Erein, landatu, zabaldu. La Via Campesinaren VII. Biltzar Nagusia

2017ko uztailaren 16tik 24ra bitartean, Derion, Euskal Herrian, La Via Campesinaren VII. Biltzar Nagusia egingo da. Azken hilabeteotan prestaketa eta antolaketa lanetan murgilduak gaude, 5 kontinenteetatik etorritako 600 baserritar, delegatu, aliatu, itzultzaile… gurean beren etxean bezala egoteko Biltzarrak dirauen artean. Sinetsita gaude memento berezia izango dela, bertako baserritarrontzat ez ezik, Elikadura Burujabetzaren inguruan lanean ari diren eragile nahiz norbanakoentzat ere. Aukera aparta izango da gure aldarrikapenak lehen lerroan jarri, elkarrengandik ikasi, egiten dugun lan lau haizetara zabaldu eta, nola ez, gozatzeko.

La Via Campesina mugimendu internazionala 1993. urtean sortu zen, Monsen (Belgika). Bere baitan biltzen ditu mundu osoko baserritar, produktore txiki eta ertain, arrantzale, artzain, lurrik gabeko langile, herri indigena, emigrante eta nekazari langileak. Mugimendu honek eskala txikiko nekazaritza jasangarriaren alde egiten du, justizia soziala eta duintasuna lortzeko bide gisa; eta irmoki agertzen da gure herriak eta natura suntsitzen ari diren agronegozio nahiz multinazionalen aurka.

Afrika, Asia, Europa eta Ameriketako 73 herrialdetako 164 erakundek osatzen dute La Via Campesina. Guztira, 200 milioi baserritar inguru ordezkatzen ditu. Mugimendu autonomo, pluralista eta multikulturala da, inolako afiliazio politikorik, ekonomikorik zein bestelakorik gabea. Gure mugimenduak 4 urtean behin egiten ditu bere biltzar nagusiak, aldian-aldian eskualdez aldatuta. Biltzar nagusiok dira mugimenduaren erabaki gune nagusia, eta izaera kolektiboa dute. Ildo nagusiak kolektiboki erabakitzeaz eta eztabaidak egiteaz gain, espazio horretan eraikitzen da baserritar mugimendu internazionalaren agenda.

Europan egin zuen lehenengo Biltzar Nagusia La Via Campesinak: 1993an, Belgikan; orduz geroztik, beste 5 Biltzar Nagusi burutu dira; Tlaxcalan, Mexiko (1993); Bangaloren, India (2000); Sao Paulon, Brasil (2004); Maputon, Mozambike (2008); eta Jakartan, Indonesia (2013).

Mundu osoari buelta eman ostean, VII. Biltzar Nagusia egitera berriz ere Europara itzultzea egokitu zaio aurtengoan; oraingoan gurera, Euskal Herrira. Biltzar honetan, segida emango zaie Jakartako (Indonesia, 2013) VI. Biltzar Nagusiko eztabaida eta posizionamenduei.

Biltzar Nagusiak iraungo duen 9 egunetan zehar, munduko baserritarrek nazioarteko koiuntura izango dute aztergai, baserritar borroken ikuspuntutik abiatuta. Besteak beste, aztertuko dira lurren akaparamenduen ondorioak, ekonomia berdea, agronegozioa, transnazionalak, baserritarren eskubideak, biodibertsitatea, lurra, ura, haziak, agroekologia, emakumeak, gazteak, merkataritza askeko itunak, aldaketa klimatikoa, migrazioak…. Aldi berean, pertsonek bizitza duina bilatzea helburu duten eredu alternatiboak planteatuz, La Via Campesinaren proposamen nagusia Elikadura Burujabetza izango da.

Biltzarra uztailaren 16ean hasiko da, Gazteen Asanbladarekin (egun eta erdi iraungo du). Asanblada hori prestatzeko, La Via Campesinako gazteen artikulazioa dagoeneko ari da buru-belarri lanean. Urrian, Kuban gauzatu zen artikulazioaren bileran, aukera izan zuten erabakitzeko zer gai nagusi ekarri nahi dituzten asanbladara, eta eztabaidatzeko nola egin bidea. Gaien artean, formazioa eta komunikazioa azpimarratzen dira, lurren akaparamenduarekin, agroekologiarekin, aldaketa klimatikoarekin eta abarrekin batera.

Jarraian, Emakumeen Asanbladak hartuko du lekukoa, egun eta erdiz. Emakumeen artikulazioa ere murgildua dabil asanbladaren prestaketetan; eta horren erakusgarri da urte honen hasieran El Salvadorren izan duten bilera. Besteak beste, emakume gisa jasaten dituzten jazarpenak eta eskubide urraketak lantzen dituzte, bai eta baserritar feminismoaren eraikuntza ere.

Behin gazteen eta emakumeen asanbladak eginda, uztailaren 19tik 22ra asanblada orokorrari emango zaio txanda. Lau egunez, mundu osoko baserritarren ordezkariak buru-belarri ibiliko dira, hurrengo lau urteetarako ildoak eta estrategiak elkarrekin eztabaidatzen eta adosten. Uztailaren 23an, ekitaldi publiko bat egingo da Bilbon, baserri munduaren eta hiriaren arteko loturak irudikatze aldera; eta, uztailaren 24an, bisitak egingo ditugu zenbait baserritara, munduko beste hainbat txokotako baserritarrek aukera izan dezaten gure baserriak eta errealitatea gertutik ezagutzeko.

Horrekin Biltzar Nagusia bukatutzat emango bada ere, ordezkaritza txikiago batzuek Euskal Herriko herrialdeak bisitatuko dituzte uztailaren 25etik 28ra bitartean, esperientziak trukatzeko mugimendu sozialetako kideekin nahiz erakundeekin bilduta.

Globaletik lokalera, lokaletik globalera

Ohore handia da guretzat gurea bezalako herri txiki batek eta gurea bezalako baserritar erakunde txiki batek munduko baserritar mugimendurik handiena hartzea etxean. Ohore eta ardura handia da, guretzat, La Via Campesinaren Biltzar Nagusia gure lurretan hartzeko aukera izatea.

20 urte baino gehiago pasatu dira Monseko lehenengo Biltzar Nagusi hartan munduko hainbat txokotako baserritar, arrantzale, indigena eta abar bildu zirenetik kapitalismoaren moldeek zekarzkieten erasoei aurre egiteko eta euren bizi forma eta nortasuna defendatzeko. Ozen aldarrikatu zuten haiek zirela munduari jaten ematen ziotenak. Gogoan izan behar da munduko biztanleriaren % 60 nekazari txikiak direla –horietatik, % 70 emakumezkoak–, eta munduko biztanleen % 70 elikatzen dutela. Ezin da ahaztu, haatik, munduan 900 milioi pertsonak ez dutela aukerarik beren elikadura beharrak asetzeko; eta, paradoxikoa dirudien arren, horietako 3tik 2 baserritarrak dira.

Munduko Merkataritza Erakundeak merkantzia bihurtu ditu elikagaiak, eta mundu mailako elikagaien distribuzioaren % 40 dago 100 enpresaren eskuetan. Enpresa gutxi batzuen mozkin ekonomikoak jarri dira munduaren eta munduko biztanleen elikatzeko beharren gainetik. Horretarako, bai araudiak eta baita ekoizpen eta kontsumo ereduak ere egokituz joan dira agronegozioa izeneko enpresa horien beharretara, tokian tokiko baserritarren eta biztanleen kaltetan.

Baserritarrek produktibitatea ugaritu eta homogeneizatu behar izan dute, kanpoko sargaienganako mendekotasuna handituta eta, elikagai osasuntsuak ekoiztetik, zalantzazko kalitatezko lehengai merkeak ekoiztera pasatu dira. Bestetik, gizarteak, elikagaiak erostean, enpresa horiek eskaini nahi dutenaren artean aukeratu baino ezin du egin, aukeratzeko sentsazio faltsua sinetsirik.

Eredu kapitalista honek baserri asko desagertzea ekarri du, Euskal Herrian ere, nekazaritza industrialaren mesedetan. Baserri txiki askotako agertoki batetik –non autonomia mantenduaz natura, giza harremanak eta harreman ekonomiko justuagoak kontuan hartzen diren–, nekazari ustiapen industrial handi baina gutxitako agertoki batera pasatzeak berarekin dakartza, alde batetik, lana galtzea eta nekazari munduaren desagerpena; baina baita bioaniztasuna, eskubideak eta kultura galtzea ere.

La Via Campesinako ordezkariek, lehenengoz Monsen bildu ziren hartan, adostu zuten gogor egingo zutela lan gizarte justu bat eraikitzeko alternatibak sortzeko; eta hiru urte beranduago, 1996an, Elikaduraren Munduko Batzar Nagusia zela aprobetxatuz, Elikadura Burujabetza proposatu zuten alternatiba zentral gisa.

Elikadura Burujabetza uler daiteke herrien eskubide moduan, euren elikaduran eragina duten gai guztien inguruan erabakitzeko; eta agroekologia ezinbesteko tresna da, La Via Campesinarentzat, Elikadura Burujabetzaren bidean.

Gurean ere ahalegin horietan gabiltza. Urteak dira argi ikusi genuela apustua egin behar genuela LVCk proposatzen zuen Elikadura Burujabetzaren alde: besteak beste, baserritarrontzat –baita, oro har, gizartearentzat ere– egokiagoak diren Nekazaritza eta Elikadura politikak aldarrikatzetik hasita, produkzio eredu agroekologikorantzako bidea egin arte; edota gizartearekiko konfiantzan eta gardentasunean oinarritutako komertzializazio harremanak sortuaz.

Ildo horretan, gero eta esperientzia gehiago ditugu gurean. Urteak joan urteak etorri, gero eta gazte gehiago ari dira baserriratze prozesuetan murgiltzen, eta harro esan dezakegu horietatik ehuneko handi bat eredu agroekologikoan instalatzen dela hasieratik. Transformazio gune txikiak sortzen ari dira; merkaturatze sareak eta esperientziak sortu dira, kanal laburrak eta gertutasuna lehenetsita; lurrak lortzeko ekimenak ditugu; ahaleginetan gabiltza jangeletako eredua aldatzeko; gizarteko hainbat eragileren artean, elkarlanak ahalbidetzen ari dira guztion interesekoak diren gaietarako; zenbait udal eta eskualdetan, ekimenak martxan jartzen ari dira bertako garapen jasangarria eta nekazaritza iraunkorra sustatzeko…

Esaten dugunean “garapen eredu jasangarriak ezartzea”, besteak beste nekazaritza jarduerari pertsona berriak atxikitzeko beharraz ari gara, eta ezinbestekoa da prozesu horiek formazioaren bidez elikatzea eta gidatzea. Ekoizpenerako formazio integralaz hitz egiteaz gain,  intersektorialitatean eta gizarteko eragileen arteko aliantzetan oinarritutako formazioa ere oinarrizkoa da; eta, kasu honetan, unibertsitatean ere badu oihartzuna: sortzen ari dira ekimenak.

Bide honetan, formazioa da zutabe nagusietako bat, eta guretzat seinale ezin hobea da egun nekazari eskoletako matrikulazio eskaerak plaza kopurua gainditzea; gauza bera, nekazari eskoletan agroekologia modulua txertatu izana ere.

Baserritarren munduarekin, nekazaritza jarduerarekin eta elikadurarekin zerikusia duen guztian, zenbait formazio prozesu abian dira unibertsitatera ekimen berriak egituratzeko beharra hurbiltzeko asmoz: horren adibide dira agroekologiari buruzko graduondoa (Udako Euskal Unibertsitatearekin) eta Baserritik Mundura ikastaroa (ETXALDEren eta EHU/UPVko Hegoa Institutuaren arteko elkarlanean).

La Via Campesina, 1993. urteaz geroztik, hainbat lan egiten ari da bidea markatzeko eta iparra marrazteko. Asko dira hartutako erronkak, eta hainbat dira La Via Campesina familia handi honen eraikuntzan eginiko ahaleginak. Bidean malko asko eta irribarre eta poz gehiago jaso dira, eta aurtengo uztailaren 16tik 24ra bitartean, Derion, Euskal Herrian, izango dugu berriz memento magikoa bizitzeko aukera, gurean errepikatzea zaila izango dena.

Esaten dute La Via Campesinaren Biltzar Nagusia pasatzen den tokian hazia ereinda geratzen dela. Hazia, zeina gizarte justuago baten aldeko lanean jarraitzeko indarra emateko erneko baita.


Unai Aranguren Gortazar eta Alazne Intxauspe Elola  EHNE Bizkaia sindikatuko kideak dira. @EHNEBizkaia, www.ehnebizkaia.eus


#00 Herriak – Ekaina 2017 aldizkarian argitaratutako artikulua.

Print Friendly

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude