Maskilu, Arratia-Nerbioiko Kontserbak

Arratia eta Nerbioi eskualdeetako nekazari txiki agroekologiko txikiok produzitzen ditugun fruituak eta barazkiak eraldatzeko helburua duen artisau-kontserbagileen kolektiboa da Maskilu.
Maskilu elkartearen bazkideetako batzuk kontserberarez inaugurazioan. Argazkia: Maskilu.

Zergatik erabaki zenuten proiektu honi ekitea: Gure proiektua bi elementu hauek bat egitearen emaitza izan zen: alde batetik, Zeberioko Udalak, lehen sektorea biziberritzeko asmoz, martxan jarri zuen politika publikoa; eta, bestetik, eskualdeko nekazari agroekologiko txikiek horrelako azpiegitura bat behar genuela. Beraz, elikagaien industriaren aurrean, artisau-kontserba ekimen bat sortu nahi izan genuen. Gure helburua da nekazarion barazkiekin kalitatezko kontserbak sortzea eta sektorearentzat tresna bat izatea. Horretarako, azpiegitura kolektibo hau sortu dugu.

Eraldatzailea al da: Gure ustez, Elikadura Burujabetza lortzeko, elikagaiak eraldatzeko ekimenek ere balio desberdinak izan behar dituzte, hala nola: ekimen kolektiboak izatea, eskualdera zuzentzea, artisauak izatea eta gardentasunez eta hurbiltasunez jardutea. Uste dugu aintzat hartzen ditugun balio horiek eraldatzaileak direla.

Nola egiten dituzue kontserbak / zein da prozesua: Gure elkartearen baitan kontserbagintzaren inguruko ezagutzak partekatzen ditugu. Hortaz, kide bakoitza prozesu osoa egiteko gai da, eta horrek autonomia ematen dio. Geure fruitu eta barazkiak erabiltzen ditugu. Era berean, beste nekazari ez-kideei ere zerbitzua eskaintzen diegu. Nolanahi ere, prozesua ahalik eta artisauena da. Gure kontserbetarako osagai ekologikoak erabiltzen ditugu, eta era askotako kontserbak egiten ditugu, hala nola: marmeladak, barazkiak naturalean, pistoa, kremak, ozpinetakoak, etab.

Kontserbak era seguruan egin ahal izateko eta osasun-erregistroa lortzeko, autoklabe bat erosi behar izan genuen. Horri esker, tratamendu termikoak egin ditzakegu (esterilizazioa, pasteurizazioa…), osasun-segurtasuna bermatuta.

Non zaudete: Gure kontserba-lantegia Zeberion dago, Ermitabarri auzoko Nekazari-gunean eta, hain zuzen ere, Ermitabarriko eskola zaharrean.

Non erosi daiteke: Maskiluko kide bakoitzak bere salmenta-sarea erabiltzen du. Oro har, kontsumo-taldeetan saltzen dugu, azoketan, denda txikietan eta bertako produktu agroekologikoen inguruan dauden beste hainbat ekimenen (La colmena dice sí, esaterako) bitartez. Interesa izanez gero, aukerarik egokiena bilatuko dugu kontaktuan jartzeko.

Maskilu hitz batean: agroekologikoa.

Kontaktua:

[email protected]
https://maskilukontserbak.org/kontaktua/

Sare sozialak: https://www.facebook.com/MaskiluKontserbak/


#01 Herriak – Abendua 2017 aldizkarian argitaratutako edukia.


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude