Ezinbestekoak eta ez ikusiak. Emakumeak Kolonbiako ekonomian

“Garapena sustatzen dutela esaten dute eta, hemen, behintzat, gezur hutsa da” dio Naida Jimena Chaparrok. Bera El Quimbo proiektuak kaltetutako jornalarietako bat da. Bere hitzetan,“baztertu gaituzte. Lehen jornalariak ginen, kontratistak, eta deitzen ziguten lekura joaten ginen, baina lursail horiek guztiak Emgesak erosi ditu eta, gaur, abandonaturik daude”. Hala, Naida Jimenak Juan Manuel Santosen gobernuak sustatutako garapen-eredua bere lurraldean eta emakumeengan izaten ari den ondorioak azpimarratzen ditu. Agindutako aurrerabidea, berriz ere, “merkataritza libre”an, kanpo inbertsioan eta megaproiektuetan oinarritutako politiketan datza. 90ko hamarkadaz geroztik, politika hauek lurraldearen suntsiketa, gizarte-desberdintasunak eta giza-eskubideen urraketak larriagotu dituzte.
Emma Garco.
Emma Garco.

Politika hauen adierazgarri dira lore-hazkuntza eta El Quimbo-ko zentral hidroelektrikoaren eraikuntza. Kasu bietan, politika hauek ekologian, ekonomian eta gizartean sortutako eraldaketek ondorio latzak ekarri dituzte ekosistemetara eta gizartearen gehiengoarentzat. Era berean, gizarte-, ekonomia- eta lan-arloetan, gizon eta emakumeen artean berdintasuna lortzeko baldintzak suntsitzen dituzte. Hala, bada, gizarte-justizia eta giza-duintasuna berma lezaketen garapen-ereduak sortzeko aukera gero eta murritzagoa da.

Lore-industriak emakumeen gorputzetan sortzen dituen aztarnak

Bogotá-ko sabana, hiriburuko mendebaldean, neurri handi batean plastifikatua dago, Estatu Batuetara esportatzen diren loreak hazteko negutegien ondorioz. Jarduera hau Madrid, El Rosal eta Facatativa herrietan kokatzen da, besteak beste. Sektoreari “lore-industria” esaten zaio nahiz eta negutegian garatzen den eta ez fabrikan. Sektorea sei enpresa handik kontrolatzen dute[1] eta nazioarteko konglomeratu bezala funtzionatzen dute: produkzio katea Kolonbia eta Ekuadorren hasten da eta azken maila Amerikako Estatu Batuetan, Errusian eta Japonian ematen da.

Gaur egun, Bogotáko sabanako herri askoren lana lorehazkuntzaren baitan dago eta ez dago alternatiba askorik. Lursailak itxi edo lekualdatzeak desastrea ekar lezake, Facatativá-ko gobernuak adierazi bezala: “Ez dago hori jasan dezakeen herririk; gatazka sozial handiak sortuko lirateke”. Nazioarteko merkataritzaren eraginpean dagoen jarduera ekonomiko bakar baten menpe egoteak egoera ahulean jartzen ditu herri hauek. Lore-industriak egiten duen lurraldearen erabilerak beste nekazaritza-ereduak garatzeko aukerak murrizten ditu.

Lurra, ura eta agrokimikoak era intentsiboan erabiltzen dituen monolaborantza eskema hori nekazaritza industrialaren ereduan oinarritzen da. Langileek “maquila” lantegietako intentsitateaz egiten dute lan loreak ekoizteko: erein, gidatu, belar txarrak kendu, ureztatu, inausi, lore-begiak kendu, moztu… Hala, zortzi orduz eta, goi-denboraldian, 12 orduz egoten dira mozten[2], corduko 400 zurtoin moztuz, bataz bestez. Behin uzta eginda, landareak aukeratu, sailkatu eta sortatan antolatu egiten dira. Hala, orduko 400 eta 600  zurtoin arteko kopurua batzen da.

Esku-lan intentsiboa duten esportaziorako beste industrietan bezala, ehungintzan kasu, lore-industrian langile gehienak emakumeak dira. Hauek, gaur, langileen ehuneko 60 dira. Argitaratu berri dugun ikerketa batean frogatu bezala[3], lgizonak baino gehiago emakumeak daude lan honen menpe: horietako gehienak familia-buruak dira (langileen ehuneko 69)[4], ez dute lanbide-prestakuntzarik eta, euren seme-alabak mantentzeko esplotazio maila altuagoak jasaten dituzte. Hauek dira, negozioa errentagarriagoa egitearren, lan-eskubideen ahulezia areagotu eta lanaren kostua txikiagotzen duten baldintzak.

Azken urteotan, sektorean zenbait enpresa itxi behar izan dituzte eta lan-ezegonkortasuna larriagotu da. Honen arrazoiak, lore-industriako patroien arabera, beste herriekin dagoen lehia eta pesoaren balioaren igoera dira[5]. Estatuak sektorea sostengatzen du abantaila komertzialen eta diru-laguntzen bitartez baina, hala ere, langileak kaleratzen dituzte, lan erritmo intentsiboagoen eta malgutasunaren bidez solik mantendu omen baitaiteke enplegua. Alabaina, langileak ez datoz bat bertsio horrekin. Asociación Herrera elkarteko emakumeen esanetan enpresak “ez daude krisian”. Euren ustez, “ez dira esportazioak jaitsi eta [laboreak] Kolonbiako beste eskualde batzuetara zabaltzen ari dira. Krisia aitzaki gisa erabiltzen dute lana malguago bihurtzeko”. Untraflores sindikatuko bozeramaileak bat datoz ikuspegi honekin. Euren ustez, patroiak “beti kexatzen dira, baina krisia ez dute haiek jasaten”, izan ere, “gobernuak enpresei diru-laguntzak ematen dien bitartean, hauek, lan-karga handitzearen bidez, krisia langileen gain jartzen dute”.

Lore-industriako langile batek egunero jasan behar izaten ditu behin-behinekotasuna, gizarte-laguntza eza, soldata baxuak, lanaldi luzeegiak goi-denboraldian eta produkzio-xede intentsiboagoak. Benilda enpresako langile ohia den Ofelia Gómezek lanaldi luzeak deskribatzen ditu: “Goizeko seietan sartu eta ez genekien zer ordutan irtengo ginen”. Ez da harritzekoa, beraz, sektorean gaixotasun profesional ugari egotea. Langileen gaixotasunak ugaritzen doaz negutegietan denbora ematen duten heinean. Bestalde, Flores Colón enpresako langile ohia den Floralba Zapatak bere egoera azaltzen digu: “Ebakuntzak egin behar dizkidate besoko tendoietan, errotatzaileen zorroan, klabikulan… dena artazien ondorioz”.

Erika González.
Erika González.

Langileek pairatzen duten presioak euren etxean jarraitzen du; izan ere, lanaren banaketa patriarkalaren ondorioz emakumeek zaintza lanak ere burutu behar izaten dituzte. Hortaz, intentsitate handiko lan batetik irten eta ordaintzen ez den lan batera sartzen dira, azken hau ere intentsiboa delarik: janaria prestatu, etxea atondu, familia zaindu, etab. Lan hauek ez diete neke fisiko eta psikosozialaz suspertzen uzten. Lore-industriako enpresek inposatutako malgutasunaren ondorioz langileek ez dute malgutasunik euren astia gobernatzeko.

Zailtasun hauek gorabehera, langileek sindikatuak, salaketak, grebak eta protestak erabiltzen dituzte euren eskubideak aldarrikatzeko. Emakumeen ekintza sindikal eta sozialak lan eta bizitza duinaren defentsarako indar kolektibo bat sortzeko helburua du. Zenbait sindikatuk, elkartek eta sarek emakumeak konzientzia hartzen eta lorezaintzak euren gorputzetan, seme-alabengan, euren herrian eta Bogotáko sabanan duen eragina ezagutzen laguntzen ditu. Gainera, hauek sustatzen dira: hezkuntza eta mobilizazioa loreen monolaborantzaren inpaktuak ezagutzera emateko; eskubideak defendatzeko tresnak sortzea; eta hausnarketa kolektiboa eta lurraldea berrantolatzeko alternatibak sortzea. Azken batean, gizarte-justiziaz ekoiztearren, lan egiteko eta bizitzeko modu ezberdinak bilatzen eta probatzen saiatzen dira, euren lurraldea zainduz eta kontserbatuz.

El Quimbo: garapenaren promesatik gizarte- eta ekonomia-krisira

Kolonbiako hego-ekialdean, Kolonbiako ibai handienak, Magdalena ibaiak, alegia, Huilako departamendua zeharkatzen du. Bere iturburutik hurbil, Emgesa konpainia El Quimboko zentral hidroelektrikoa eraikitzen ari da. Egia esan, enpresak hiru izen ditu: bertako filialarena, Emgesa; nazioarteko enpresa-izena, Endesa; eta akziodun nagusiarena, Enel. Botere ekonomiko handia duen transnazional batez ari gara eta, enpresak bere proiektuen inpaktuen aurrean bere interesa nagusitzeko erabiltzen du botere hori.

Erika González.
Erika González.

Hori izan da, hain zuzen, El Quimbo proiektuarekin gertatutakoa. Ez da kontuan izan proiektuaren % 95 Amazoniako Erreserban dagoela, nahiz eta horretarako balio handia duen erriberako eta lehorreko baso tropikalaren 1.000 hektarea suntsitu beharko diren. Era berean, ez da kontuan izan proiektu berari ezezkoa eman zitzaiola aurkeztu zen lehenengo aldian, 1997an. Ezezkoaren arrazoia proiektuak sortuko lukeen krisi sozioekonomikoa izan zen; izan ere, instituzio publikoen beren esanetan, lur horiek “eskualdean nekazaritzarako dauden lurrik onenak” ziren.

Hala ere, proiektua 2008an aurkeztu zen berriz eta, gizartearen gogoz kontra, onartua izan zen. Egun, zentrala eraikitzen ari da eta, ustez, 2015eko lehen hiruhilekoan bukatuko da. 1997an aurreikusi bezala, inpaktu handiak izaten ari da biztanleengan; izan ere, urtegia lursail produktibo nagusietan kokatzen da eta Emgesak erosi dituenean lursail horiek nekazaritza-jarduera galdu dute. Jornalariak, arrantzaleak, saltzaileak, garraiolariak, kafe-biltzaileak… jarduera ekonomiko nagusia galtzeak enplegua desagertzea ekarri du sektore askotara. Enpresak 3.000 kaltetu zenbatetsi ditu, gizarte-erakundeek, ordea, 12.000 inguru. Enpresa transnazional handi baten eta tokiko nekazarien artean “argi eta garbi bidegabea den gatazka” honetan, kaltetuen ahotsek “garapen-proiektuen ondorioak milaka pertsonen bizimoduetan eta lekualdaketetan” erakusten dituzte[6].

Jennifer Chavarro El Quimbok kaltetutakoen erakundeko (Asoquimbo) kidearen ustez, emakumeek beti izan dute parte-hartze handia ekoizpenean. Haiek ortu txikien, kakaoaren sektorean jornalari aritzearen eta arrantzaren bitartez familia horni-
tzen lagundu dute. Haatik, etxekoandretzat hartzen dute euren burua, egunero kakaoaren uztara joaten badira ere. María Denís Trillero La Jaguako nekazari-kooperatiba bateko ordezkaria honen adibide argia da. Bera “etxekoandrez osatutako talde bateko” ordezkaria zen. Hauek, orain Emegesaren eskuetan dagoen lur-
sail batean ekoizten zuten eta, bertan, 8 emakumek lan egiten bazuten ere, enpresak pertsona bakar batentzako kalte-ordainketa onartu zuen. Bidegabea bazen ere, azkenean, akordioa sinatu zuen: “Eta, bai, damu dut. 25 milioi peso (10.000 euro) zortzion artean banatzean, zipitz bana egokitu zitzaigun. Hor dena lapurtu ziguten”.

Erika González.
Erika González.

Kalte-ordainak murriztearren enpresak erabilitako logika argi ikusten da kontraturik gabeko nekazarien salaketetan. Hauek, kasu askotan ez dira kaltetutzat ezagutu izan kalte-ordainak patroiak esandakoan oinarritu baitira eta, beraz, hauek dira, hain zuzen, egoera ahulenean daudenak, lana topatzen ez dutenak. Gyna, Garzon-go nekazaria da eta, bere esanetan, “bazkaltzen badugu ez dugu afaltzen, kezka horrekin” bizi gara. Egoera horretan dauden pertsonek ez dute kalte-ordainik jasotzen eta Kolonbiako estatuak ez ditu euren erreklamazioak aintzat hartzen. Gainera, estatuak ez dio enpresari exijitzen sortutako kalteak konpontzeko. María Denís-ek aipatutako kalte-ordaina ez da ekonomia suspertzeko tresna izan, protestak isilarazteko eta isiltasuna lortzeko tresna baizik. Zoila María Lenco La Jaguako jornalari eta arrantzaleak momentu latza bizi du: berak irabazitakoarekin 10 pertsonak bizi behar dute. Hala ere, berak ez du Emgesak eskainitako dirua hartu: “Ez dut hartu izan nahi nire duintasunak 25.000 peso horiek baino gehiago balio duelako. Nire komunitatea, haurrak, ekarriko duten hondamendia… Ez dut ikasi behar zer ekarriko duten jakiteko”.

Langabeziak, jarduera ekonomiko eta bizibide ezak eta inbertsio publikoa murrizteak familiarteko eta auzokideen arteko harreman pertsonaletara eramaten dute gatazka. Proiektua hasi baino lehen, kezkak ez ziren ekonomikoak eta, zailtasun ekonomikorik bazegoen, komunitateak aurre egiten zion. Orain, Jennifer Chavarro-ren ustez, El Quimboko eraikuntzak, dinamika kolektibo horiek hausten ditu eta gizarte-harremanak merkantilizatzen ditu”. Emakumeek komunitatea ehuntzen dute baina, krisiaren aurrean, sostengu, elkartasun, esker on, identitate eta segurtasun eza pairatzen ari dira. Ez da harritzekoa, beraz, haiek proiektuaren eta transnazionalen kontrako erresistentziaren protagonistak izatea. Zoila Maríaren hitzak euren borrokaren adierazgarri dira: “Nire seme-alabak, nire komunitatea eta nira herria maite baditut, hau ez dut diruagatik egiten amorruagatik baizik, bizitza eman behar badugu ere”.


Erika González OMAL – Paz con Dignidad, Latinoamerikan aritzen diren multinazionalen behatokiko ikertzailea da.

En castellano: “Imprescindibles e invisibilizadas. Las mujeres en la economía colombiana”

nº64 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


Print Friendly, PDF & Email

Un pensamiento en “Ezinbestekoak eta ez ikusiak. Emakumeak Kolonbiako ekonomian”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *