Desazkundea eta Bizitze Ona Sarearen ibilbide kolektiboa

“Hedatzen ari den ekonomia baten ondasunek eta zerbitzuek laguntzen dute gizakien ongizatea hobetzen, baina neurri batean soilik. Hortik aurrera, hazkundeari lotutako gizarte- eta ingurumen-kostuen eragina hain da handia, ezen ongizate-maila murrizten baita (…), gizakien ongizateari laguntzeari utzi eta kaltegarri bihurtzen da. Hori dela eta, ezinbestekoa da garapen-eredua aldatzea: ekoizteko, kontsumitzeko, lan egiteko, bizitzeko... beste modu bat”. (Jorge Riechman)

Badira hamarkada batzuk gure bizimodua zalantzan jartzen dugula eta gure gehiegizko kontsumoan aldaketak egiteko beharra sentitzen dugula, planetako baliabideak amaitu ez daitezen. Aldaketa guztiek osagarri pertsonal bat behar dute, osagarri sozialaz eta politikoaz harago. Beharrezkoa da erantzukizun unibertsala dugula sentitzea, bai orain bai gero erantzule garela pentsatzea, elkarmenpekotasun globala dela-eta. Gure bizimoduak eragin zuzena du beste hainbat pertsonaren, herriren eta etorkizuneko belaunaldiren bizi-baldintzetan, eta hori ulertu dugulako planteatu dugu proiektu politiko gisa behera egingo genukeela.

Gizarte iraunkor, bidezko eta berdintasunezkoak eraikitzeko, beharrezkotzat jotzen dugu bizitzaren eta planetaren zaintza erdigunean jartzen duen beste eredu erabat desberdin bateranzko trantsizioa egitea. Horretarako, baina, elkarrekin lan egin behar dugu, eta gure diskurtsoak, borrokak eta mugimenduak artikulatu. Hori dela eta, 2010ean, hainbat eremutako zenbait kolektibo, gizarte-mugimendu, GGKE, sare eta sindikatu hasi ginen lanean elkarrekin. Eredu sozial, politiko eta ekonomikoa ikuspegi feminista batean oinarrituz aldatzea genuen denok helburu. Horrela sortu zen Desazkunde eta Bizitze Ona Sarea, honako hauek osatuta: Ekologistak Martxan, Desazkundea, Mugarik gabeko Ekonomialariak, Bizilur, Euskadiko GGKE-en Koordinakundea, ESK sindikatua, Euskadiko Mugarik Gabeko Ingeniaritza, REAS Euskadi eta Mugarik Gabe.

“Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz” argitalpenaren aurkezpena. Argazkia: Desazkundea eta Bizitze Ona Sarea.

2011z geroztik, topaketak antolatu ditugu urtero. Hala, esperientziak eta alternatiba praktikoak bildu ditugu eta abian jarri, bizitzaren eta planetaren zaintza erdigunean kokatuko duten gizarte-antolakuntzarako eredu berriak eraikitze aldera. Topaketa horietan, zenbait alderdi lantzen ditugu bereziki: lan-kontzeptuaren inguruko planteamendua, enpleguaren eta ekologiaren arteko lotura eta bizi-eredu alternatiboak, feministak eta ingurumenaren aldetik iraunkorrak.

Bizitza erdigunean ezarriko duen eredu bat lortzeko, kontuan hartu behar ditugu funtsezko faktore batzuk. Alde batetik, planetaren muga fisikoak gainditu ditugunez, derrigorrezkoa da ekonomiaren esfera materialaren desazkundeari ekitea. Beste faktore garrantzitsu bat elkarmenpekotasuna da. Onartu behar dugu beste pertsona batzuek eskaintzen dizkiguten zaintzaren eta denboraren menpe bizi garela, jaiotzen garenetik hil arte. Honek begien bistakoa badirudi ere, kapitalismoa garatu da bizkar emandaoinarrizko mendekotasun horri eta, espezie bizidun gisa, bizitzeko behar duguna naturatik eskuratzen dugula, hots, ekomenpekoak garelako ebidentziari. Justizia sozialak gidatutako trantsizioaren hurrengo mugarria da baliabide mugatuko gure planetan aberastasuna banatzeko beharra. Eta, azkenik, faktore kezkagarriena da neurriak lehenbailehen hartzeko beharra. Baliabide naturalak agortzen, ekosistemak degradatzen eta ingurumen-sistema aldatzen ari da. Horren adierazpen izugarriena klima-aldaketa da, zeinak berehalako neurriak hartzera behartzen gaituen, larrialdi ekologikoko egoera batean kokatzen baikaitu.

Desazkundea eta Bizitze Ona sarearen asanblada. Argazkia: Desazkundea eta Bizitze Ona Sarea.

Azken urte honetan, Goiener, Saretuz, Zentzuz Kontsumitu, Emaús, EHNE Bizkaia, Sector de Mujeres, Xochilt Acalt eta Setem Hego Haizea kolektiboekin batera, “Tipi-Tapa bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz” kanpaina sustatu dugu, Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz: Bizi estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta bidezko baten eraikuntzarako analisi eta aldarrikapenak argitalpenaren edukiak sozializatu eta azpimarratzeko asmoz. Argitalpena hausnarketa eta eraikuntza kolektiboko prozesu baten emaitza da, non aurrerago zehaztuko ditugun lau ardatz nagusien inguruko aldarrikapenak eta gogoetak proposatzen baititugu.

Gaur egungo ereduak (krisian dagoena eta lehengoratu nahi dutena) oinarri heteropatriarkalak, antropozentrikoak eta kapitalistak ditu.

Oinarriok arriskuan jartzen dituzte bizitzari bide ematen dioten oreka ekologikoak, eta oztopatzen dituzte gizadi gisa eusten diguten elkarmenpekotasun-harremanak. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da lehengoratu nahi ditugun egoeren kausak eta ondorioak sakonago aztertzeko eta elkartasunezko kontzientzia kritikoa sustatzeko hezkuntza- eta intzidentzia-prozesuak bultzatzea.
Beste eredu batzuk lortzeko, herritarrek jabetu behar dute eraldaketarako subjektu politiko aktiboak direla. Ildo horretatik, garrantzitsua da besteekin batera parte hartzea, antolatzea eta mobilizatzea, politika publikoak alda daitezela exijitzeko; eta garrantzitsua da, halaber, gure eguneroko bizimodua ere iraultzailea dela ulertzea. Horregatik, egindako lan kolektiboan, bildu ditugu hala erakundeentzako proposamenak zein aldarrikapenak nola lau ardatz estrategikoetarako alternatiba indibidualak eta kolektiboak. Espero dugu lana lagungarria izatea eragin politiko kolektiboko agenda bat sortzeko eta gure eguneroko bizimodua aldatzeko alternatibak abian jartzeko.

Abian den kanpainaren baitan, zenbait intzidentzia-ekintza egin ditugu landutako eskakizunak aldarrikatze aldera. Era berean, manifestu adostuarekiko sinadurak eta atxikipenak eskatu ditugu (oraingoz, 58 kolektibo eta 650 pertsonatik gora batu dira), eta hainbat bilera egin ditugu euskal erakundeekin. Horrez gain, eduki adostuak sozializatzeko, zenbait jarduera egin ditugu, besteak beste: kaleko ekintzak eta eztabaida-guneak antolatu ditugu udalerri askotan, zabalkundea egin dugu sare sozialetan, hedabideetan agertu gara, eta material pedagogikoak prestatu ditugu (komikia edo clown bideoak). Une honetan, sareak lanean dihardu enpresa eta estatuek toki- eta mundu-mailan gauzatutako eskubide-urraketak salatzen dituen Bizimodu Jasangarrirako Eskubidearen aldeko Epaiketa Sinbolikoa antolatzen. Epaiketa Bilbon egingo da, 2018ko otsailaren 23an eta 24an.

Tipi-Tapa komikiaren aurkezpena. Argazkia: Ecuador Etxea.

Argitalpenean jaso ditugun gogoetekin, ez dugu lanerako esparru itxi bat eraiki nahi. Badakigu oraindik ere eztabaida asko daudela irekita; hortaz, gure erronka izango da demokratikoki definitzea bizimodu iraunkorrak guretzat zer diren eta bizimodu horiek lortzeko zer baldintza behar diren. Bide horretan gaude, etorkizunari begira hainbat ikuspegitatik, ikuspuntu analitiko desberdinetatik, alderdi hauetatik eta besteetatik, egoera honen erronka konplexua geure eginez eta horretarako nahikoa indarrekin.

Jarraian azalduko ditugu bizi-ohitura jasangarriagoak hartzera bideratuko gaituzten eta argitalpenean jasotzen diren hainbat alternatiba. Argitalpen osoa eta “Tipi-Tapa bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz” kanpainako materialak adierazitako webgunean aurkituko dituzu.


Sandra Férnandez Cebrián eta Maite Ezquerro Sáenz Desazkunde eta Bizitze Ona Sareko kideak.


Informazio osagarria

Argitalpenak aldaketa indibidual eta kolektiborako proposatzen dituen zenbait alternatiba.

  • Elikadura-burujabetza: Gure eguneroko kontsumoa ere ekintza politiko bat da. Horregatik, hainbat merkaturatze-saretan parte har dezakegu, pertsonalki, familian nahiz kolektiboki; esaterako, kontsumo-taldeetan, ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatiba mistoetan, ekonomatuetan eta ekoizpen txikiak eta eredu honetakoak (edo nekazaritza-elikagaien edo autokontsumoaren eredukoak) babesten dituzten banaketa-enpresetan.
  • Desazkunde energetikoa: Gure etxeetan, ahal den heinean, isolamendua hobetu (leiho bikoitza, fatxadaren erreforma, etab.), pertsianak jaitsi eta neguan termostatoa pare bat graduz jaitsi, etengailudun konexio-blokeak jarri eta argiak itzali behar ez direnean, besteak beste. Eguneroko bizitzan, autoa partekatu, bizikletaz edo oinez ibili, edota inguruko aisiaz gozatu. Keinu txiki guztiek laguntzen dute energia-kontsumoa murrizten.
  • Ekonomia, pertsonen zerbitzura: Kontsumitzean, murriztu, berrerabili eta birziklatu. Babestu finantza etikoak, merkatu soziala, merkaturatze-zirkuitu laburrak, energia-kooperatibak… Enplegua eta bizimodu duinerako eskubidea bereizi. Alternatibak eraikitzeak, zabaltzeak eta ugaritzeak lagunduko digu sistema postkapitalista solidarioagoa, berdinzaleagoa eta iraunkorragoa lortzen.
  • Pertsonen zaintza: Gizonen eta emakumeen artean modu orekatuagoan banatu bizitzaren iraunkortasunerako zaintza-lan beharrezko guztiak. Bermatu zaintza-sistema publiko eta unibertsala guzti-guztiek baldintzarik gabe eskuratu ahal dutela. Egunero, zaintzak kolektiboki egiten lagunduko diguten alternatibak sustatu: bizikidetza-eredu alternatiboak (cohousing delakoa eta egoitzak), hazkuntzarako gurasoen sarea, belaunaldi arteko zaintza-sistema, trukeko edo debaldeko guneak eta hezkuntza-esperientzia alternatibo publikoak.

Argitalpena eta “Tipi-Tapa bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz” kanpainako materialak:
www.tipitapabagoaz.info
@Desazkunde_Bizi


#01 Herriak – Abendua 2017 aldizkarian argitaratutako edukia.


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude