeetan.
  6. Haug, Frigga (2011): “Die Vier-in-einem. Perspektive als Leitfaden für die Politik”, en: Das Argument (291), Berlin.
  7. González Pazos, Jesús (2012): “Fascismo social y financiero en Europa”, Rebelión, 2012/02/25.

Print Friendly, PDF & Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *