Oinarri herritar argentinarra eta antolaketa soziala

Argentinar gizarte mugimenduak, 90ko hamarkadako neoliberalismoaren aurrerakadaren aurrean bizirauteko sortutak, 2001az geroztik, haien politika eta antolamendurako ahalmena indartu zuten. Gaur egun, erakunde ezberdinek oinarri herritar heterogeneoa osatzen dute elkarrekin: alde batetik, Cristina Fernandezen gobernuaren aliatuak diren zenbait erakundek; bestetik, sostengua eskainita ere aldi berean baztertutako sektoreentzako pilatze handiagoa eskatzen duten erakundeek; eta azkenik, eredu aldaketarik ikusi ezean kontran agertzen direnek. Era berean, baliabide natural eta herri indigenen esplotazioaren kontrakoak diren herritar egitura pluralak ere indartu dira.

“90ko hamarkadan, politika neoliberalen kontrako borrokan sortutako subjektu sozial eta  politikoak, denborarekin, politika, ideologia eta antolamendu arloetan aldatzen joan ziren aurrera bidean; aldaketa hori, bloke herritarra osatzen zuten indar-sarearen berreskuratze eta garatze prozesuaren infl uentziari lotuta. Subjektu horiek dira niretzat mugimenduak.” Hau da, Lito Borellok, Argentinako arku sozial zabalari buruz egin zuen balorazioa; izan ere, bera, Los Pibes jantokiaren gestioagatik, arku horren parte da.

Foto: Sebastián Miquel. Argentina.

Erresistentzia aurkeztea izan zen hau eta beste zenbait lurralde erakundeen sorreraren zergatia. Carlos Saúl Menem, hamar urtez gobernuan (1989-1999), eta Fernando de La Rúa bi urtez (1999-2001) egon eta gero, ekonomiaren eta politikaren hondoratzea amaiera zirudien. Milioika pertsona, lan-egituratik kanpo geratu ziren. Eta politika neoliberalei aurre giteko eratu ziren mugimenduek haien sormena eta elkartasuna jorratu behar izan zuten krisiari aurre agin ahal izateko.

Langabe, auzo, ikasle eta militanteen mugimenduak biltzen dituen Frente Darío  Santillan-eko Manuel Bertoldi partaidearen ustez “2001ak herri mobilizazioaren hedapena ekarri zuen”.

2001eko Abenduan, krisia piztu zenean eta corralito-aren iragarpenak eraginda, bankuek herritarren aurrezkiak bahitu zituzten (ospedunenak izan ezik; hauek, jakinaren gainean, kapitalak herritik atera zituzten eta) eta astean ateratzeko zenbatekoa mugatu zuten. Honek ekonomiaren gelditzea eragin zuen eta ehun milaka pertsona haien familiei jaten emateko kaleetan miatzen ere ibiltzen ziren. Gobernuak ihes egin zuen “mundu guztia joan dadila” lelopean, eta bitartean manifestazio erraldoiak eta errepresioa. Abenduaren amaierarako 38 pertsona hil ziren poliziak tirokatuta.

2002an, langabezia-tasa 21,5eraino heldu zen. Txirotasuna, bere forma ezberdinetan, eta desberdintasun sozial eta ekonomikoa bere historiako puntu altuenera igo ziren. Aldi berean polikarienganako erabateko mesfidantza ageri zen, urteetan zehar aberastu zirela eta estatuaren desegitea bultzatu zutela ikusita.

Argentinarrei egindako iruzurrak, 1976ko Martxoaren 24ean ezarritako diktadura krudel eta odoltsuaren eredua gogorarazten zuen.

“2002 eta 2003an herritar mobilizazioaren hedapena jarraitu zuen. Avellanedako sarraskiak, klase-borrokaren sarraskia irudikatu zuen. Argentinako mugimendu sozialen aurrerakada mozten saiatu ziren” esan zuen Bertoldik, Darío Santillan eta Maximiliano Kosteki militanteen hilketa gogoratuz; hauek poliziak hilda, Buenos Aireseko probintzian langabeen manifestazio baten kontrako errepresioan.

Borello eta Bertoldi, ados egon ziren honetan: Néstor Kirchner-ek 2003tik aurrera hasitako prozesuak, zerikusia zeukala herritarren borroka horrekin eta oinarri herritarren artean hasitako bilaketarekin. “Sektore batzuen ustez herritar mobilizazio honek gobernu hau ekarri zuen; beste batzuen ustez, ordea, Kirchner, borroka prozesua  berrinstituzionalizatzen saiatu zen, mobilizazio herritarra geldiaraziz eta mugimenduen helburuak zehaztea eragotziz” azaldu zuen Bertoldik.

MILITZANTZIAREN ITZULERA

Kirchner-ek, hasieratik norabide berria agertu zuen, sektore boteretsuei aurre egiten ziena. Diktaduraren berrikusmen eta gaitzespenaren bidetik abiatu Justizia Gorte Gorena (Menem-en garaiko epaileak barne zituena) eraldatu, eta nazioarteko finantza-erakundeen kontra oldartu zen.

2003ko Irailan, Nazio Batuen Batzarrean agertu zen lehenengo aldiko bi esaldirik  ospetsuenak hauek izan ziren: “Maiatzaren Plazako Amama eta Amen semeak gara” eta “Hildakoek ez dituzte zorrak ordaintzen”.

Gizarte arloan, inklusio politikak jarri ziren martxan, gero Cristina Fernandezek jarraitu eta sakondu zituenak. Alberto Ferrari kazetariaren balorazioa kontutan hartuz; Asignación Universal por Hijo[1] eta Remediar[2] planak, etxekoandreentzako erretiroaren igoera eta iniziatiba kooperatibistei adierazitako laguntasuna, “azken zortzi urteotan gizarteratze intentzio handiena izan duten politiketako batzuk” izan ziren. Hauek “langabezia murriztea eta etxe txiroen egoera kaltebera hobetzea” ahalbidetu zuten.

Ekonomiaren indarberritzeari lotutako lanpostu berreskuratze politikak ere sustatu ziren, eta ondorioz, 8 miloi pertsona lan-egiturara bueltatu ziren eta langabezia ehuneko 7,4ajatsi zen.

Kirchnerismoak marratutako bidea, batzuen ustez ez-nahikoa, parte-hartze politikoan konfi antza berreskurarazi zuen, hau gazteen eragin handiarekin.

Baina, 2010eko Maiatzan, berrehungarren urteurren jaietan, eta Urrian, Kirchnerren hiletara milaka pertsona bertaratu zirenean, herritar mobilizazio prozesua argiago hauteman zen. Sektore xumeek, gazteekin, 70ko hamarkadako militante ohiekin, Giza Eskubideen defendatzaileekin batera mobilizatu ziren Kirchnerren heriotza deitoratzeko, honek itxaropena bueltatu omen baitzien.

“Eskerrik asko Kirchner” eta “Animo Cristina” izan ziren gehien errepikatutako leloak. “Txiroei duintasuna bueltatu zigun. Orain behintzat, janaria badaukagu”, zioen negarrez emakume xume heldu batek, bat-batean idatzitako kartoizko kartela eskuetan zeramala. Hori izan zen askoren sentipena; “Perón hil zenetik, hau da egunik tristeena”.

OINARRI-DESBERDINTASUNAK

Gizarte mugimenduek “Néstor Casa Rosada-ra iristea, nolabait, gobernu herritarra irudikatzen zuela ulertu zuten; borrokaren bidez lortzen diren gobernu horietako zati bat. Eta era berean, ulertu zuten, Latinoamerikan, eraldaketen bidetik zihoazen herrien uholdera batzen zela; politika neoliberalei 180 graduko bira ematea proposatzen zuten herri horiena”, adierazi zuen Borellok. Ekonomia, gizarte eta eskubideen susperraldiak markatutako testuinguru honetan garatu ziren erakunde sozialak. Horietako asko, 2010ko Urrian, aktore garrantzitsuak bilakatu ziren Cristina Fernandezen berrautatze kanpainan. Zenbait mugimendu daude gau kirchnerismoaren barne, ofizialismo guztiz ortodoxoan, hala nola, Movimiento Evita, La Cámpora, Frente Transversal, eta Luis Delía-ren sektore borrokalaria.

“Argentinan, ez bada lortutakoa babesten ezin dela sakondu, hau da, indarrak metatzen jarraitzeko abiapuntua kirchnerismoa dela uste duten mugimenduen artean, bi zati handi existitzen dira: alde batetik, Casa Rosada-tik diseinatutako egituraren barne daudenak, eta bestetik, jatorriko etxe horrekiko independentea den erakunde unibertsoa. Baina esan bezala, azken horretan ere metatzen jarraitzeko abiapuntua kirchnerismoa dela erabat argi daukate”, azaldu zuen Los Pibes jantokiaren buruak.

Gobernutik horren hurbil ez egonda ere, gobernua gogor sostengatzen duten kolektibo hauen baitan, 90ko hamarkadako politiken kontinuismoaren kontrako kritika izpiak agertzen dira. “Arpilatze eredua, sojarena, ez dela aldatu erraz ikus daiteke. Meatze-baliabideen esplotazioa gero eta hedatuagoa dago. Eredu hau, eredu neoliberalean erabilitako aldagai ekonomikoetan oinarrituta mantentzen da”, argudiatu zuen Bertoldik.

Bestalde, kirchnerismoaren kontrako mugimenduak aurki ditzakegu, nagusiki ezker-alderdi tradizionalei lotuta (trotskistak gehienak) eta ez dute eguneroko politikan infl uentziarik. Auzo eta gazte militantzian, aldiz, badaukate parte-hartze aktiboa, baita eskola eta unibertsitateetan ere. Mugimendu hauek, inperialismoaren aurkako eta langilearen babesaren aldeko begirada eta diskurtso zurruna agertzen dute.

HERRITARRAK ETA BALIABIDE NATURALAK

Beste zenbait sektore sozialek, garapena eta iraunkortasunaren inguruko eztabaida berrian oinarritutako erakundeak eratu zituzten. Baliabide naturalen esplotazio masiboaren eraginez, bat-batean eratutako asanblada herritarrak dira. Meatze-proiektuak hazi heinean (Kirchnertarren aroan bereziki), hazi ziren horiek ere; baina soja monolaborantza (transgenikoa) eta baso-mozketaren kontra azaldu ere egiten dira. Gaur egun, Argentina osoko zenbait erakundek sortutako Unión de Asambleas Ciudadanas (UAC) batasunean biltzen dira.

Talde hauek hartutako bidean, jatorrizko nekazal-mugimenduak edo nekazal-mugimendu indigenak daude, bai nazionalak bai probintzialak. Horien artean, Santiago del Estero barrutikoak, MOCASE-k, elikagai organikoak ekoizteaz aparte, aurre egiten die  baso-mozketa masiboei eta komunikazio-iniziatibak sortu ditu.

UAC eta jatorrizko nekazal-mugimenduen borrokak emaitzak lortu ditu askotan, hala nola, meatzeproiektuak geldiaraztean edo erauzketa jardueren arazoak eztabaida publikora eramatean. Jazarpen judizialak sufritu dituzte eta, orokorrean, protesta sozialaren kriminalizazioa gogortu da Amnistia Internazionala eta Centro de Estudios Legales y Sociales (CELS) zentroak haien txostenetan jasotzen duten bezala.

Era berean, agertoki politikoan, beste jatorrizko erakunde garrantzitsuak aurkitzen dira. Hau da Túpac Amaru Elkartearen kasua; 15 probintziatan dagoen auzo-erakunde soziala. Bere nahasturan, jatorrizko herriak dira oinarria, baina Che Guevara eta Evitaren ikurrak ikusi ere egin daitezke. Gobernutik oso gertu kokatzen denez, jatorrizko herri eta komunitate ezberdinek kritikatzen dute. Jatorrizko herrien artean, gobernuari lotutako beste erakunderik badago, baina gobernuaren aurkakoak ere; azken hauen esanetan haien eskariek ez dute erantzunik jasotzen eta administrazio probintzialek zapaltzen dituzte, bizi-baldintza jasanezinak ezarrita. Eskualdeko beste zenbait herrietan ez bezala, espainiar kolonizazioa eta kreol zurien kanpaina militarren artean, Argentinan herri indigenak ia ailegatu ziren desagertzeko puntura.

LORTUTAKO ETA FALTA DENA

“Pobrezia edo langabezia egoeran zeuden sektore sozialak integratzeari dagokionez, eredua oso eraginkorra izan da; politika sozial ezberdinei esker askok pobrezia egoeratik irtetea lortu zuten. Baina gizarte nukleo konkretu batengana ez da eredua heltzen”, azaldu zuen Maiatzan Gastón Chillier-ek, CELSeko idazkari exekutiboak, bere urteko txostena aurkeztu zuenean.

Zenbait gizarte ikertzaileren esanetan, pobreziaren murrizketari dagokionez, diru-sarrena txikiak dituztenen artean proportzioa altua da oraindik, Biztanleria Ekonomikoki Aktiboaren ehuneko 25a inguru. Sektore horretan, langabezia ehuneko 17koa da, ehuneko 15a aldi baterako lanetan edo lan informaletan aritzen da, eta ehuneko 59,8ak ez dauka osasun zerbitzurik. Ferrari-ren esanetan, 2003an, Kirchner-en kargu-hartzearen aurretik, “biztanleria ekonomiko aktiboaren beheko kuartilari dagokionez langabezia ehuneko 36.3koa zen eta ehuneko 18,9raino jaitsi zen 2007ko bigarren seihilekoan Kirchner-en agintaldia amaitu zenerako”.


Rosaura Audi kazetaria da.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.

Artikulu hau “Hego Amerika Erronkak eta aukerak” (54 zenbakia – Laugarren hiruhilekoa – 2012) dosierrean argitaratu da.

Nº 54 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Cuarto trimestre de 2012.


1. 3,6 miloi umeei heltzen den programa da. Programa honen dirulaguntzak jasotzeko, umeak klaseetara joan behar dira eta aldizkako kontrol medikuak egin. Plan hau, haurdunei zabaldu zen.
2. Oinarrizko botikak hornitu, probintzia bakoitzeko osasun sareak indartu eta osasun arloan giza baliabideak trebatzeko plana da.


Print Friendly, PDF & Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *