Yasuní: bizitza defendatzeko borroka

Ekuadorrek 'bizitze ona' edo 'sumak kawsay'-aren oinarriak betetzeko helburuarekin, gobernuaren politikek produkziomatrizearen aldaketa eta petrolio osteko ekonomiarako trantsizio energetikoa gehitzen dituzte, zeharkako ardatz gisa. Haatik, estatuak Amazoniako petrolio-ustiaketatik lortutako baliabideen bitartez lortu nahi du biztanleen ongizatea. Erabaki honek arriskuan jartzen du herri indigenen bizitza eta, hortaz, amazoniar emakume asko bizitza eta lurraldearen defentsan borrokatzera bultzatu ditu.

Emma Gascó.

Yasuní-ko parke nazioanala mendebaldeko Amazonia ekuadortarrean kokatzen da eta munduko bioaniztasunik handiena duten ekosistemetako bat da. Waorani herriaren arbasoen lurraldean dago eta, bertan, borondatez isolaturik dauden zenbait herri bizi dira. Herri hauek, ezin ukituzko zona delaratutako eremuan bizi dira.

Petrolio-ustiaketak beste lurraldeetan sortutako inpaktuek mobilizazioa eragin zuten 90ko hamarkada hasieran eta, horren ondorioz, Amazoniako eremu kalteberenak, besteak beste, Yasuníko parke nazionala babesteko proposamenak sortu ziren. ITT Yasuní Ekimena Ishipingo, Tambococha eta Tiputini-ko petrolioa lurazpian mantentzeko asmoz erakunde ekologistek sortutako alternatiba izan zen; izan ere, erakunde hauek petrolio osteko trantsizio baten alde egiten zuten.

2007an gobernura heldu zenean, Rafael Correa presidenteak ofizialki onartu zuen ITT Ekimena eta proposamen hura publikoki aurkeztu zion nazioarteko erkidegoari. Ekuadorreko estatuak 43. bloke izenez ezagutzen den eremuko erreserbak ez ustiatzeko konpromisoa hartuko zukeen hura ustiatuz gero estatuak lortuko zituzkeen irabazien erdia dohaintzen bidez jaso izan balu. Hala, ez zen ikutuko 800 milioi barriletan estimatutako petrolio erreserba eta ekidituko zatekeen 410 milioi tona CO2 isuritzea.

Ekuadorreko gobernuak defendatutako proposamenak nazioarteko arreta erakarri zuen, izan ere, lehenengo aldiz, erregai fosilen erauzketan oinarritutako garapen-eredua gainditzeko eta ingurumena errespetatzen duen eredu berri bateranzko trantsiziorako proposamen honek nazioarteko eragile publiko eta pribatu ezberdinak tartean sartzen zituen.

Dena den, ITT Ekimenarekiko atxikimenduak lortzeko kanpaina martxan zegoen bitartean, gobernua “B plan” bat jorratzen ari zen. Plan horrek, nazioarteko erkidegoak ezetz esatekotan, petrolio horren ustiaketa aurreikusten zuen.

2013ko abuztuan, Errepublikako presidenteak amaitutzat jo zuen “A plana” aurrera eramateko beharrezkoak ziren dohaintzak lortzeko epea eta Petroamazonas enpresa publikoak Yasuníko parke nazionaleko %0,1 ustiatuko zuela iragarri zuen. Sei urtetan, ustiaketa ekiditeko beharrezkoak ziren 3.600 milioi dolarren ehuneko 0,37 baino ez zen lortu. Rafael Correaren esanetan erabakia bere agintaldiko zailena izango zen baina herrialdeko pobrezia akabatzeko beharrezkoak ziren diru-sarrerak lortzeko bide bakarra ere bai.

Lurraldearen eta gorputzen gaineko indarkeria

Patrizia Gualingak urteak daramatza Amazoniako lurraldeen defentsan. 2002an sarayaku herriko Emakumea eta Familiako burua zen. Bere komunitateko beste zenbait kiderekin Costa Ricara bidaiatu zen eta Giza-Eskubideen Amerika arteko Gortean Ekuadorreko estatuari auzia jarri zioten sarayakuen lurraldean petrolio-enpresak sartzen utzi eta babesteagatik. Gorteak sarayaku herriari arrazoia eman zion eta estatuak barkamena eskatu behar izan zuen baina Amazoniako lurraldeek eta komunitateen bizitzak arriskuan jarraitzen dute Yasuníkoa bezalako erauzketa proiektuen eraginez.

Patriciak, urtez eta urtez, gertutik ikusi du multinazionalen jarduera eta iritzi argia du gobernuaren “B plan”aren ondorioen gainean: Bizitza eta petrolio-erauzketa bateraezinak dira. Isolaturiko herriak desagertzera behartuta daude”. Sarayakuen burua Yasuní parkeko hegoaldean bizi diren tagaeiri, taromenane eta oñamenane komunitateez ari da. Hauek borondatez bizi dira isolaturik baina isolaturik bizitzeko erabaki horrek egoera ahulean jartzen ditu kanpoan hartutako erabakien aurrean: “Isolaturik dauden herriek ez dute hitzik. Euren hitza isila da eta bakean uzteko eskatzen du. Gobernuak entzun beharko luke hitz hori edo etnozidio izugarria egingo du”.

Patriziak bezala, beste amazoniar emakume askok euren gain hartu zuten beren lurraldearen defentsa, izan ere, bizitzaz eta espirituz lotuta daude lurralde zuen, baina emakumeek euren buruzagien alde agertu ziren eta multinazionalak beren lurraldean egotea ez zutela nahi adierazi zuten.

Patriziak esan bezala, bizitza petrolio-erauzketarekin bateraezina bada, emakumeentzat are bateraezinagoa da, hauek autonomia galtzen baitute tradiziozko bizimoduak baztertzen direnean. Berrogei urteko ustiaketa Amazonian nahikoa da enpresekin batera zer datorren jakiteko: lurraldea militarizatzea, ura eta airea kutsatzea, alkoholismoa, indarkeria, prostituzioa…

Erauzketa-enpresek lurraldearen maskulinizazioa dakarte. Bertan botere-harreman asimetrikoak ezartzen dira; hain zuzen, ezer baino lehen, estatuaren errepresio-indarrek petrolio-ustiaketaren jarduera defendatzen dute. Komunitateetako gizonek enpresa horietan lan egitean tradiziozko lanbideak galtzen dira, genero-rolak indartzen dira eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak areagotzen dira; izan ere, gizonek soldata bat jasotzen dute eta emakumeek euren menpekoagoak dira.

Ustiaketa-proiektu bakoitzak puntako teknologia erabili badu ere, kasu guztietan kaltetu da lurraldea neurri batean. Aurten bakarrik, Petroamazonas estatu-enpresak 19 isurketa egin ditu. Hala, uraren eta airearen kutsadurak gaixotasunak sortzen ditu komunitateko kideen artean eta gaixo hauek emakumeek zaintzen dituzte, generorolen arabera. Era berean, emakumeek elikagaiak bilatu behar dituzte ur toxikoek txakra kutsatzen dutenean.

Erauzketaren kontrako mobilizazioak

Correa presidenteak Cadena Nacional[1] -era deitu zuen herritarrei ekosistema horren inguruan hartutako erabakia ezagutzera emateko. Gobernuaren “B plan”aren kontrako eta Amazoniaren aldeko erreakzioek Yasunidos herritar-mugimendua sortu zuten eta hau presidentearen kritiken jomuga bilakatu zen.

Gabriela Rurales ekologista militanteak Yasunidos herritarmugimenduaren antolaketan parte hartzen hasi zen. Gabyk eguneroko manifestaldiak gogoratzen ditu, ez Quiton bakarrik, herriko probintzia guztietan baizik. Aldez aurretik aktibismoarekin loturarik izan ez zuten pertsonen mobilizazioa mantentzea erronka bilakatu zen eta sinadurak jasotzeko kanpaina baten bidez lortu zen. Horren helburua 43. blokearen etorkizunaren inguruko herri-kontsulta lortzea zen.

Yasunidosak sei hilabetez egon ziren kalean eta 750.000 sinadura lortu zituzten. Kopuru hau kontsulta egiteko legeak eskatutakoa baino askoz handiagoa zen baina Hauteskunde Batzorde Nazionalak 350.000 baino ez zituen onartu. Gabrielaren ustez, prozesua iruzurrezkoa izan zen egiaztatze sistema ez baitzen fidagarria izan eta herritar-kolektibo honek larderia anitz pairatu baitzituen.

Gobernuak kritika ugari egin zion mugimendu ekologistari, ofizialismoaren ustez, honek ez baitzuen ezagutzen oinarrizko zerbitzu eskasak dituen eskualde horretako herrien egunerokoa. Prozesu horren testuinguruan, Amazoniako emakumeek, Yasuniko ustiaketaren kontra zeudela adierazteko helburuarekin, martxa bat egin zuten euren lurraldeetatik hiriburura, nahiz eta presidentearen hitzetan, proiektuak eskualdeko “miseria” deuseztatzeko dirusarrerak lortzeko helburua zuen.

Pobreziaren diskurtsoa eta bizitze ona

 

Presidentearen iritziz “inozoa” zen plan hori alde batera utzita, gobernuak ITT blokearen ustiaketarako proiektua aurkeztu zuen. Bere planteamenduan, hori zen gizarte bidegabekeria murrizteko eta ekialdeko probintziak azpiegiturez hornitzeko diru-sarrerak lortzeko alternatiba bakarra. Hain zuzen, 18.000 miloi dolarreko diru-sarrerak iragarri ziren: Amazoniako toki-gobernuek 2.140 milioi jasoko zituzten eta gobernu autonomoek, aldiz, 1.568 milioi.

Baliabide hauekin, beste zenbait azpiegituraz aparte, Milurteko Eskolen eraikuntza  iragartzen da. Eskola hauek hezkuntza estaldura handitzeko helburua dute eta komunitateetan ikasketekin jarraitzeko aukerarik ez zuten gazteek bertan ikasi eta bizi dira. 2008ko Konstituzioak andetar mundu-ikuskeraren sumak kawsay-a jaso zuen eta gobernuarentzat proiektu hauek bizitze on horrekin bat datoz.

Baina komunitate guztiak ez datoz bat indigenen pentsamoldeaz egiten duten interpretazio horrekin. Patricia Gualingaren ustez, sumak kawsay-a lortzeko natura esplotatzea kontraesankorra da: “Bizitze ona plano materialean ikustean ari da, plano espiritualetik eta ama lurrarekin armonian egotetik bereizita”. Sarayaku herriko lider honen iritziz, armonia ez da posible petrolio-ustiaketaz eta meatzaritzaz ari garenean, izan ere, “ez da sumak kawsay-rik ez bada natura errespetatzen”.

Patriciaren esanetan, komunitateen pobreziaren diskurtsoa “teoria arrazista” da, bertako testuingurua eta bizimodua ezagutu gabe, euren lurraldeetara euren ordez erabakitzera etortzen diren horien diskurtsoa. Bere herriko emakume lider gisa badaki badaudela gabeziak eta zenbait azpiegitura behar dela, baina horrek ez du esan nahi pobreak direnik: “komunitateak benetan pobretzen dira ura eta janaria erosi behar dituztenean eurenak kutsaturik daudelako”.

Ba al du justifikaziorik, beraz, lurraldearen zati bat sakrifikatzeak gainerako biztanleek ongizate handiagoa izateko? Gobernuak parkearen milako 1 ustiatuko dela esaten du baina erakunde ekologistentzat zenbateko hori engainagarria da; izan ere, petroleo-ustiaketarako azpiegiturak egiteko beharrezkoa den deforestazioa soilik hartzen du kontuan, eta ez ekosistemaren gaineko beste inpaktuak ezta komunitateen etorkizuna ere.

Mugimendu kontserbazionistak ITT Yasuní Ekimena defendatzen du, energia berriztagarriak garatzeko baliabideak lortzeko modu gisa. Horrez gain, kontserbazionistek kapital-errenten gaineko zergak igotzearen eta ezinbestekoak ez diren gastu publikoen murrizketaren alde agertzen dira.

Ustiaketaren kontra dauden herri indigenak erauzketan oinarritutako garapen-ereduaren aurka daude, ziur baitaude eredu horrek porrot egingo duela. Sarayaku herritik kawsak sacha, ohian bizidun kontzeptua defendatzen dute. Euren ustez, kategoria berri honek gizadiaren ondarea izan behar du eta naturaren eskubideez aparte horretan bizi diren izaki babesle guztien eskubideak ere aintzatestetsi behar dira, petrolio-ustiaketa behin eta betiko baztertuz

Kaltetutako lurraldeetako herrientzat bizitzaren babesak Amazonian herri indigenen borrokaz haratago joan behar du, lurraldea eta bizitzaren gaineko botere-harremanak akabatzeko ekintza kolektibo bilakatuz.


Cruz Tornay Marquez Pueblos-Informazio eta Eztabaida Aldizkariko erredakzio batzordeko kidea da.

En castellano: Yasuní: La lucha por la defensa de la vida

Nº64 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


OHARRAK: 

    1. Ekuadorren, hedabideek berehala eman beharreko komunikatu ofiziala.

Print Friendly, PDF & Email

Un pensamiento en “Yasuní: bizitza defendatzeko borroka”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *