Latinoamerikako eskuinaren altxamendu erreakzionarioa eta Venezuelako kasua

Testuinguru berria. Azken boladan, Latinoamerikako hainbat gobernu aurrerakoi eta, batez ere, herri klaseak pairatzen ari dira bertako eskuinaren altxamendu erreakzionarioa, intentsitate ezberdinekoa lekuaren arabera. Hori posiblea izan da zenbait aldagai uztartu baitira testuinguru berri bat sorrarazteko.

Lehenik, duela hamarkada bat baino gehiago, herrialde batzuetan abian jarritako aldaketa-prozesuak agortze-une batean sartuak ziren, mugak, hutsuneak eta kontraesanak azalarazita. Horrek guztiak hainbat sektoreren sostengua ahuldu zuen, eta indar-korrelazio hobea eskaini eskuina berriro kontraerasora itzultzeko. Bigarrenik, eskuinak mantentzen zuen botere faktiko gehienen kontrola: besteak beste, ekonomiaren sektore pribatu nagusiak, komunikabide handienak eta elite judiziala. Horiei esker, bizirik eta indartsu jarraitu zuen; eta, horien bitartez, altxamendu erreakzionarioa bultzatu zuen. Azkenik, AEBetako inperialismoak erabaki zuen ahalegin berezia egitea bere atzeko patioa berreskuratzeko, tresna ekonomiko, mediatiko eta militarrak uztarturik. Beraz, eskuinaren “itzulia” jokaleku politikora inperialismoaren eskutik gertatu da, historikoki beti jazo den bezala.

Argazkia: fotografosreportajevascocarolachavez.wordpress.com

 

Eskuina: nor da eta zer egiten ari da? Hasteko, ezinbestekoa da argitzea zer nolako taldeek osatzen duten gaur egungo eskuina; izan ere, denetariko sektoreak aritzen dira eremu politiko eta ideologiko horretan, denetariko praktika osagarriak garatuz. Lehenengo lerroan, alderdi politiko eskuindarrak ditugu (tradizionalak eta postmodernoak), borroka politikoaren eremu formala liskartzen. Bigarrenik, eskuin mediatikoaren paper garrantzitsua nabarmendu behar da, zentzu komun kontserbadorea etengabe elikatzen. Hirugarrenik, enpresarien konfederazioen presioak, mehatxuak eta sabotajeak azpimarratzekoak dira. Jatorrizko elite enpresarialarekin batera, ezin dugu ahaztu atzerriko transnazionalen estrategia, aldaketa-prozesuak oztopatzea helburu dutelako. Aktore klasiko horietaz gain, bestelako agente eskuindarrak identifikatu beharrean gaude: “ikusezinak” direnak, hain zuzen ere. Horiek dira zentzu komun kontserbadore eta erreakzionarioa egunero elikatzen ari direnak auzo herrikoi askotan. Bi agente erreakzionario nagusitzen dira: alde batetik, eliza “berriak” ditugu (ebanjelikoak eta abar), zeinak diskurtso ultrakontserbadorea (matxista, homofoboa, enpresarizalea…) gogorki txertatzen ari diren zona txiroenetan, eta desmobilizazio politikoa lortzen ari diren oso aktiboak ziren zenbait herritan; beste alde batetik, talde armatu informalak (paramilitarrak) hedatzen ari dira hainbat herrialdetan, militante ezkertiarrak desagerraraziz eta populazio osoa beldurtuz.

Eskuinaren diskurtso politiko zaharberrituari ere erreparatu beharko genioke, nolabaiteko arrakasta lortu baitu sektore ertainetan, baita sektore herrikoietan ere. Gobernuen zenbait gizarte-programa arrakastatsu aldarrikatu behar izan dituzte, herriarengana hurbildu nahian eta garai neoliberal ilunetatik urrundu nahi dutela irudikatuz. Horrek kultura politiko ezkertiarraren garaipentzat jo beharko litzateke. Hala ere, gobernu batzuen gizarte-programen kudeaketa okerraz baliatzen ari dira eskuinaren balizko patrimonio bat aldarrikatzeko: kudeaketa egokia eta, batez ere, efizientea. Horrekin batera, herri-klaseen arteko gatazka bultzatzeko diskurtso bat elikatzen ari dira, bi planteamendu nagusitan oinarritzen delarik. Batetik, gizarte-politika berriak ongi egon dira, baina “klase” ertainak kaltetuak suertatu dira, birbanaketatik kanpo gelditu direlako. Bestetik, gizarte-programen onuradun batzuk “alferrak” dira, lan egin nahi ez dutelako eta Estatuaren eta guztion diruaren “kontura bizi” direlako. Hori guztia biribiltzeko, “ekintzaile” edo “enpresa-sortzaile”aren figura goraipatzen da, sektore publikoen pribatizazioa defendatzeko berriro eta, aldi berean, “politikari-enpresaria”ren profila aldarrikatzeko (“agintaririk onena, kudeatzaile efizientea; alegia, enpresaria”).

Argazkia: fotoreportajeVascothe-wynwood-times-venezuela-en-resistencia-19

Bestalde, garai batean ezker iraultzaileak aldarrikatutako eta abian jarritako “borroka-molde guztien uztarketa”ren planteamendua aurrera eramaten ari da eskuin latinoamerikarra, bere erara noski. Hori ez da berria historian, botere exekutibotik kanpo egon direnean erabili ohi dutelako bortizkeria, eta abar. Oraingo honetan, berriro, hainbat gobernu aurrerakoi kentzeko borroka formala eta legalaz gain (parlamentuan parte hartu eta abar), borroka ilegala eta bortitza garatzen ari dira. XXI. mendeko “kolpismoa” tresnarik eraginkorrena bihurtu dute zenbait herrialdetako eskuindarrek, botere exekutiboak ezegonkortzeko eta kasu batzuetan eraisteko. Kolpe berriek ez dituzte indar armatuak erabili; izan ere, beste agente erreakzionario batzuen aliantzan oinarritu dira: zehazki, patronala, latifundio mediatikoa, elite judiziala eta parlamentari kontserbadoreak. Horren ondorioz, hiru gobernu demokratiko egotziak izan dira: Hondurasen (2009an), Paraguain (2012an) eta Brasilen (2016an); eta beste bat, Venezuelakoa, amildegian dago.

Venezuela: helburu estrategikoa. Aldaketa-ziklo osoan zehar, Venezuelako gobernua izan da inperialismoaren eta eskualde osoko eskuinaren etsai nagusia, zalantza-izpirik gabe. Zergatik? Hainbat arrazoirengatik. Lehenik, munduko petrolio-erreserba handiena duelako. Bigarrenik, kontinente-mailan Chavezek eta bere gobernuak aldaketa geopolitikoaren lidergoa hartu zutelako. Eta, hirugarrenik, aldaketa iraultzaileenak –arlo sozio-ekonomikoan– aurrera eraman nahi izan dituelako. Horrexegatik, lehenengo momentutik bertako eskuinak kanpoko botere askoren laguntza izan du.

Azken boladan, batez ere Chavez hil zenetik, eskuinaren etengabeko estrategia kolpista berrindartu da. Gainera, krisi ekonomikoak eta gobernuaren hainbat hutsune eta kontraesanek erraztu dute eskuinaren oldarraldia.

Une honetan, sektore ultra eta muturrekoek kontrolatzen dute Venezuelako eskuina, eta haien estrategia kolpistak bi tresna uztartzen ditu: gerra ekonomikoa eta desestabilizazio politiko-militarra. Gerra ekonomikoa lau aldagai nagusitan oinarritzen da: lehenik, bertako txanponaren (‘Bolivar’) aurkako gerra, merkatu beltza erabiliz haren balioa etengabe jaitsarazteko eta, ondorioz, espekulazioa areagotzeko; bigarrenik, oinarrizko produktuen (elikagaiak eta botikak) pilaketa eta enpresari askoren boikot produktiboa, hiperinflazioa sorrarazteko; hirugarrenik, nazioarteko finantza-blokeoa; eta, laugarrenik, diruaren zirkulazioa zailtzea, likideziarik gabe uzteko herritarrak.

Argazkia: fotoreportajevasco1NTN24

Desestabilizazio politiko-militarra ere aipatu dugu, desestabilizazio politikoa (parlamentutik) eraso militarrekin batzen delako. Bortizkeria aurrera eramateko, hiru agente elkartu dira: batetik, paramilitarrak; bestetik, eskuinak kontrolatzen dituen hainbat gobernazio eta udaletako polizia; azkenik, delinkuentziari lotutako bandak. Horien helburuak honakoak lirateke: hasteko, ahalik eta hildako gehien eragitea, populazioaren beldurra areagotzeko eta erabateko kaosa lortzeko; baina, batez ere, epe ertainera kanpoko interbentzio militarra (inperialista) eragitea da garrantzitsuena.

Ondorioz, Venezuelan abian dagoen gatazka kontinente-mailakoa da, eta erabakigarria da eskuinarentzat (bertakoarentzat eta kanpotarrarentzat). Eta ezkerrarentzat?


Luismi Uharte Pozas EHUko Gizarte Antropologiako irakasle-ikertzailea da.


#01 Herriak – Abendua 2017 aldizkarian argitaratutako edukia.


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude