Errefuxiatua

Bagenuen, guk, jolas bat umetan: hitz bat aukeratu eta esanahia galtzen zuen arte errepikatzea: “euria, euria, euria, euria...”. Nago, gisako zerbait ez ote den gertatzen komunikabideetan etengabe entzuten dugun hainbat terminorekin; esanahiz husten, pisua galtzen, joaten direla harik eta haizeak eroaten dituen arte.

Jolasari buelta ematea dagokigu guri, hitzak bana-banaka hartu eta betetzea; esanahia, etimologia, testuingurua itzultzea eta ondoren, horiekin zer egin erabakitzea. Adibidez:

Errefuxiatua: gerra baten ondorioz, pentsamolde jakin batekoa izateagatik (politikoa zein erlijiosoa) edo identitate zehatz bat edukitzeagatik (generoari edo arrazari dagokionez), sorterritik erbestera ihes egin behar izan duen pertsona.

Gerra: etnia, herri edo estatu jakinen arteko borroka armatua; Sahara, Libia, edo Somaliakoa; Ukrainakoa; Kurdistan, Siria edo Palestinakoa… Erlijioa: jainkotasunaren eta gizakiaren arteko erlazioa definitzen duen sinesmen-multzoa (alegia, ideologia); Euskal Herrikoak kristaua, islamiarra, judua eta budista dira besteak beste. Politika: herri edo estatu bat gobernatzearen jarduera edota jarduera horri dagozkion jakintzak (boterea eta bere kudeaketa, alegia).

Arraza: ezaugarri hereditarioak (gorpuzkera, aurpegiera, azalaren kolorea) partekatzen dituen indibiduo-multzoa; SOS Arrazakeria-ren arabera, xenofobia instituzionala ugaritzen ari da Espainiako Estatuan. Generoa: eraikuntza sozial eta kulturala, sexu biologikoaren araberako bereizgarrietan oinarritua; milaka dira genero-eraikuntzarekin loturiko arazoengatik asilo-eskariak egiten dituzten lagunak; ordea, CEARek salatzen duen lez, medioek inbisibilizatu egiten dute kolektibo hori.

Sorterria: norbait jaio den herria; Aaiun eta Iurreta; Hassanna Aalia eta Joseba Sarrionandia. Erbestea: arrazoi politikoak direla medio, bizilekutzat hartutako atzerriko herrialdea; Errusia eta Ginea; Dolores Ibarruri “Pasionaria” eta Miriam Makeba “Mama Africa”.

Ihes egin: eskapatu, hanka egin, ihesari eman, itzuri. Pertsona: giza espezieko banakoa; adibidez, Tijuanan hesia noiz saltatuko dagoen gaztea; adibidez, zu, hitz bat esanahiz bete berri duen irakurlea.

@MirenAmuriza


Miren Amuriza Plaza bertsolaria eta Berriako kolaboratzailea da.


#01 Herriak – Abendua 2017 aldizkarian argitaratutako edukia.


Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude