Angolako emakumeak: herria askatzeko borrokatik bizirik irauteko borrokara

Angolako independentzia 1975ko azaroaren 11an lortu zen eta herri hartako emakumeek bizitza politikoan parte hartzeari ekin zioten independentzian horren alde borrokatu ziren mugimenduen bitartez. Mugimendu horien artean hauek: Jonás Savimbi buru zuen UNITA[1],Holden Robertok zuzendutako FNLA[2], eta Angola Agostinho Netoren MPLA[3], azken hau independienteko lehenengo presidentea izan zelarik. Harrez geroztik, euren bataila-eremuak aldatu dira, baina oraindik bide luzea ibili behar da benetako berdintasuna eta euren eskubideen aitorpen osoa lortzeko.
p62_angola_montaje_simao-hossi
Fotografías: Simâo Hossi.

Independentziaren aldeko borroka egin zenetik gaur arte, egon dira eta badira Angolan alderdi politiko nagusiei lotutako emakume-erakundeak. Horietako bat Angolako Emakumeen Liga (LIMA) da, Miraldina Jamba buru duena. Hau orain dela 40 urte baino gehiago sortu zen (1972), hain zuzen ere, UNITAren sorrera (1966) baino sei urte geroago. Orduko testuingurua, askapen nazionalaren aldeko borrokaren testuinguruan zen, hau da, gaurkoarekin konparatuta oso bestelako testuingurua. Alderdiko emakumeen erakunde gisa, alderdiaren ideologia zabaltzea eta gizonekin batera borrokatzea zuen helburu, kolonialismoaren kontrako borrokan ari ziren borrokalariak sostengatuz.

Gauza bera gertatu zen gaur egun gobernuan dagoen MPLA alderdiari lotutako OMA emakume angolarraren erakundeko emakumeekin. Eta gauza bera esan daiteke FNLAko emakumeei buruz. E erakunde hauen sorrera berdina izan zen, eta ordutik hona jarduera ardura berriak eta bake eta demokrazia garaiko erronka berriak sortu dira.

Askapen nazionalaren prozesuan, hiru mugimendu hauek ardura berak izan zituzten, hau da, Angolaren deskolonizazioaren aldeko borroka. Emakumeek beti parte hartu izan zuten hiru mugimendu hauen baitan. Miraldina Jamabak gogora ekartzen ditu LIMA eta UNITArekin batera borrokatu ziren emakume heroiak. Hauek hezkuntza eta osasun-arloan eta arlo militarrean gailendu ziren. Emakume asko klandestinitatean borrokatu ziren eta hortik askapena lortzen lagundu zuten nahiz eta, MPLAko emakumeen kasuan izan ezik, ez ziren aintzat hartu izan.

Independentziaren aldeko borrokan emakumeak parte hartu izanak prozesu bat zabaldu zuen, ardura sozial eta politikoak gizonen eta emakumeen artean berdintasunez banatzeari zegokionez. Gaur egun, testuingurua oso bestelakoa da eta euren eskubideen egoera aldatu da[4], baita bizitza publikoan emakumeek duten partehartze maila ere.

Berdintasunerantz berriki emandako urratsak

2013. urtean, Ministroen Kontseiluak Genero-Berdintasunerako Plan Nazionala onartu zuen eta hau emakumeen eskubideak eraiki eta sustatzeko tresna garrantzitsua da.

Genero berdintasuna lortze aldera eremu ezberdinetan egin den lanaren adibide gisa, Elisa Pedro Maria Dias buru duen Angolako Emakume Polizien Elkarteak (AMPA) egindakoa dugu. AMPA emakume poliziekin lan egiteko helburuarekin sortu zen, hauek poliziaren baitan pairatzen zuten bereizkeria apurka-apurka gutxitzeko asmoz. Etxeko eremuko emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko gaiak nazio-mailan lantzeaz aparte, gizonak eta emakumeak sentikor bihurtzeko iniziatibak sustatu ditu erakunde honek.

1995z geroztik AMPAk emakume poliziaren igoeraren alde lan egin du, erantzunkizunen banaketari dagokionez nagusi eta nagusiordeen bereizkeria ekidin nahian. Gaur, erakundearen esanetan, bereizkeria horiek gutxitu dira eta gizon polizia gehienak sentikor bihurtzea lortu da.

Gaur egun, AMPA aldatu da: ordezkariak ditu Angola osoan eta ekintzak antolatzen ditu komunitateetan. Emakume horientzat, beste erakundeekiko harremanak eta nazioarteko foroetan parte hartzeak balio handia dute.

Angola. Fotografía: Susana Pérez.
Angola. Fotografía: Susana Pérez.

Parte-hartze sozial eta politikoa

Emakumeen eskubideak bultzatzeko lan egiten duen beste erakundeetariko bat Plataforma Mulheres em Ação (PMA) da. Verônica Sapalo buru duen erakunde hau 30 GKE inguruk osatzen dute.

Bere programek politiketan makromailan eragina izatearen bidez, bizitza publikoan emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa sustatzea bilatzen dute. PMAk estatuko aurrekontu orokorrak eta eskualdeetako gobernuen inklusio politikak zelan zehazten diren ulertzeko lan egiten du.

Verônica Sapalorentzat emakumeen parte hartzeak lor dezake erabakitzen dutenek benetako inklusio politikak abia ditzaten. Plataformaren ustetan komunitateen arazoak politika horien menpe daude. Honen adibide gobernadore eta administratzaileek egin behar dituzten gizarte auskultatze batzordeen (CAC) prozesuak dira. Parte-hartzea prozesuen gardentasuna laguntzen duen bide bat da eta, hortaz, berdintasuna sustatzen laguntzen duena.

Eremu publikoa kudeatzen dutenek gizarte inklusio mekanismoak ezagutzea eta esparru egokietan ekintza hauek ondo bideratzen jakitea beharrezkoa da. Aldi berean, sektore publikoak, bere ardurak deszentralizatu behar ditu eta bere ekintzak mugatu, PMAko presidentaren esanetan.

Gaur egun, gobernuarekin lan egiteari dagokionez, PMAk zailtasunak ditu kide diren erakundeen gaitasunak bultzatzeko. Erakunde hauek ekintzak eta proiektuak kudeatzeko moduko egiturak izatea onuragarria dela deritzo PMAk.

Emakumeak parlamentuan: zenbakiez haratago

Emakumeek parlamentuan duten ordezkaritzari dagokionez, Plataforma Mulheres em Ação erakundearen ustez, honek orain dagoen ehuneko 39tik ehuneko Nazio Batuen Erakundeak markatzen duen 50ra heldu beharko luke.

Baina hau ez da bakarrik zenbaki kontu bat. Ordezkaritzaren kalitatea elementu garrantzitsuena da, emakumeek izan beharko bailukete beste emakumeen arazoetan eragitea ahalbidetuko lukeen agenda. Hau bereziki garrantzitsua da egoera ahulenean dauden emakumeen kasuan, hala nola, emakume landatarrena eta zunguera izeneko emakume txerpolariena.

Gizarte zibileko erakundeetan eta Parlamentuan edo Familia eta Emakumearen Sustapen Ministerioan dauden emakumeen agenda komunik ezean (azken hauek gobernuaren politikak kudeatzeko ardura handiagoa dutelarik), emakume parlamentariek alderdiaren disziplinari begira egongo dira euren onurak galzeko beldurrez, esaterako, diputatu gisa dituzten soldatak, bidaiak eta beste hainbat abantaila.

Verônica Sapaloren aburuz, ordezkaritza duten alderdietako emakume parlamentarien jarduera ikusita, emakumeen arazoak konpontzeari dagokionez, agenda komun hau barik ezer ez da aldatuko.

Verônica Sapalok esan bezala, emakume parlamentariek Familia eta Emakumearen Sustapen Ministerioaren eta esparru honeta borrokatzeko konpromisoa duen beste edozein instituzioren egiturak dinamizatu beharko lituzkete. Angolako emakume diputatuek erabaki ahal izan beharko lukete emakumearen aldeko ekintzen forma eta aurrekontua baina, aitzitik, orain arte emakume hauek, aipatutako elkartasun ezaz aparte, ez dute arazoak konpontzeko rol hori bete.

Alderdien inposaketak eta legegi ntza arloko lorpenak

Alderdien disziplinak elkartasun falta honi mesede egiten diola eta aldaketak oztopatzen dituela uste duen arren, Sapaloren arabera, emakume diputatuek euren jardueran gozatzen dituzten pribilegio eta abantailekin eroso sentitzen dira eta, ondorioz, ez dute beste emakumeen sufrimenduarekin behar den konpromisoa hartzen.

Egun, UNITAk bederatzi emakume ditu parlamentuan (aurreko legegintzaldian lau baino ez zituen). Miraldina Jamba Angolako Emakumeen Ligako (LIMA) presidentea pozik dago emakumeen kopuruaren igoera honekin; baita beste alderdiekiko harremanekin ere, euren arazoak eta emakumeen eskubideen aldeko borroka komunak dira eta. Bere esanetan, alderdien koloreak kontuan hartu gabe, emakumeek beti egon behar dute pozik haietako baten igoeragatik.

Parlamentuak 91 emakume eta 220 gizon dituela gogoratuz, Miraldina Jambak adierazten du badagoela emakume diputatuek elkarrekin martxan jarritako zenbait iniziatiba. Etxeko Indarkeriaren kontrako Legea (2011), adibidez, euren lana eta partaidetzaren fruitu izan zen. Kasu horretan, emakume parlamentariek arg utzi zuten euren batasuna etxeko indarkeriaren kontra[5] eta alderdien dinamiken aurrean.

Foroak eta kezka komunak

Lege horrez gain beste zenbait esperientzia dago, hala nola, Afrikar Parlamentu- Batasunean, Comunidade dos Países de Língua Portuguesa-n (CPLP) eta Afrika Australeko Garapenerako Komunitatean (SADC) parte hartu izana, baita nazioarteko beste hainbat erakunde eta gertakizunetan ere.

Emakumeen kezkak nazio-mailako eta nazioarteko foroetan hauek dira: pobreziaren kontrako borroka, analfabetismoa, parte-hartze politikoa, prostituzioa eta beste hainbat gaitz. Txirotasunak emakume aurpegia du eta emakume hauek beste emakume askok egunerokoari aurre egiteko duten zailtasunetan jartzen dute arreta, bereziki, txerpolarien egoeran eta hauek polizia fiskal eta probintzia-gobernuen kontra egin behar duten borrokan. Emakume hauek hiri handietan saltzera eramaten dituzten arrazoiak konplexuak dira; horien artean, langabezia eta industria eza.

Miraldina Jambaren ustez, Angolako emakume prestu eta borrokalariek, familiak hezi eta elikatzeari dagokionez, ardura handiak hartzen dituzte beren gain eta, horiekin batera, arrisku handiak ere bai esparru ezberdinetan. Artikulu honetan aipatutako arazoen konponbidea pertsona guztien esku dago, herritar guztiek jarrera aldaketa lortzeko ardura hartzearen menpe.


Simão Hossik emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko proiektu bat koordinatzen du Angolan Women Action Organization. Twitter: @simaohossi.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egina da.

En castellano: “Las mujeres de Angola: de la batalla por la liberación del país a la lucha por la supervivencia”, en el nº62 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


NOTAS:

  1. União Nacional para a Independência Total de Angola.
  2. Frente Nacional de a Libertação de Angola.
  3. Movimento Popular de Libertação de Angola.
  4. Angolan emakumeen kontrako indarkeriaren kontra lan egiten duten lege, sistema eta instituzio nagusiak hauek dira: Lei contra a violência doméstica (2011n onartua); Ministério da Família e Promoção da Mulher (emakumeen eskubideak babestu eta bermatzeko politika nazionala zehaztu eta burutzeko ardura duen gobernu zentralaren organoa); Genero-adierazle Sistema Integratua, SIIGénero (Ministério da Família e Promoção da Mulher-ek sortua 2012. urtean, indarkeria matxistaren inguruko informazioak sistematizatzea du helburu); Departamento de Luta Contra a Violência Doméstica da Direcção Nacional de Investigação Criminal (emakumeen kontrako indarkeria salaketei erantzuteko sortua, probintzia guztietan dago) eta Instituto Nacional da Criança, INAC (estatu-mailako organoa, haurren ongizaterako politikak diseinatzeko eta euren eskubideak betetzen direla bermatzeko arduraduna).
  5. Emakumeen kontrako indarkeria Angolan eta komunikazioaren inguruan, nabarmena da Guia para Meios de Comunicação sobre a Violência Doméstica em Angola (2013), Fórum de Mulheres Jornalistas para a Igualdade no Género de Angola eta LolaMora Producciones-ek egindako gidaliburua. Lan hau hurrengo web orrialdean deskarga daiteke: http://lolamora.net.

Print Friendly, PDF & Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *