#02 Herriak – Euskal Herriko bake prozesuaren monografikoa

Herriak aldizkariaren zenbaki berri bat aurkezten dizuegu. Ez da beste aldizkari bat, baizik eta Euskal Herriko bakearen eraikuntzaren inguruan osatu dugun monografiko bat. Herri-komunikazioak, komunikabide hegemonikoen agendetan agertzen ez diren istorio, eragile eta protagonistei ahotsa emateko tresnak dira. Are gehiago, komunikabide hegemonikoek satanizatzen dituzten deabruak beste modu batera irudikatzeko aukera ematen dute. Eta horregatik, monografiko hau egin dugu. Batzuentzat zenbait urrats eta barne-eztabaiden emaitzak berandu iritsi diren arren, aldizkari honen bidez bakearen eraikuntzan aldebakarreko erabakiak hartu dituzten eragileei ahotsa eman nahi diegu, eta era berean, balorean jarri estrategiak aldatzeko egin duten lana.

Bakea eta Duintasuna Elkartea, 1995ean sortutako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da. Lankidetza eta elkartasuna internazionalistan egiten dugu lan, Ertamerikan, Kolonbian, Palestina eta Senegalen. Eta era berean, Eraldaketa Sozialerako Hezkuntzan eta ikerketa arloan beste proiektu batzuk gauzatzen ditugu Euskal Herrian, besteak beste, OMAL (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) eta orain arte, Pueblos aldizkaria deitu izan dena eta aurten amaiera eman dioguna.

Azala. Egilea: Unai Zorriketa.

Gure lan esparruetako bat bakearen eraikuntza izan da. Aspaldi, Ertamerikan bakea sendotzeko sortu diren hainbat herri-prozesu laguntzen egon gara; eta azken aldian, Kolonbiako bake prozesua(k) gertutik jarraitu ditugu, horietan parte-hartu duten herri-eragile ezberdinak lankidetza proiektuen bidez lagunduz (Congreso de los Pueblossarean saretzen diren eragileak kasu), edota, eragite politikoa egiten bake akordioak eta bake prozesua(k) babesteko. Pueblos aldizkaria eta OMAL izan dira horretarako tresnak, baina 2012ean “Bakearen eraikuntza eraldatzaile eta parte-hartzailearen” inguruko koaderno bat argitaratu genuen ere. Bertan, bake positibo eta negatiboari, bake eraldatzailea deritzona gehitu genuen, alegia, biolentzia politikoa sortu duten egiturazko arrazoiak konpontzera bideratuta dagoen bakea, bizikidetza eredu berriak modu parte-hartzailean eraikitzea aldarrikatzen duena eta, era berean, herrien parte-hartzea bakearen eraikuntzaren erdigunean jartzen duen bakea.

Zentsu horretan, 2016an Euskal Herrian sortu zen Foro Sozial Iraunkorraren dinamikak, gure elkarteak zituen lan-ildoekin bat zetorren. Foro Sozialak beste bake prozesu batzuetan herri-mugimenduak dituzten aldarrikapenak gauzatzeko sortu zen, hau da, herritarren parte-hartzea bakearen eraikuntzan. Eta hori da Foro Soziala, herri-eragile anitzek ikusle izatetik, prozesuaren protagonista izatera pasatzea. Eta horietako protagonista bat Bakea eta Duintasuna Elkartea izan zitekeen. Beste era batera esanda, horizontaltasuna vs bertikaltasuna. Eta horrela hasi ginen Euskal Herriko bake prozesuan gure ekarpentxoa egiten.

Elkarte internazionalista gisa, gure egitekoa Foro Sozialean argia zen, beste bake prozesuetako ikasketak eta ezagutzak gurera ekartzea, alegia. Eta horretarako, Foro Sozialaren egituran ardatz bat sortu zen gai hau lantzeko. Hilabete hauetan izan dugun erronkak asko izan dira. Batetik, gure sektorearen agendan lehentasuna izan ez duen gai bat kokatzea; zentsu horretan, ETAren armagabetzean eta desegitean zenbait GGKEk eta herri-mugimenduk sinatutako bi adierazpen argitaratu genituen. Eta bestetik, apirilaren 11n Donostin, “DDRa euskal kasuan” Hitzorduak antolatu genuen, Kolonbia, Ipar-Irlanda, Kongo eta Filipinetako adituak gonbidatuaz bertako bake prozesuetatik ezagutzak eta irakaspenak trukatzeko.

Argitaratu berri dugun aldizkariak hainbat urtetako lanagatik lortutako emaitzak islatzen baditu ere, oraindik Euskal Herrian bakea errotzeko bide luzea geratzen zaigu. Monografikoaren orrialdeetan horietako erronka batzuk aurkituko dituzu, baina gure sektoreari dagokionez premiazko bi faktore lortu behar ditugu: batetik, Euskal Herrian GGKEn eta herri-mugimendu internazionalisten gehiengo sozial bat sendotu eta artikulatu bakegintzaren sustapenean; eta bestetik, estatu espainolean gatazkaren ondorio guztiak konpontzen lagunduko duen korronte politiko eta sozial bat sortu.

 Bitartean, espero dugu aldizkari honetan aurkituko dituzun eduakiak duela urte batzuk hasi genuen ibilbideaz jabetzen laguntzea eta bakegile bihurtu zaitezen ahalduntzeko tresna izatea.

Informazio gehiago:
info@revistapueblos.org

Jarrai gaitzazu:
@tantakatv
@pazcondignidad


Sarrera

Nondik-Nora

  • Konfiantza sortu, korapiloak askatu (Agus Hernan eta Nekane Altzelai).

Mihi-luzeak

  • Josetxo Arizkuren (EPPK): “Erabakitasun handiz ari gara mugitzen guretzat berriak diren zenbait eremutan, eta Kolektiboaren jokabide horrek harridura eta nahasmendua eragiten du gobernu, Espetxe Erakunde eta organo judizialetan” (Eneko Calle García).

Sakonean

  • Euskal gatazkaren «argitu gabeko» kasuak, eta biktima guztiek egia ezagutzeko duten eskubidea asetzeak dakarren erronka (Taxio Arrizabalaga Azpiroz).
  • Etxean eta bizirik nahi ditugu, etxean eta bizirik egon nahi dugu! (Kepa Petralanda).

Feminismoa

  • Zuriñe Rodriguez eta Oihana Etxebarrieta: “Ezin dugu ulertu Euskal Herrian dagoen generoaren eraikuntza gatazka armatu eta politikoaren irakurketa bat egin gabe” (Eneko Calle García).

Gaurko Heroiak

  • Bakea guztion kontua da (Olatz Prat Aizpuru).

Txikitik Handira

  • Irlandako Iparraldea: erronka berriak eta zaharrak 20 urteren bueltan (Amaia Álvarez Berastegi).
  • Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeak bakegintzan (iker zirion landaluze).

Kulturaktua

  • Komunikabideak: biktima eta agente euskal gatazkan eta (baita ere) haren konponbidean (Teresa Toda Iglesia).

Herriak 2 – Euskal Herriko … by on Scribd


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude