Berdintasunaren aldeko gizonak: feministak ala feminismoaren aliatuak?

Emakumezkoek, mugimendu feministaren eta beste diskriminazio mota batzuk jasaten dituzten mugimenduen bitartez (LGTBIQ+[1] adibidez), besteak beste, urte asko daramatzate gizarte sexistak inposatzen dituzten arauen aurka lanean. Helburua beti ere: gizarte justu, parekide, demokratiko eta berdinzale bat eraikitzea izanik.
Mª José Comendeiro.
Mª José Comendeiro.

Nazioarteko mailatik hasita, estatu ezberdinetatik pasata, eta hiritargotik gertuen dauden tokiko erakundeetara ailegatuaz, hainbat eta hainbat lege, hitzarmen, ekintza e.a. topatu genitzake emakume eta gizonen arteko berdintasuna proposatzen, lantzen, bultzatzen eta derrigortze dutenak. Bakar batzuk aipatzearren: CEDAW (Emakumearen aurkako diskriminazio mota guztien ezabatzearen inguruko Hitzarmena), Beijing 1995: Emakumeari buruzko Nazioarteko Laugarren Konferentzia, Giza Eskubideen hitzarmenak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako lege ezberdinak maila guztietan, kanpainak e.a. topatu genitzake.

Bereiziki azken hamarkada honetan ere, berdintasunaren alde gizonezkoen parte hartzearren beharraz ere izan dira iritzi, hitzarmen, dokumentu e.a. nazioarteko erakundeen artean, non gizonezkoak gizarte berdinzaleak eraikitzeko orduan, subjektu aktibo moduan aurkezten dituztenak. Non emakumeek eta gizonek eskubide eta betebehar berdinak izango dituzten eta aukera berdintasunak, emaitzen berdintasunean bilakatzen diren. Azken adibideetako bat, Emma Watson aktoresak Nazio Batuen Erakundearen New York-eko egoitza zentralean egindako diskurtsoa, “He for She”[2] kanpainaren aurkezpenean.

Euskal Herri mailara etorriaz, gehien ezagutzen dudan errealitatea izanda, azken urteotan, hamarkadetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde gizonezkoak ere inplikatzen hasi dira. Modu eta formatu ezberdinetan. Talde, elkarte eta gizabanakoak topatu genitzake, ikuspegi ezberdinak dituztenak, gizonekin berdintasuna lantzeko moduez. Lan hori egiteko, zein ulertzeko hamaika modu egon arren, helburuetan bat datoz: sexismoaren aurka lan egin eta jendarte parekideago baten alde egitea, bai maila pertsonalean zein kolektibo eta sozialean, emakume eta gizonen arteko harreman bidezkoagoak gauzatzeko.

Gure inguruan, Euskal Herrian, adibide batzuk topatu genitzake berdintasunaren alde lan egiten duten gizonen inguruan. Eta esan bezala, modu eta ikuspegi ezberdinak dauzkatenak beraien artean. Adibidez: On:Giz Elkartea edo Arremanitz Kooperatiba, non naiz eta elkarte mistoak izan maskulinitateen eraikuntza sozialaren inguruan lan, esku-hartze, hausnarketa e.a. bultzatzen dituzten. Horretarako tresna eta modu ezberdinak erabiltzen dituzte. Sentsibilizazioa, kontzientzia sortzea, formakuntza, gizon taldeen dinamizazioa, prozesuen bultzatzea, aholkularitza lanak, e.a. izanik lan egiteko moduetako batzuk.

Bestalde, hiri eta herri ezberdinetan gizon taldeak ere badaude. Noski hemen ere oso kontutan eduki behar da talde ia gehienak oso ezberdinak direla beraien artean. Batzuk dinamizatuta daude, beste batzuk ez. Kopuru eta beraien arteko biltze maiztasun aldetik ere aniztasun asko ematen da. Gizon talde hauetako batzuk, barne lana dute ardatz bezala. Beste batzuk aktibismo soziala lehenesten dute. Eta beste talde batzuk berriz, bi lan motak gauzatze dituzte, hau da, barne lan bat eta konpromiso soziala tartekatzen dituzte.

Gizon talde hauetako batzuk aipatzearren: Santurtziko gizon taldea, Bilboko Pipertxuriak, Ermuko Zipriztintzen, Ondarru, Hernani, Iruña eta Zarautzeko gizon taldeak, Gasteizen dauden On:Giz elkartearen inguruko 4 gizon talde, Laudioko Biok taldea… besteak beste. Aipatu beharra dago ere talde hauetan aktibitatea, batzuetan handiagoa edo baxuagoa izaten dela. Beste batzuetan berriz iraunkorragoa izaten da. Hau da aniztasuna dela komunean duten ezaugarri bat.

Gizonak eta berdintasunaren inguruan ere kokatu behar dira erakunde publiko ezberdinetatik burutzen diren programa edo ekintzak. Adibidez Emakunderen Gizonduz Programa. Edo eta Getxo, Ondarru, Ermua… udaletatik burutzen diren ekintzak. Maila pertsonalean ere lan egiten dituzten gizonezkoak ere topatu genitzake, maila akademikoan, edo eta aholkulari moduan dabiltzanak. Azkenik, Euskal Herri mailako argazki orokor honetan, gizon talde, elkarte eta banakako gizonez osatutako sare bat topatu genezake, Gizon Sarea izenekoa.

Baina gizonezkoen parte hartzearen inguruan berdintasunaren alde, behin eta berriz mesfidantza, eztabaida, aldeko eta kontrako iritzi e.a.kin topatzen gara. Emakumeen aldetik, mugimendu feministaren alde batzuetatik, baina baita gizon askoren aldetik ere. Oso ulerkorrak izan daitezke, entzuten diren aldeko eta kontrako argudio eta iritzi ezberdinak.

Artikulu honetan hauek sakonki aztertzea oso zaila da, asko dagoelako hitz egiteko eta aztertzeko eta tarte gutxi idazteko . Baina aipatu ditzagun zeintzuk izan daitezkeen gaur egungo egoeratik haratago joateko, kontutan eduki beharko diren gaietako batzuk. Gai edo puntu hauen atzean ematen diren aldeko iritzi eta kritika asko topa genitzake gainera. Baina oso kontutan eduki behar da estatu mailan beste errealitate batzuekin topo egin genezakeela eta horregatik aipatu, artikulu honen testuingurua Euskal Herri mailako dela.

Artikulu honen gaiarekin erabat lotuta dagoen ekintza bat ezinbestekoa da aipatzea. 2013 bukaeran eta 2014an Donostian, Feminismoak eta gizonak, bidegurutzean izeneko topaketak burutu ziren. Bertan, alde batetik Euskal Herriko mugimendu feministan, erakunde publiko, elkarte e.a.ko emakume feministak egon ziren. Eta bestetik berdintasunaren inguruan dabiltzan gizonezkoak, elkarteetako ordezkariak, eta erakundeetan lan egiten duten gizonak. Beti ere, guztiok, emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna helburu dutenak .

Feminismoak eta gizonak, bidegurutzean ekimenak helburu apala zuen. Ez ziren dauden guztiak egon, kopuru kontuengatik, agenda kontuengatik… Gonbidatutako gizon-emakumeen artean, saiatu ziren leku, lan-esparru, belaunaldi eta ikuspegi ezberdinetako pertsonak batzen. Besterik gabe, lehen hurbiltze bat izatea zen helburua. Hitz eginez, eta elkarren berri izanez, presente edukitzen nortzuk dauden, eta ikusi zezaten zeintzuk diren beraien arteko adostasun eta ezadostasun nagusiak. Modu honetan, agian, atea zabalik utziaz etorkizunean elkarrekin zerbaitetan aritzeko.

Topaketa hauen oso balorazio positiboa egin zen orokorrean. Eta zerbait aipatzearren, esan, parte hartu zutenetatik, askok jasotako ebaluaketetan, horrelako espazio, guneen beharra azpimarratzen zutela. 2015 urte hasieran ere beste topaketa bat burutuko da Donostian, joan den urtean parte hartu zutenekin, airean geratutako galdera, zalantza, eztabaidei, e.a. nolabaiteko itxiera edo/eta jarraipena eman ahal izateko.

Hau da, azken finean topaketa hauen atzean dagoena, gizonak berdintasunaren lorpenean alde aktibo bat izan behar dugun, mugimendu feministaren barne, modu paralelo baten… aztertu, eztabaidatu, adostu, e.a. da, besteak beste.

Azken-finean, esan genezake, lehen hastapenetan gaudela oraindik gai hauen inguruan Euskal Herrian. Lehen urratsak ematen ari gara. Eta garrantzitsua da lehen oinarri sendo hauek jartzeko orduan, tentuz, patxadaz, eta modu eraikitzaileak erabiliaz, gogoetak eta urratsak ematea.

Horretarako, ezinbestekoa izango da Euskal Herriko mugimendu feminista eta berdintasunaren alde lan egiten dugun gizonen arteko aniztasuna presente edukitzea. Aipatu den bezala, bai mugimendu feministaren barne eta berdin, berdintasunaren aldeko gizonekoen artean, lan egiteko ikuspegi, metodologia, tresna, e.a. ezberdinak eta anitzak topatuko ditugulako. Bloke homogeneoen ideiarekin apurtu behar dugu, errealitateak dagoen aniztasuna aurkezten digu eta.

Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren lorpena, ikuspegi eta lanketa feminista barneratu batetik bakarrik lortu ahal izango dela. Ezinbesteko baldintza izan beharko du benetako gizarte berdinzale batzuk eraikitzeko orduan. Honek, nolabait ziurtatzen digulako, besteak beste, berdintasuna helburua dutela dioten gizon eta talde batzuk, hau da nolabaiteko diskurtsoa barneratuta izan dezaketen gizon eta talde neomatxistek, tarterik ez edukitzea berdintasun erreal baten oinarritutako gizarteen eraikuntzan. Azken urteotan indarra hartzen ari diren gizon eta talde neomatxista hauek, min asko egin diezaiokete, azken helburu horretara iristeko ikuspegi eta estrategia feministetatik gabiltzanoi.

Baina kontuz, azken hau aipatzeak ez du esan nahi, ikuspegi eta estrategia feminista batetik gabiltzanok, dena ondo egiten dugunik. Inondik inora. Gure hanka-sartze, gure asmatzeak e.a. topatu ditugu eta topatuko ditugu bidean. Hortik ere kokatu behar dugu, egon daitezkeen kritika, mesfidantza, eztabaida, e.a. gizonezkoon parte hartzearen inguruan.

Orain, testuinguru eta oinarri hau izanda, ezinbestekoa da ikuspegi eta estrategi feminista batetik lanketa hau egitea. Gizonezkook non,nola eta nondik kokatzen garen egon daiteke hurrengo urratsa. Hau da, alde aktiboa izan behar dugu feminismoen barne, ala aliatu gisa egon behar dugu espazio paralelo baten?

Galdera eta gogoeta hauen lantzean, erantzunak bilatzean, beharrezkoa izango da, gizonezkook lanketa hau egitea, hausnarketa hauek egitea. Guk geuk, argi eduki behar dugu non, nola eta nondik kokatu nahi dugun gizarte berdinzaleak eraikitzeko orduan. Baina modu paralelo baten, mugimendu feministaren barne dauden emakumezkoekin (aktibismoan, erakundeetan, e.a.) elkar lanketa eta gogoeten beharra ere ezinbestekoa izango da galdera hauei erantzuna emateko.

Formula magikorik ez dago. Baina agian aukera bat izan daiteke, bide honetan aliantza zubiak eraikitzea gai zehatzen inguruan. Hau da estrategia xumeak, baina eraginkorrak bultzatzen hastea emakumeen eta gizonen artean. Adibide batzuk jartzearren: aitatasuna arduratsuen inguruan, indarkeria sexisten inguruan edo eta orientazio sexual eta genero identitateen inguruko diskriminazio gaien inguruan.

Berdintasun erreal baten aldeko eraikuntzan, gizonak erakartzea apurka-apurka egiten ari garen bidea da, eta gero eta gehiago dira parte hartzen dutenak edo parte hartu nahi dutenak. Orain artean ia erabat emakumeena izan den esparruan gero eta gizon gehiago agertzeak, aipatu den bezala, hanka-sartze batzuk ekarri ditu, eta gaizkiulertuak, ezadostasunak, mesfidantzak, aurreiritziak, etab. azaleratu dira. Baina izan dira eta badaude ere lorpen eta aurrera pausoak.

Bide luzea dugu, edo hobeto esanda, bide luzeak ditugu oraindik egiteke. Emakumeek lan eta ibilbide luzea dute eginda eta landuta. Gizonezkook pixkanaka hasita dugu ere atzera bueltarik ez duen ibilbide hori. Ez da ibilbide erraza eta sinplea izango. Traba asko topatuko ditugu eta, helmugara ailegatze bitarte horretan. Emakume eta gizonak, bidean topo egingo dugu. Batzuetan elkarrekin eta beste batzuetan berriz bata bestearen ondoan. Noski, beti ere feminismoez blai. Beraz, jarrai dezagun benetako gizarte berdinzale, parekide, justu eta demokratiko horien eraikuntzan lanean.


Mikel Otxotorena Fernández. On:Giz Berdintasunaren aldeko elkartea.

En castellano:“Hombres por la igualdad ¿feministas o aliados del feminismo?”

Nº64 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


Print Friendly, PDF & Email

Un pensamiento en “Berdintasunaren aldeko gizonak: feministak ala feminismoaren aliatuak?”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *