Euskal gatazkaren “argitu gabeko” kasuak eta biktima guztiek egia ezagutzeko duten eskubidea asetzeak dakarren erronka

Gai zinez zaila da euskal gatazkan «argitu gabeko» edo «egiarik gabeko» kasuak zelan kudeatu finkatzearena. Hasteko eta behin, ez dago ahobatezko irizpiderik, "argitu gabeko kasua" zer den definitzerakoan. Aipatutakoa ez da, beraz, ahobatezko termino juridikoa, eta, hartara, anbiguotasun-arazoak ekarri ahal ditu. Hala eta guztiz, Foro Sozial Iraunkorrak, duela hilabete batzuk, erabat beharrezkoa ikusi zuen alor hori jorratzea, biktima guztiek baitute eskubidea gertatu zaienari buruzko egia ezagutzeko -hori da-eta justizia eta aitortza lortzeko, eta egoera ez errepikatzeko berme nagusia-.

2018an, ETAren armagabetze eta desagerpenaren ostean, panorama berria sortu da. Agertoki berri horrek ahalbidetu du aurrerapausoak ematea akordio politiko, sindikal eta sozial berriak lortzeko, gai larrienen gainean, batez ere: espetxe-politika aldatzea; larriki gaixorik dauden presoak; 70 urtetik gorako presoak; eta presoak hurbiltzea. Dena dela, lan egin beharra dago, oraindik ere, gatazkaren ondorio guztiak behin eta betiko gaindituko baditugu. Beharrezkoa da lanean jarraitzea presoen, ihes egindakoen eta deportatuen gizarteratzearen alde; eta aurrerapausoak eman behar dira, era berean, indarkeria guztien biktima guztiek aitortza osoa jasotzeko.

Teresa Toda, Nekane Alzelai, Fernando Armendariz eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Donostian, “Egiarik gabeko kasuen” inguruan egindako lanaren ondorioak aurkezten. Iturria: BERRIA.

Zentzu horretan, erronka potoloa da «argitu gabeko» kasuen arazoari aurre egitearena, ikuspuntu integral eta inklusiboarekin. Horretarako, lehenengo eta behin, hango eta hemengo agenteek emandako datuak aztertuko ditugu.

Zenbait ikerlan eta txosten kontsultatu ditugu: Eusko Jaurlaritzarenak, Coviterenak, Euskal Memoriarenak, Amnistia Internacionalenak, Fundación de Víctimas del Terrorismorenak… Eta ikusi dugu «argitu gabeko» kasuei buruzko datuak ematen dituzten agenteek oso bestelakoak diren irizpideak, tipologiak eta kategoriak darabiltzatela –eta, nola ez, guztiak dira baliogarriak eta errespetagarriak–. Irizpide-aniztasun horrek agerian uzten du zenbait modu daudela gatazkan zehar gertatutakoa kontatzeko. Baina, batez ere, agerrarazten du gatazka politikoaren testuinguruan, sufrimendu-maila itzela eragin dutela biolentzia mota guztiek.

“Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak” V. Foro Soziala, 2018ko urriaren 5 eta 6an ospatu zen, Iruñean eta Bilbon.

Horrez gain, iturri guztiek aipatzen dituzte heriotza-kasuak. Baina, horiez gain, biktimen bizitzeko eskubideari eragiten ez zieten bestelako eskubide-urraketei dagozkien beste hamaika kasu (torturatuak, zaurituak…) ere, argitu gabe geratu dira, edota ez dute lortu epaitegietan beren bidea egitea.

Eusko Jaurlaritza

«1964. eta 2014. urteen artean hildakoak eragindako erakunde terroristen atentatuen auzibideari buruzko txostena. Euskal kasua» txostenean, «argitu gabeko» 220 kasu aipatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Zehazkiago, hauexek dira kopuruak: ETAk eta «antzeko taldeek», 197 kasu; Batallón Vasco Españolek (BVE) eta haren sigla «sateliteek», 10; GALek, 10; eta 3 kasu, egile ezezagunarekin eta bestelakoekin.

Datuak ematerakoan, heriotza eragindako atentatuen auzibidearen edo egoera prozesalaren irizpidea hartu dute ardatz. Beraz, argitu gabeko atentatutzat hartu dituzte largetsitako eta artxibatutako kasuak. Hartara, txostenak ez ditu jasotzen gatazkaren testuinguruan izandako beste heriotza biolento batzuk: txostenak ez ditu jaso «polizia-gehiegikeriaren biktimak», eta ez ditu aztertu «indarkeriari loturiko gertaeretan edo baldintzetan hil direnen kasuak, suizidioak, armak maneiatzean hiltzea, polizien arteko tiroketa nahigabekoak, atentatuen biktimei laguntzean izandako istripuak eta bestelakoak».

Covite

Agujeros del sistemabere liburuan, argitu gabeko 359 kasu daudela dio Covitek. Fundación de Víctimas del Terrorismok (FVT), zeinak Covite eta beste elkarte batzuk batzen dituen, ez ditu zenbatu GALen, Batallón Vasco Españolen eta haren talde sateliteen, eta bestelako adierazpide biolentoen biktimen artean argitu gabe dauden kasuak. Beraz, ETAk eta haren «antzeko taldeek» hildakoei buruzko datuak baino ez dituzte ematen.

Datu horiek emateko irizpideek gainditu egiten dute Eusko Jaurlaritzaren egoera prozesalaren irizpidearen «objektibotasuna». Adibide batzuk aipatzearren, laguntzaileak bakarrik zigortuak izan ziren kasuak jaso dituzte; guztiz bete ez ziren kondenenak; eta beste kasu batzuk, non ez zituzten erantzule guztiak auzipetu, edota non erantzule guztiek ez baitzuten kondena bete.

Euskal Memoria Fundazioa

Euskal Memoria Fundazioak, berezko datu-basean oinarrituta, 328 hildako egozten dizkie estatu-terrorismoari eta poliziari. Garrantzitsua da argitzea Euskal Memoriak ez duela horietako bat ere ez sailkatu «argitu gabeko» kasu bezala. Informazio publikoa baino ez du jaso: kasu bakoitzaren egoera prozesala, estatu-terrorismoak eta poliziak 1949tik gaur egunera arte eragindako heriotza-kopuru osoa.

Eusko Jaurlaritzak kasu bat «argitu gabeko» gisa sailkatzeko irizpideak aplikatuz gero (alegia, largetsitako eta artxibatutako kasuen irizpideak), eta hortik lortutako kopuruari batuz gero inolako ikerketa judizialik izan ez duten kasuena, 123 izango dira, guztira, «egiarik gabeko» kasuak, Euskal Memoriaren datu-basearen arabera. Ordea, Euskal Memoriak argitu du kopurua, seguruenik, handiagoa izango dela, kasu bakoitzean irekitako eginbideei buruzko argibide gehiago beharko liratekeelako.

Ondorioak

Beraz, kontsultatutako iturri guzti-guztiak aintzat hartuta, «argitu gabeko» heriotza kasu kopurua 220 (Eusko Jaurlaritza) eta 482 (Covite+Euskal Memoria) artean legoke.

Baina, gainera, kontuan hartu beharko litzateke heriotza-kasu horiez gain, beste kasu asko ere ez direla sekula argitu, eta ez dutela ibilbide judizialik izan. Tortura-kasu gehienei buruz ari gara, adibidez. IVAC-KREIk eta UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, duela gutxi egindako txostenak dio 4.113 tortura-kasu jasan dituztela 3.415 lagunek.

Jarritako salaketa judizial guztietatik, baina, hutsala da kondena-epaia lortu duten kasuen kopurua (eta gainerakoak artxibatu egin dituzte): 31 laguni aitortu diete epai bidez, noizbait, «torturaren biktima» izaera; eta 49 pertsona kondenatu dituzte, tortura dela eta (eta, gainera, kondenatu askok indultua jaso dute, gerora). Hartara, horrelako errealitateak ere kontuan izan beharko lirateke.

Aipatutako guztia aintzat hartuta, eta errealitatea zein den ikusita, esan daiteke premiazkoa dela «argitu gabeko» kasuei buruzko eztabaida lasaiari ekitea. Helburu nagusia beti izan behar da arazo hori konpontzeko aurrerapausoak ematea, ikuspuntu inklusibotik, eta dagokion balioa aitortuta datuak argitzen jakin duten ekimenei. Izan ere, ekimen horiek tresnak eman dituzte, arazoari ahalik eta ikuspuntu transbertsalenetik heltzeko; eta, gainera, jakin dute barne hartzen biktimen artean eta euskal gizartean dauden sentsibilitate guztiak.

Egia da, hori bai, euskal gizarteak aurrean duen erronka erraldoia dela, eta oso konplexua. Baina, egiazki, hori da bidea euskal gatazkaren biktima guztiei bermatzeko gertatu zitzaienari buruzko egia ezagutzeko duten eskubidea. Gertatutakoa ezagututa eta gogoratuta bakarrik bermatu ahalko dugu bizi izandako drama hura berriro ez dela errepikatuko.


Taxio Arrizabalaga Azpiroz, Egiari Zor Fundazioaren kide da.


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude