Konfiantza sortu, korapiloak askatu

2013an antolatu zen lehenengo aldiz Foro Soziala eta berehala finkatu zituen jarduteko bere gidalerro nagusiak: hamabi gomendio, adostasunak lortzeko prozesu oso zabal eta transbertsal baten ondorioz erdietsitakoak. Gaur egun, oraindik ere, gure printzipio gidariak dira gomendio horiek, eta argi erakutsi dute oso eraginkorrak direla urteetako liskar biolentoen ondorio latz eta korapilatsuei irtenbidea emateko.

Foro Soziala: bost urte erronkei aurre egiten eta aurrerapausoak ematen

Lokarriren eta Bake Bidearen eskutik sortu zen Foro Soziala, eta gaur egun, 18 gizarte-erakundek osatzen dute. 2015ean, Lokarri desagertuta eta 2011n hasitako prozesua geldi zegoela, berregin egin zuten Foroa. Horrela, bada, 2016an Foro Sozial Iraunkorra abiarazi zuten, zeinak gaur egungo jarduera egonkorraren fasea finkatu baitzuen. Jarduera horren helburua da elkarbizitza demokratikoa eraikitzea, hiru ardatz nagusiren inguruan: aurrerapausoak ematea indarkeriaren edozein adierazpideren biktima guzti-guztiek dagokien aitortza jaso dezaten, eta egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubideak ere aitor dakizkien; irtenbide integrala ematea preso dauden guztiak berriro gizarteratzearen problematikari (Euskal Herriaren kasuan, espetxetik bertatik hasten da prozesu hori); eta errelato guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa eraikitzea. Hasieran, lau izan ziren lanerako ardatzak, baina armagabetzea modu arrakastatsuan itxita dago, 2017tik.

Genero-ikuspegia, hitza armagabetzea eta “beste bake prozesuen esperientzietatik ikastea” deitzen duguna dira beste hiru lan-ildoak.

Jatorrizko 12 gomendio haietarako, eta osteko prozesu osoan zehar ere bai, nazioarteko gatazka osteko testuinguruak aztertzea izan da Foro Sozialaren erreferentzia nagusia, eta ikustea horietan zelan aplikatu dituzten nazioarteko estandarrak. Beraz, Foroak lanerako egindako proposamenak eta metodoak ez dira ezerezetik sortuak: beste prozesu batzuetan jada saiatutako ideietan oinarritzen dira. Saiakera horien muina egokitu, eta gurean nola aplikatu aztertu du erakundeak (gure prozesuak baditu-eta bere berezitasunak). Era berean, azpimarratu beharra dago gatazkak konpontzeko nazioarteko eremu akademikoetan, gurean erabilitako formulak ikertzen hasiak direla. Adibidez: armagabetze zibilean eta, neurri batean, ETAren desmobilizazioan erabilitako «triangulazioa» (gobernuak, gizarte zibila eta ETA).

Joan den uda hasieran, esaterako, euskal kasua aztertu zuten Suedian, armagabetze, desmobilizazio eta gizarteratze (DDR) prozesuen dinamizatzaileen topaketa batean. Gurean izandako gatazkak ez du aitorpen ofizialik jaso, baina gatazken parametro gehienak betetzen ditu. Aitortza eza horrek, DDR prozesuak zailtzen baditu ere, ez du horiek aplikatzea ekiditen. Gaian adituak direnek esaten dutenez, DDR prozesu bakoitza bat eta bakarra da, eta, beraz, horien ezaugarririk behinena da testuinguruari egokitzen jakitea. Eta, argi dago, nazioarteko estandarrek lagundu egin digute aurrera egiten.

Aurrerapenak eta erronkak

Ukaezina da 2013tik, eta, bereziki, 2015etik, gauza asko aldatu direla. Kontu batzuetan, gainera, nabarmen egin du aurrera «euskal gatazka» delakoaren konponbideak. Pentsa ote zitekeen, garai hartan, akordio politiko eta sindikal zabalak emango zirela preso gaixoen egoeraren, eta haiek hurbiltzearen inguruan? Horrelako akordioak egon badaude, bai EAEn, bai Nafarroan. Eta EAEko udaletxeen kasuan, sakabanatutako presoak dituzten guztietan, mozio bat onartu dute.

Pentsa ote zitekeen Rosa Lluch eta Ane Muguruzaren arteko topaketa ikusiko genuela? edota ETAren biktimak entzungo genituela presoak hurbiltzearen alde mintzatzen, azkenengo hilabeteetan entzuten ari garen moduan?

Pentsa ote zitekeen erakundeek, politikariek eta gizarteak aitortu egingo zutela gatazka honetan indarkeria baten baino gehiagoren biktimak badaudela, eta guztiek merezi dutela egia, justizia eta erreparazioa? Bada, gaur egun, inork ez du hori ezbaian jartzen. Dena dela, pauso garrantzitsuak eman behar dira, oraindik ere, egia eta erreparazioa gauzatzeko eta berdintasunezko aitortza emateko.

Pentsa ote zitekeen presoek emandako urratsak eman, eta hartutako erabakiak hartuko zituztela (espetxe-legeria arruntak gizarteratzeko prozesuetarako aurreikusitako ibilbideei ekiteko urratsak eta erabakiak, hain zuzen)? Are gehiago, pentsa ote zitekeen presoek hala egingo zutela, Estatuak duela 30 urte ezarritako salbuespenezko espetxe-politikari eutsita ere? Zentzu horretan ere, espetxe-politika horrekin amaitzearen aldeko jarrera da nagusi gizarte zibilean eta haren erakundeetan.

Bada, hori guztia gertatu da faktore askok bat egin dutelako; zenbait agenteren arteko etengabeko elkarrizketa-prozesuak egoerari lagundu diolako; adostasun globalik lortu ezean, akordio-puntuak bilatu direlako; eta hitz egiten jarraitzeko borondatea egon delako. Oinarri sendoa, beraz, gizarte zibilaren inplikazioa bilatzeko. Foro Sozial Iraunkorrak uste du gizarte zibilak markatu izan duela gatazka konpontzeko agenda; mekanismo berritzaileak bilatu, eta korapiloak askatzen joan dela; alderdien arteko elkarrizketa sustatu duela, hori ezinezkoa zirudienean. Itsusia da Foroak berak esatea, baina, berez, azken urteotako lorpenetako bat ere ez zen posible izango gizarte zibilaren hausporik gabe.

Izan ere, gizarte zibilaren rola izan da frustrazioa haustea lortu duen prozesuaren oinarrizko lezioetako bat —zeren, 2011 eta 2016 bitartean izandako blokeoek, horixe ekarri baitzuten: frustrazioa—. Beste kontu garrantzitsu batzuk ere, gizartearen lan horri esker bideratu dira (ETA desegiten lagundu duen armagabetze zibila, adibidez). Gauzak horrela, une honetan, funtsezkoak diren bi gairi egin behar die aurre gizarte zibilak: biktimak (guztiak), eta presoak eta iheslariak. Harold Good apaiz irlandarrak Euskal Herrira egindako bisitan esan bezala, gai horiek biak ez daude kontrajarriak: kontua ez da biktimak ALA presoak, biktimak ETA presoak baizik.

Biktima guztiak

Paper berezia dute biktimek, gatazka konpontzeko euskal ereduan. Biktima guztiei buruz ari gara, bai aspaldi aintzatespena jaso zuten horiei buruz, baita azken urteotan hala aitortuak izan direnei buruz ere.

Urte askoan zehar isiltasuna eta aitortzarik eza izan dira nagusi. Alabaina, herri honetako biktima gehienak ez daude errebantxa- edo mendeku-eskema batean, elkarbizitza eraikitzeko gogoz baizik. Halaxe egiaztatu du Foroak, haiekin izandako bileretan; eta horixe ematen dute aditzera, era berean, elkarte eta norbanako batzuek joan den udan bertan egindako adierazpenek. Beraz, begirunea eta aitortza handia zor diegu.

Elkarte batzuekin, elkarteetatik kanpoko biktimekin, eta biktimekin lan egiten duten elkarteekin bildu gara. Horrez gain, indarkeria desberdinen biktimen arteko zenbait topaketa publiko antolatu ditu Foro Sozial Iraunkorrak —topaketa horiek, gainera, eragin handia izan zuten bertan izan eta parte hartu zutenengan, beste egiak aditzeko eta beste sufrimendu batzuekin enpatizatzeko topagunea sortu baitzen—.

Ororen gainetik, egia ezagutzea da garrantzitsuena alde guztientzat. Horixe da, hain zuzen ere, haien eskaera nagusia: egia ezagutzea, eta, egia hori erreparazio-tresna gisa hartuta, erreparazioa lortzea erakundeengandik, eta gizartearengandik ere bai. Ez dago mehatxuan, mendekuan edota espetxeratzean oinarritutako planteamendurik. Dagoena da duintasuna berreskuratzeko beharra, orain arte inguruan sentitu duten iluntasun horretatik irteteko beharra.

Lehentasunezko ardatza dira biktimak Foro Sozial Iraunkorrarentzat. Badakigu oso gai zail eta delikatua dela, eta pertsonen intimitatean eta sentimenduetan eragiten duela. Baina badakigu, era berean, beharrezkoa dela kontuari heltzea aurretik juzgatu eta beldurrik gabe; biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko helburu argiarekin; eta nazioartean gero eta finkatuago dauden parametroei jarraituta.

Udazkenean V. Foro Soziala landu dugu. «Egia ezagutzeko eskubidea: biktimek aitortza eta erreparazioa jasotzeko mekanismoak» izenburuak ezin hobeto laburbiltzen du zein fasetan gauden.

Presoak eta iheslariak

Gertakari garrantzitsu bi izan dira armagabetze zibila eta ETAren behin betiko desagertzea. PPren Gobernuak eta Estatuak espetxe-politikari buruzko beren jarrera desblokeatzea ekarri behar zuten. Lehenengoari dagokionez, PPren Gobernuko Barne ministroak berak esan zuen ETA desegiteak urruntze-politika amaitzea ekarriko zuela. Alabaina, ez da hala izan, eta, Pedro Sánchezen Gobernuak politika hori aldatzeko borondatea erakutsi badu ere, oraindik ez dute pauso esanguratsurik eman zentzu horretan.

2017ko apirilaren 9an, armagabetzearen biharamunean, Foro Sozial Iraunkorrak eta zenbait eragilek lanari ekin genion, gutxieneko akordioak ekarriko zituzten elkarrizketa pluralerako guneak sortzeko. Finean, desberdinen arteko beharrezko konfiantza eraikitzea zen kontua, preso eta ihes eginda zeudenak berriro gizarteratzeko «bide-orri» bat zehazten joateko –izan ere, IV. Foro Sozialean haien arazoak aztertu, eta bide-orri horren oinarri izan zitezkeen zenbait ondorio lortu genituen–.

Zaila izan da bidea, baina, ekin eta ekin, lortu dugu gure herrian adostasun zabal eta sendoa egotea «konponbiderako premiazko agenda» baten inguruan, zeinak bost puntu dituen:

  • Preso gaixoak eta 70 urtetik gorako presoak.
  • Presoak hurbiltzea.
  • Lehen gradutik bigarrenera igarotzea.
  • Frantzian betetako zigorrak metatzea.
  • Espetxe alorreko transferentziak.

Gobernu berria dago Madrilen, eta, beraz, gaia bideratzeko aukera berriak zabaldu dira. Izan ere, arazoak ez die presoei bakarrik eragiten: haien senitarteko eta hurbilekoek ahalegin handiak eta bidaia luzeak egin behar dituzte preso daudenak ikusteko eta familia-bisitak egiteko.

Kasu horretan ere, triangulazio-metodoa aldarrikatzen du Foro Sozial Iraunkorrak: gobernuek, presoek eta gizarte zibilak akordio zabal, inklusibo eta transbertsala lortzea. Bai. Presoek ere parte hartu behar dute prozesuan, hura arrakastatsua izango bada, eta elkarbizitza demokratikoa ekarriko badu. Presoek, ziegan, bakarrik, ezin dute gizarteratze-plana diseinatu; eta, bestalde, ezinezkoa da plan hori kanpotik diseinatzea, haiek aintzat hartu gabe. Triangulazioak, beraz, parte-hartze horretarako aukera ematen du. Indarreko legeria errespetatuko duen gizarteratze-formulak pentsatu beharko ditu mekanismo horrek; eta, presoek, beren aldetik, espetxe-legeriaren, eta eragindako oinazea aitortzearen bidea ibili beharko dute.

Lerro hauek idazteko unean, baina, moteldu egin dira hasierako itxaropenak. Zenbait arrazoi tarteko, Pedro Sánchezen Gobernua zailtasunak izaten ari da salbuespenezko espetxe-politikarekin amaitzeko –hala egiteko borondate argia agertu badu ere–. Dena dela, zantzu txikiak badaude, eta erakusten dute posible dela helburu hori errealitate bihurtzea, irmotasunez lan egiten bada, konfiantzak eraikitzen badira, akordioak lortzen badira.

Frantzian, hemen proposatutakoaren antzeko mekanismoak fruituak eman ditu jada: Ipar Euskal Herritik hurbil dauden espetxeetara hurbildu dituzte hainbat euskal preso (Baionako espetxean ez dago guztientzako tokirik), eta emakumeentzako konponbidea ere adostu dute (ez dago-eta emakumeentzako espetxerik hain hurbil).

Azpimarratu beharra dago, era berean, biktimei informazioa eman, eta aditu egin behar zaiela. Interes orokorrean oinarritutako politika publikoak babestu behar dituzte gobernuek, eta, beraz, kasu honetan, zera dagokie: eskubideak bermatzea, eta iraganeko gatazka latzaren ondorioak gaindituko dituen elkarbizitza garatzen laguntzea.

Memoria inklusiboa

Azkenik, beste erronka zail bati aurre egin behar dio gure gizarteak: gertatutako guztia zelan kontatu eta zelan onartu. Ikusi dugu adostasuna handia dela biktimei eta presoei dagokienean. Alor honetan, ordea, ez da hala gertatzen. Elkarrengandik urrunegi eta elkarri kontrajarriegi daude batzuen eta besteen ikuspuntuak, oraindik ere. «Errelatoaren gatazka» aipatu izan du norbaitek. Foro Sozial Iraunkorrekook, aldiz, nahiago dugu lan egin memoria inklusiboaren ikuspuntutik. Inork ez du egia bakarra, ez eta egia osoa ere. Alde guztiak kontatuta eta adituta baino ez dugu lortuko egia guztiak barne hartuko dituen memoria batera hurbiltzen joatea.

* Agus Hernan eta Nekane Altzelai, Foro Sozial Iraunkorreko kideak dira.

@hernan_agus @ForoSoziala

Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude