
Gaur egun, latinoamerikar instituzioetan nagusi diren aldaketa prozesuak impasse batean daude. Euren doktrina eta programa osatzen duten funtsezko zenbait elementu kolokan jartzen ari dira sektore ezberdinetatik edo distortsioak dituzte bai politika hegemonikoaren zilegitasuna mantentzeari dagokionez bai aldaketa proiektuen elementu nagusien etorkizun ekonomikoari dagokionez. Ez da kontraesanik ez duen gizarte-eraldaketa proiekturik eta Latinoamerika ez da salbuespena. Hala, bloke progresista hau bidegurutzean dago gaur egun eta erantzuna, gure ustez, gaur egungo lorpen sozial, politiko eta ekonomikoak alde batera utzi gabe, etorkizuneko aldaketaren sakontasun potentzialaren menpe dago; hau da, gaur egun dimentsio anitzeko zibilizazio-krisian dagoen modernitate kapitalistaren aurrean alternatiba izatearen menpe[1].
Garapena helburu
Garapenaren kontua nagusi da, blokearen ardura estrategikoei dagokienez. Hau ez da berria, izan ere, ardatz hau politika eta ekonomia arloetako eztabaiden muina izan da XX. mendeko zati handi batean zehar. Latinoamerikako egoeraren adierazgarri den azpigarapena gainditzea diskurtso-ardatz historikoa da, oraindik ere indarrean dagoena. Horren eraginez, eskualdeko gobernu posliberal guztiak bat datoz diagnostikoarekin; Latinoamerikak nazioarteko lan-banaketan duen menpeko rolari dagokionez, funtsezko aldaketa bultzatzea beharrezkoa dela, alegia. Lehenengo desadostasunak, ordea, helburu hori erdiesteko ekonomia, politika eta gizarte arloetan jarraitu beharreko estrategiak zehazterakoan sortzen dira.
Latinoamerikako bloke progresistaren arima biak
Eskema neoliberalarekin hautsi nahi duten gobernuen eta, joera kontinuista bati jarraituz, oinarri politiko eta ekonomikoak hondatu nahi ez dituzten gobernuen artean nolabaiteko adostasuna dago[2].
Guztiek dituzte elementu hauek komunean: Estatuaren funtsezkotasuna nazio-mailako estrategia ekonomikoen ardatz gisa; eskualdeko integrazio alternatibo baten aldeko apustua; enpresa transnazionalen rola birdefinitu beharra, estatuarekin harreman orekatuago bat sortzeko; Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak edo Iparraldeak kontrolatutako edozein garapen-bankuren eragina deuseztatu beharra, kanpo zorraren arazoak konpontzen saiatuz eta Hegoaldeko Bankua bezalako eskualdeko esperientzia alternatiboak bultzatuz.
Alde nagusiak NDF eraginaz gabetzeko moduan eta antzeko alderdietan dautza: zorra ordaindu gabeko maileguak ordainduz kitatu (Brasil, Argentina) ala auditoria egin eta zor bidegabea ez ordaindu (Ekuador). Era berean, eraldaketa proposamenetatik hurbilago dauden gobernuek gehiago erabiltzen dute nazionalizazioaren tresna sektore estrategikoak kontrolatzeko edo oinarrizko zerbitzuak era egokian ematen direla bermatzeko.
Azken finean, garapen eta gizarte eraldaketa estrategia hauek bilatzeari dagokionez, aldeak antzematen dira gobernu ezberdinen artean. Batzuek, mugekin eta kontraesanekin, eskema neoliberalari onura ateratzen dioten sektoreen kontrako dinamikak garatu dituzte eta besteek, sentsibilitate sozial handia eta herritarsektoreek osatutako oinarria badute ere, oligarkiari moldatzen dira honi argi eta garbi aurre egin gabe.
Posdesarrollismoa eta zibilizazio-krisia
Mundu mailako krisi ekologikoak sortutako zibilizazio inperatiboei erantzuna eman beharraren aurrean koordenatu berri bat indarrez sortu da, hau da, ikusmolde posdesarrollistak[3]. Klima-aldaketa, petrolioaren gainbehera eta berriztagarriak ez diren baliabide naturalen esplotazio neurrigabeak ingurumenean dituen ondorioak, besteak beste, mundu mailako arazoak dira, baina Latinoamerikaren kasuan garrantzi estrategikoa dute.
Azken bi hamarkadetan, baliabide naturalen erauzketa-jarduerak izugarri hasi dira eta, ondorioz, nazioarteko merkatuetan lehengaiak saltzeko egitura produktiboa betikotu da. Honen inguruan bi hausnarketa sortzen dira: alde batetik, nazioarteko merkatuetan dagoen menpekotasun eskema asimetrikoa ez da aldatu, hidrokarburoen edo meatzaritza-sektoreak nekazaritzaesportazioaren sektoreak duen bizitasunari gehitzen zaio; bestetik erauzketa jarduerek gizartean eta ingurumenean sortzen dituzten inpaktuak izugarriak eta, askotan,
atzeraezinak dira.
Hala, ingurumenaren ardatza betebetean sartu da gobernu progresisten programetan. Hau bereziki argia da herritar indigena asko dituzten herrietan, ingurumenaren aldeko ikuspegi hauek jatorrizko herriek lurraldearen eta Ama lurraren alde egiten duten defentsarekin uztartzen baitira. Izan ere, Bizitze Ona eta beste hainbat paradigmen eraginpean, pachamamismoa[4], Bolivia eta Ekuadorreko gobernuek onartzen duten erreferentzia-markoa da eta garapenaren ideia bera kritikatzen du, hau modernitate kapitalista jasanezinari lotutako kontzeptua baita.
Kontraesanak eta alternatibak
Gaur egun, gobernu progresistei dagokien kontraesan bikoitz baten aurrean gaude eta honen konponbidea, neurri batean, gizartea eraldatzeko eta zibilizazio-alternatiba sortzeko prozesuen bideragarritasunaren menpe dago.
Lehenik, zenbait garapen estrategia eta Bizitze Ona bezalako paradigma pachamamistak uztartzeko zailtasun objektiboa dugu, azken hauek garapen kontzeptu bera kolokan jartzen baitute. Hain zuzen, Morales eta Correaren gobernuen diskurtsoan elementu sozial-desarrollistak[5] eta paradigma posdesarrollistetatik eratorritako elementuak batzen dira.
Ezkerreko keynesianismoa eta ikuspegi pachamamistak bateratzea kontraesankorra da. Batak lanaren nazioarteko banaketan eskualdearen egoera hobetzeko asmoz, eskaria igo nahi du etengabe hazkunde ekonomikoaren sostengu gisa; besteek bizitzaren ugalketaren benetako beharrizanak asetzea dute helburu. Lehenengoak, orain arte adierazi bezala, behintzat, Iparraldeko estandarrak imitatuz, funtsean kapitalista duen kontsumismoa onartzen du, neurri batean eta aldi baterako. Bigarrenak, aurrez aurre kritikatzen du parame-tro hau, ingurumenarekiko harreman mota hori gaitzesgarritzat eta jasanezintzat jotzen baitu mundu mailan.
Gaur egungo impassea gainditzeko, “arima” bi hauek antolatzeko zailtasuna konpondu behar da. Zentzu horretan, ikuspegi posdesarrollista hauek sortu aurretik ere, eskualdeko ikuspegi politiko eraldatzaileek eredu kapitalistarekin hausteko dinamikak gogortzea defendatzen zuten, eta garatutako kapitalismo latinoamerikar baten bideragarritasuna errefusatzen zuten (klase-aliantzak behar baziren ere).
Ikuspegi honek paradigmaren kohesioa handitzen lagun dezake, gizarte harremanen merkantilizazioa (bizitzaren ugalketarako ezinbestekoak diren baina egitura patriarkalek gutxiesten eta merkatutik kanpo uzten dituzten alde horien garrantzia barne) zalantzan jartzen duten ekarpen posdesarrollista berriekin naturalki batuz. Azken finean, ikusmolde bien arteko koherentzia posiblea da elementuetan sakontzen eta ereduarekin hausteko dinamikak sendotzen badira; klaseen arteko egokitzapen zabalegiak gaindituz eta klase herritarraren eta gizarte mugimenduen arteko aliantza pribilegiatua leheneratuz.
Bigarrenik, bai nazioarteko lanbanaketan eskualdeak duen posizioa hobetze aldera bai gizartean eta in-gurumenean inpaktuak gutxitze aldera, produkzioaren dibertsifikazio estrategiak bultzatzea ezinbestekoa da erauzketa-jarduerek azken urteotan lortutako garrantzia apurka-apurka deuseztatu ahal izateko.
Urte askoz, lehengaiek nazioarteko merkatuetan zituzten prezio altuek “commodity-en madarikazioa”ri[6] lotutako egoera paradoxiko bat sortu dute: denboraldi berean, lehengaien esportazioaren bidez lortutako baliabideak asko izan dira eta herrialde gehienetan lehen sektorera itzultzeko joera izan da. Teorian, baliabide hauek gizarte-ongizate egitura bat sortzeko eta produkzio-dibertsifikazioa bultzatzeko erabili behar ziren, baina helburu bietako lehenengoa soilik lortu da[7]. Haatik, bigarren fase batean estrukturalago den helburu hori lortzeko asmoa baldin bazegoen, lehengaien nazioarteko prezioen beherakadak galzorian jarri du asmo hori, horrek dibertsifikatzeko eta erauzketa-jardueren beharra gutxitzeko aukerak izugarri murrizten dituelako.
Testuinguru honetan, gobernuak sostengatzen dituzten klase-alian-
tzen izaera zabala eta kontraesankorra aurrez-aurreko ikuspegi estrategikoen arteko lehia sustatzen du eta aldaketaren alde guztiz konprometituak ez dauden sektoreek atzera pausoa emateko arriskua sortzen du. Azken boladan, zenbait gobernuren estrategian enpresa transnazionalen rola birgaitu da. Hau aztera pauso horren adierazgarri izan daiteke. Hala ibil daitekeen bide batean lortutakoa blindatu, gobernuen jatorrizko parametroa balioetsi eta ereduarekiko haustura sakondu behar dira: egoerak herri indarrak aldarte kritikoan jartzen dituenean, alternatiba hau izan daiteke: aurrera pauso bat eman eta prozesuak errotu gizarte mugimendu borrokalarien eskutik.
Gorka Martija Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko (OMAL) – Paz con Dignidad) ikertzailea da.
En castellano: “Los gobiernos latinoamericanos de cambio, en la encrucijada”.
Artículo publicado en el nº66 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2015.
NOTAS:
- Fernández, Gonzalo; Piris, Silvia eta Ramiro, Pedro (2013): Cooperación internacional y movimientos sociales emancipadores: bases para un encuentro necesario, Hegoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo.
- Rocha, Alberto (2010): “La integración regional como vía para alcanzarla autonomía de América Latina”, Revista Electrónica del Departamento de Estudios Ibéricos y Latinoamericanos de la Universidad de Guadalajara, 2. zkia., 6-7. or.ak.
- Katz, Claudio (2014): “Miradas pos-desarrollistas”, Rebelión, azaroaren 24a.
- Gudynas, Eduardo (2010): “La Pachamama: ética ambiental y desarrollo”, Le Monde Diplomatique, nº 27. zkia, 4-6 or.ak..
- Katz, Claudio (2014): “Concepciones social-desarrollistas”, Rebelión, azaroaren 15a
- Svampa, Maristella (2014): “¿El desarrollo en cuestión? Algunas coordenadas del debate latinoamericano”, hemen: Rivera, Francisco eta Pinol, Andrea (koor.), Saltar la barrera: Crisis socio-ambiental, resistencias populares y construcción de alternativas latinoamericanas al neoliberalismo, Instituto de Ciencias Alejandro Lipschutz / Fundación Rosa Luxemburgo, Santiago de Chile.
- Helburu biak batzea ez da erraza. Lehenengoak, premiazkoagoa den heinean, bigarrena baztertu du. Hau ulergarria da, gizarte estaldura erabateko lehentasuna baita eskualdean.

