Adostasun neoliberalaren kontra? Denbora, baliabideak eta komunikazio kritikoa

Kazetaritza objektiboa ez da existitzen. Mito bat da. Kazetari orok iritzi pertsonala du berria, kronika, elkarrizketa zein erreportaje moduan aurkezten duen errealitateari buruz. Ikuspegi pertsonal hori, hala beharrez bere piezen egituran, informazioa aurkezteko ordenan, titularretan eta alde batera uztea erabakitzen duen horretan izaten du isla. Beraz, edozein irakurlek, entzulek edo ikuslek mesfidantzaz jokatu beharko luke “kazetaritza objektiboa” defendatzen duenaren aurrean, edo pertsona horrek ez du lanbidea ondo ezagutzen edota jendea manipulatzen saiatzen ari da “objektibotasun” faltsu horren bitartez.

p61_andreu-comunic_pepa

Kazetaritza zintzoa existitzen da. Ez da mito bat. Lanbidean zintzotasunez diharduten kazetari apartak egon dira eta egun ere badira, aurretik egiaztatutako informazioa zeharka ebakitzen ez dutenak, erreportajeek ahots-aniztasuna islatu behar dutela sinesten dutenak, informazioa errealitate ikusezin eta bidegabeen aurkako tresna kritikoa dela uste dutenak. Pertsona horrek ez du inoiz esango objektibotasunaren bila dagoela, jakin badakielako, datu objektiboak egon arren, erabateko objetibotasuna ezinezkoa dela bere lanbidean. Kazetari zintzoak existitu ziren, existitzen dira eta existituko dira nahiz eta kazetaritza-enpresa publiko zein pribatuak egon, eta horiek, berezko edota inoren interesen defentsan, askotan eztabaidaezina dirudien eta ideologia hutsa den ikuspuntua saltzen diguten.

Adostasun neoliberala irudikatzen duten eta guztiz ideologikoak diren jarrerak komunikabide tradizional handietan nola txertatzen diren eta horri esker, egi eztabaidaezin nola bihurtzen diren aztertzera goaz. Modu horretan, “informazio objektiboaz” mozorrotzen diren iritziak eskaintzen dituzte.

Neoliberalismo izenez ezagutzen den kapitalismoaren aro berri hau (demokrazia liberalaren bertsioan, Europar Batasuna edo Estatu Batuak; bertsio autoritarioagoan, Txina edo Errusia) ia mass media guztietan presente dago. Nonahikotasun hori, informazio-agenden errepikapen ziklikoan, kazetaritza-ikuspuntutan eta profesionalek euren lanari aplikatzen dioten autozentsuran, kontzienteki (errepresalien beldur direlako) edota inkontzienteki (osmosi ideologiko eta profesionalagatik) islatzen da.

Lehenengo adibidearekin has gaitezen: orokorrean, merkataritza librearen inguruko hitzarmenak ikuspuntu ekonomikotik nola jorratzen diren, eta zehazki, Estatu Batuek eta Europar Batasunak laster sinatu nahi duten Merkataritza Libreko Itunaren inguruan eman den informazioa. Berri- agentzia espainiar zein alemanen berriei, teletipoei eta kronikei begirada bat emanez gero, hitzarmen horrek izango dituen ondorioen analisi kritikoaren gabezia nabaria da. Berrietan prozesu negoziatzailea eta bere zailtasunak besterik ez dute aztertzen. Gainera, ATTAC moduko erakundeek duten jarrera kritikoak ez dituzte jasotzen, eta egiten badute, modu abstraktuan, eta zehaztugabean da.

Ikuspuntu ekonomikotik, Merkataritza Libreko Itun hori honela deskribatzen da: “Europarako 160.000 milioi dolar eta AEBrako 130.000 milioi dolar mozkin izango dituen ituna ” (ABC, 02-21-2014); “munduko merkataritza libreko zonalderik handiena, 800 milioi pertsona baino gehiagorekin” (EFE, 02-17-2014) eta Atlantikoko bi ertzetan dauden “herritarrentzat kontsumo gaitasun gehiago” (Handelsblatt, egunkari ekonomiko alemana, 02-19-2014). Gainera, “ekonomiak” hori guztia ospatzen du, eta prentsa alemaniarrean, askotan, “ekonomia” hori izate abstraktu gisa aurkezten da, ia izaera jainkotiarra duena. Horrela enpresaburu europar eta iparamerikarra aipatzea ekiditen da.

Merkataritza Libreko Itunari buruz egiten den jarraipenaren ikuspuntuak zailtasunez eztabaidatu daitekeen errealitatea saihesten du: izaera neoliberala duten merkataritza librearen hitzarmenek aberastasuna ekartzeaz gain, ezberdintasun sozialaren gorakada dakartzatela, dinamismo ekonomiko horren banaketarako tresnen gabezia dela eta.

Aurretik esandakoaren adierazgarria den datu bat: Center for Economic and Policy Research iparamerikarraren ikerketa batek dionez, 20 urte igaro dira Estatu Batuek, Kanada eta Mexikok Ipar Ameriketako Merkataritza Librerako Itunaz (NAFTA) sinatu zutenetik, eta hegoamerikar lurraldean (2012an) 1994 urtean baino hamalau milioi pertsona gehiago bizi dira pobrezian. Mexiko neoliberalismo globalaren ikasle eredugarria da: haren ekonomia hazten den bitartean bere ezberdintasun sozialak areagotzen doaz eta baita antolatutako krimena ere. Nahiz eta datua esanguratsua izan, ez nuen txosten horren arrastorik ikusi mass media tradizionaletan.

Bankuak, “erakunde sistemikoak”

Komunikabide tradizionalek “europar periferia” deritzon banku-krisialdiari egindako jarraipena eskasa izan da. Egunkariek, irratiek eta telebistek zera esaten dute etengabe: bankuak “erori ezin diren” erakunde finantzarioak direla, merkatu libreko ekonomietan gehiegizko pisua baitute. Premisa horretatik abiatuta (ideologikoa, jakina) informatzea helburu duten kazetaritza-pieza ugariek (eta ez naiz ari iritzi-artikuluei buruz) arazoak dituzten bankuei diru publikoa txertatzea justifikatzen dute, zuzenean edo zeharka, eta neurri ekidinezin moduan aurkezten dute, agintariek duten aukera faltagatik. Baina badago aukerarik.

Pasa den urtean, Alemaniako azkeneko hauteskunde federalen ostean, Parlamentu Europarreko alderdi berdeak, Gerhard Schick diputatu alemaniarra buru zuela, Euroguneko bankukrisian hartzekodunek izandako parte hartzearen inguruko txostena argitaratu zuen. Bertan, egileek agerian uzten zuten, dokumentazio anitzaren bitartez, Banku Zentral Europarrak, NMFak, eta Europar Batzordeak lehenago erreakzionatu izan balute, banka periferikoko hartzekodun handiak arazoak zituzten erakundeen berregituraketan parte hartzera behartzen, Greziar edo Espainiar Estatuek maileguak eskatzea ekidin zezaketela. Geroago, horrek osasunean edo hezkuntzan itzelezko murrizketak ekarri ditu.

Txostena, berriz ere, inor ohartu gabe igaro zen komunikabideetatik. Testu gehienek bankuen erreskatea txalotzen zuten, neurri “saihestezina” izango bailitzan. Ideologia neoliberala (irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu) europar komunikabide handietan txertatzen zen berriz ere, bitartean bankak iragarkietarako espazio handiak jartzen zituen egunkarietako orrialdetan eta telebista-kateetako prime time-ean.

Kazetaritza eta politika ekonomikoa

Kazetaritza-erredakzio handietan lanezegonkortasuna jada gertatzen ari da eta horrek pozoi hutsa baino ez dakar kazetaritza zintzorako: baliabideen eta langileen eskasia dela eta, eguneroko produktibitatearen eskakizuna gero eta handiagoa da. Horrek guztiak argitaratzaile zein erredaktoreengan eragina du, eta hauek ez dute ia denborarik berrien garrantzia baloratzeko, informazioak kontrajartzeko edota isilpean (bidegabeak direlako) dauden gaiak ikertzeko. Komunikabideetako profesionalok gaurkotasunaren ameskeria den eraikuntzan parte hartzen dugun bitartean, erredakzioetan kazetaritza zintzoa gero eta baztertuagoa egongo da.

Kazetagintzak bizi duen ageriko krisiaz haratago, askotan nire buruari galdetzen diot komunikabideen jabeek benetan interesa duten kazetariek denbora eta baliabideak izan dezaten euren lanbidea modu zintzoan gauzatzeko. Horrek zalantzan jarriko luke narratiba neoliberalaren txertaketa diskurtso mediatikoetan. Kazetaritzak, azken finean, berrietan jasotzen den politika ekonomikoaren gaiaren antza du: bien atzetik beti jarrera ideologiko bat ezkutatzen da, eta jarrera hori guztiz deserosoa da boterearentzat.


Andreu Jerez kazetaria da, DW nazioarteko kate alemanaren erreportaria eta Contrast kolektiboaren kidea. (www.contrast.es), @andreujerez.

Dosierra n 61 alea Bigarren hiruhilekoa n 2014.

Artículo publicado en el nº61 de Pueblos – Revista de Información y Debate, segundo trimestre de 2014, monográfico sobre comunicación, poder y democracia.

En castellano: “¿Contra el consenso neoliberal? Tiempo, recursos y comunicación crítica”


Print Friendly, PDF & Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *