Archivo de la etiqueta: autogestion

Hezkuntza sistema autonomo zapatista: erresistentzia, hitza eta etorkizuna

Gaur egun bizi ari garen zibilizazio krisia dela eta, gero eta garrantzitsuagoa da gizarte mugimenduek lortutako lorpenak bistatik ez galtzea. Askatasun subjektuak diren heinean horrela ikertu behar ditugu; hau da, “alde batetik, ezagutzan, harremanetan eta arlo materialean egiten dituzten ekarpenak aztertuz; eta, bestetik, modernitate patriarkal, kolonial eta kapitalistak ezarritako menpekotasunak eta esplotazioak gainditzeko estrategia eta prozesuak aztertuz”, Zesar Martinez, Beatriz Casado eta Pedro Ibarraren hitzetan1 . Zapatismoaren ibilbideari erreparatzen badiogu ikusiko dugu nola protesta eta proposamena bateratzea lortu duten. Hezkuntza sistema autonomo zapatistak ondo erakusten digu betebehar biak zaintzen: erresistitzea eta existitzea.