Kapitalismo osteko ekonomiak eta gizarteak lortzeko trantsizio proposamenak. Erresistentziak, arauketak eta alternatibak

Mundu mailako kapitalismoa hedatzearekin eta enpresa handien boterea handitzearekin batera gizarte borrokak mundu osoan zehar ugaritu dira. Borroka hauek, kolokan jartzen dute enpresa transnazionalek “garapen” ereduan duten nagusitasuna. Azken hamarkada hauetan, hazkunde ekonomikoa eta sektore pribatua gizarte osoaren “aurrerapenaren” oinarritzat hartzen dituen ikusmolde hegemonikoaren aurrean, gure bizitzaren gero eta esparru gehiago merkantilizatzeari eta pribatizatzeari aurre egiten dioten erresistentzia prozesu ugari sortu dira. Esperientzia hauek, gizarte erakunde eta mugimendu emantzipatzaileek bultzatu dituzte neurri handi batean eta, hala, bada, modernitate kapitalistari alternatiboak diren paradigma eta erreferentzia markoak gorpuztu dira.
Virginia Pedrero.
Virginia Pedrero.

Kapitalismo osteko ekonomia eta gizarteak lortzeko trantsizio proposamenak sortze aldera, diskurtso eta ekimen kontra-hegemoniko berri hauek ikuspegi hirukoitza erabiltzen dute. Lehenik, kapitalaren hedapena ikertu eta salatzen duen erresistentzia dinamika bat erabiltzen dute, honek ekonomian, politikan, gizartean, ingurumenean eta kulturan dituen inpaktuak geldiarazteko asmoz. Bigarrenik, gaur egungo eredu sozioekonomikoan, pertsonen eta herrien eskubideak, gutxienez, enpresa handien negozioak babesten dituen lex mercatoria horren maila beran jartzeko, arauketa logika bati jarraitzen diote, kontrol-mekanismoak pentsatuz eta birbanatze proposamenak eginez. Eta, hirugarrenik, alternatibak sortzearen aldeko apustua egiten dute. Horretarako, eredu hegemonikoaren aurrean, garapen eta gizarte eredu desberdinak sortu nahi dituzten proposamen konkretuak bultzatu eta martxan jartzen dituzte, orain eta hemen, enpresa transnazionalei autonomia eta ekonomia burujabetza kuotak kendu ahal izateko.

Erresistentzia, arauketa eta alternatiba dinamika hauek, aldi berean egiten dute aurrera, paraleloan eta era dialektikoan, prozesu logika baten markoan eta trantsizio ikuspegi batekin. Testuinguru honetan, hiru ikuspegi hauek osagarriak dira eta hirurak gobernu, enpresa eta gizarte-erakundeak interpelatzen dituzte Karl Polanyik “irabaziaren eragingarri” deitutako horretan (Polanyi kapitalismoaren sorreraz ari zen eta belaunaldi baten epean, mundu osoa irabazi-asmo horren eragin mingarriaren menpe geratu zela egiaztatu zuen) oinarritzen ez diren sistema sozioekonomiko desberdinak sor ditzaten[1].

Inpaktuetatik borroka eta erresistentzietara

Korporazio handiek botere ekonomiko, politiko, juridiko eta kultural handia mundu-mailako kapitalismoak azken bi mendeetan izandako eboluzioaren emaitza da; alde batetik enpresa transnazionalek eragin izugarria dute gure bizitzaren alor gehienetan eta, bestetik, curriculum handia dute euren negozio-bideak, mundu osoan zehar, gizartean eta ingurunean sortzen dituen inpaktuei eta giza eskubideen urraketei dagokienez[2]. Gero eta gehiago, munduko testuinguruaren oinarrian ezedukian oinarritutako pilaketa eta gutxiengo bat (banku handien eta enpresa multinazionalen jabe den gutxiengo bera) aberastasun guztiez jabetzea daude. Ondorioz, ez da harritzekoa enpresen boterearen kontra erresistentzia prozesu ugari sortu izana.

Erresistentzia eta gizartearen kontestazio dinamikak enpresa handiek (hasieran estatubatuarrek eta gero europarrek eta asiarrek ere), hazkunde eta pilaketa logikak sakonduz, euren operazioak beste herrialdeetara hedatu zituztenean hasi ziren. Beraz, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako langileen mugimendua eta gaur egungo komunitate eta herri indigenen borrokak hari gorri fin batek lotzen ditu. Ordukoak lanbaldintzak hobetzeko eta enpresairabaziak banatzeko borrokatzen ziren eta gaurkoak, ordea, meatzaritza eta petrolio-erauzketa enpresen kontra. Aurreko mendean enpresa askoren kontrako erresistentzia kanpaina ugariak ere ezin dira ahaztu: esaterako, United Fruit Company (gaur egun, Chiquita Brands), Nestlé, Shell, Nike, McDonald’s, Coca-Cola, Chevron-Texaco eta beste transnazional askoren kontra egindakoak[3].

Erresistentzia prozesu hauek enpresa handiei zuzentzen zaizkie, hauek herriengan eta ingurumenean duten inpaktu zuzenak gelditzeko (edo, behintzat, minimizatzeko) helburuz. Prozesu hauetan, lan eta gizarte eskubideak lortzeari dagokionez, historikoki funtsezkoak izan diren langileen mugimendua eta erakunde sindikalak ez dira jadanik aldarrikapenen eragile bakarrak. Izan ere, transnazionalen eta gizarte osoaren arteko harremana ez dagokio lanari bakarrik. Hortaz, ekintza kolektibo berri hauetako asko (batzuk, gizarte-mobilizazio kutsu handikoak, besteak, salaketari eta eragin politikoari bideratuagoak) enpresa hauen inpaktuak gehien pairatu dituzten pertsona eta kolektiboek bultzatu dituzte, hala nola, erabiltzaileek, kontsumitzaileek, nekazariek, indigenek, ezegonkortasuna pairatzen duten langileek, langabeek, aktibistek…

Latinoamerikaren kasu zehatzean, horrez gain, kapital transnazionalaren kontrako herritarren erresistentzia prozesu hauek erabakigarriak izan ziren gehiengo sozialak eratzen laguntzeko. Hala, gehiengo sozial hauek Washingtoneko Kontsensuko gestoreak gobernuetatik bota zituzten eta “gau neoliberal luzea”ri azkena eman zioten.

Hau da, esaterako, Boliviaren kasua. Bertan, ezin da Evo Moralesen garaipena ulertu aurreko urteetan, hain zuzen, “uraren gerra”tik “gasaren gerra”ra arteko urteetan egindako mobilizazio oldea aintzat hartu gabe. Haatik, aldaketaren gobernu hauek, erresistentzia etapa gaindituta (hobeto esanda, leunduta), dualtasun berri batean ikusten dute euren burua. Dualtasun hau, azken finean, hemen “instituzioak hartu” nahi izan dituzten eta gobernu ardurak izango dituzten herritar-alderdiek bizi izaten ari diren bera da: bilatu behar al da enpresa transnazionalekin elkartze taktikoa (arauketan aurrera egiteko) edo egin behar al da garapen eredu berri baten aldeko apustu estrategikoa (proposamen alternatibo bat sortuz), desazkundearen, bizitze onaren eta ekofeminismoaren moduko paradigmetan inarri hartuta?

Kontrol-mekanismoak edo proposamen alternatiboak?

Egia esan, arauketa eta alternatibaren arteko, eta “merkatuen” boterea mugatzeko kontrol mekanismoen eta kapitalismo osteko trantsizioan aurrera egiteko proposamenak sortzeko premiaren arteko tentsio horretan ari dira enpresa handiei gizarte- eta ekonomia-ereduaren nagusitasuna kendu nahi dieten iniziatiba gehienak. Eta jabetza pribatuak eta hazkunde eko- nomikoak kolonizatu gabeko espazio gutxi dagoenez (mundu-mailako kapitalismoan ez dago “kanpoalde”rik), esperientzia hauetako askok arauketa eta alternatibaren ikuspegi bikoitz hori erabiltzen dute.

Trantsizio proposamen beraren zati gisa, joera bi hauek uztartzen dira: alde batetik, dauden legeak hobetzea eta nazio-mailako eta nazioarteko arau berriak sortzea exijitzen zaizkie gobernu eta instituzio aldeaniztunei (gardentasuna eta kontuak ematea, enpresa handien praktiken ebaluazioa eta segimendua, bidezko zerga-sistema, etab.); bestetik, gizarte zibileko erakundeek “irabaziaren eragingarrian” oinarritzen ez diren proiektu alternatiboak jartzen dituzte martxan aniztasuna, kolektibitatea, demokrazia eta iraunkortasuna lehenesten dituzten emantzipazio-helburu berriak lortzeko asmotan.

Ildo biak era dialektikoan lotzen dira, baina ezin da ahaztu, Miren Etxezarretak esaten duen moduan[4], “ez direla gauza bera arazo espezifiko bat konpontzeko proposamen, baliabide eta tresna alternatiboa eta gizartea irauli nahi duen gizarte alternatiboa”. Gainera, hauek prozesu logika baten barruan ari dira eta “alternatiba borroka eta eraldaketa prozesu bera da, hau da, gizarte desberdin baten aldeko borrokan, egunerokoan eraiki behar den prozesua”.

Enpresa berreskuratuak, diru soziala, finantza zerbitzu solidarioak, banku etikoak, bidezko merkataritza, kontsumo kooperatiba agroekologikoak, erabilera eskubidezko etxebizitza komunitarioko proiektuak, elkarlaneko kooperatibak, gizarteratze enpresal, merkaturatze zirkuitu laburrak… Hauek, bakoitzak maila ezberdin batean eta potentzialtasun desberdin batekin, giza bizitzaren antolaketa modu desberdinak erakusten dituzte kapitalismoaren pilaketa logikaz kanpo.

Zentzu horretan, horietako batzuk transnazionalei botere-esparruak kentzen laguntzen ari dira, adibidez, Latinoamerikako zenbait herritan. Beste batzuk, hasi berri dira eta “esperientzia laborategi” bilakatzen dira. Hala, gizarte eta ingurumenarekiko praktika arduratsuak saiatzeko balio dute, ekonomia solidario, feminista eta ekologikoaren printzipioetan oinarrituz.[5] “Arrakasta izatekotan, esperientzia txiki hauek gehitze eta kopiatze nodoak sortuko dituzte hurrengo faserako. Ezinbesteko faroak, saiakuntza bankuak” dira, En la espiral de la energia liburuaren egileen esanetan[6].

Testuinguru honetan, erronka hau da: ekonomia beste era batera ulertzen duten benetako alternatiba bideragarriak antolatzen jarraitzea. Ekonomia kapitalista eta estatua gizarte antolaketaren oinarri gisa gainditzen saiatzen den gizarte-mugimendu ugari dago, eta horretarako elkartasunean, hurbiltasunean eta partehartzean oinarritutako alternatibak bilatzen ari dira. Eta ildo berean, demokrazia erradikala eta gizakien beharrak gizartearen eta ekonomiaren antolaketa berri baten gakoak dira. Antolaketa berri horretan ekonomiaren dimentsio produktiboa eta finantzarioa pertsonen eta bizitza zaintzearen menpe egon behar dira. Hau guztia, “merkataritza alternatiboaren agindu berria”n ageri den bezala, premisa nagusi batean oinarritzen da, hau da: “Giza eskubideak, demokrazia eta gardentasuna enpresa interes pribatuen aurrean lehenetsi behar dira, baita mundu guztiak kalitatezko zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera izatea, gizarte-babesa, lan- eta ingurumen-arauak”.


Pedro Ramiro (@pramiro_) Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiaren (OMAL) – Paz con Dignidad koordinatzailea da.

En castellano: “Propuestas de transición a economías y sociedades postcapitalistas. De resistencias, regulaciones y alternativas” 

Artículo publicado en el nº66 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2015.


NOTAS:

  1. Polanyik The Great Transformation (Eraldaketa Handia) liburuan idatzi bezala, “irabaziaren eragingarriak martxan jarritako mekanismoa, bere efektuei dagoienez, historian izandako erlijio-eztanda bortitzenarekin bakarrik konpara daiteke”.
  2. Ramiro, Pedro, eta González, Erika (2013): “Empresas transnacionales: impactos y resistencias”, Ecologista, 77. zkia.
  3. González, E., eta Ramiro, P. (2013): “Resistir a las transnacionales. Los movimientos sociales frente a las grandes corporaciones en Europa y América Latina”, hemen: Hernández, J.; De la Fuente, M.; De Vicente, A.; eta Iruzun, K. (argtz.), Empresas transnacionales en América Latina: Análisis y propuestas del movimiento social y sindical, EHU, Hegoa eta OMAL, Bilbo.
  4. Etxezarreta, M. (2014): “Reflexionando sobre las alternativas”, Dossieres EsF, nº 13. Ikus ere: Zenbait Egile (2013): Reflexionando sobre las alternativas, Informes de economía, nº 9, Seminari d’Economia Crítica TAIFA.
  5. González Reyes, M. (2012): “Alternativas”, hemen: Hernández, J.; González, E.; y Ramiro, P. (argtz.), Diccionario crítico de empresas transnacionales, Icaria, Bartzelona.
  6. Fernández Durán, R.; eta González Reyes, L. (2014): En la espiral de la energía, Libros en Acción y Baladre, Madril, 2. libk., 323. or.
  7. Mandato de Comercio Alternativo (2014): “Por una nueva perspectiva frente al comercio”.

Print Friendly, PDF & Email

One thought on “Kapitalismo osteko ekonomiak eta gizarteak lortzeko trantsizio proposamenak. Erresistentziak, arauketak eta alternatibak”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude