Erailak, jipoituak, kartzelatuak: Lurralde-gatazka sozial eta ekologikoen inpaktua Peruko emakumeen gorputzen gainean

Lizeth Vásquezek arrosa koloroeko lan-jantzia zeraman 10 poliziak bidezidor batean bera jipoitu eta bertan laga zutenean. 2012ko maiatzaren 31 zen eta Lizeth Cajamarcako Bolognesi plazan zegoen. 17 urterekin bere barne asaldurak Conga meatzaritza-proiektuaren kontra jarri zuen Liseth. Zein izan zen bere delitua? Mobilizazio baketsu batean parte hartzea eta, poliziek eltze komunak ostikoz jo zituztenean eta sukaldatzen ari ziren emakumeak iraindu zituztenean, haserretzea. Emakume horien artean, bere ama zegoen.
Emma Gasco.

Emma Gasco.

Lizeth-ek emakumeak bakean uzteko agindu zienean, poliziek makilaz jo zuten. Gero, iletik tiraka 50 metroz arrastaka eraman zuten eta jipoitzen jarraitu zuten. Hori gutxi balitz, autoritatearen aurrean erresistitzeagatik salatu zuten Liseth Vásquez Chiclayoko Fiskaltzan (ez, ez da ironia) eta fiskalak 9 urteko kartzela eskatu zuen berarentzat. Honek Cajamarcako Unibertsitateko ikasle honi sortu zion larritasunaz gain, zailtasun ekonomikoak eragin zizkion familiari, Lisethek eta bere amak Cajamarcatik Chiclayorako bidaia (500 km) ordaindu behar baitzuten kausaren bistan egoteko. Azkenean, kasua artxibatu zen bi urteko prozesu baten ondoren.

Global Witness-en txosten berri baten arabera[1], Peru munduko 4. herrialderik hilgarriena da ingurumenaren eta lurraren defendatzaileentzat, Brasil, Honduras eta Filipinen atzetik. 2002 eta 2014 artean, gutxienez 57 aktibista hil zituzten Perun (horietako gehienak azken lau urteetan). Txostenaren arabera, “hilketa hauetako gehienak meatzaritza-proiektuekin lotutako gatazken eragina izan ziren”. 2013ko beste txosten baten arabera[2], zenbait meatzaritza-enpresak hitzarmenak sinatu zituzten Peruko polizia nazionalarekin. Hitzarmen hauek “segurtasun-indar publikoen independentziaren kontrakoak dira, eta praktika mertzenarioak ematen dute”.

Hamarka emakume dira mobilizazioetan zauritutakoak, gehienak, kolpez. Beraz, Lisethen kasua ez da bakana: Cajamarcan poliziak Giza-Eskubideen Koordinakunde Nazionaleko abokatuak (Amparo Abanto) eta Herriaren Defendatzailearen bulegoko abokatu bat (Genoveva Gómez) jipoitu ditu; Tragadero Grande-n, Sorochuco eskualdean, DINOES operazio berezien zuzendaritzako talde batek Chaupe familiako emakume guztiak (Máxima, Ysidora eta Jhilda) jipoitu zituen euren lurrak utzarazi zizkienean. Haatik, oraindik ere, Yanacocha meatzaritza-enpresak ez du lortu lur horien jabea dela frogatzea. Jhilda adinez txikia zen orduan baina, hala ere, AKM fusil batez jipoitu zuten. Jipoiaren ondorioz, neskak zenbait orduz galdu zuen konortea. Máxima eta bere alabak mediku legelariarenera[3] joan ziren eta honek kolpeen inguruko agiria egin zien. Hala eta guztiz ere, Sorochucoko komisarian salaketa artxibatu zuten.

Kriminalizazioa eta salaketak

Protestetan parte hartzen duten emakumeek jipoiak eta sexu-laidoak (Peruko iparraldeko Piura mendietako Majaz kasuan bezala) jasan behar izan dituzte. Emakume horietako askok kriminalizazioa pairatzen dute eta delitu anitzen salaketak egin dizkiete, besteak beste, estortsioarena astungarriekin. Kasurik ezagunena Máxima Acuña de Chauperena da. Berari usurpazio delitua astungarriekin egotzi zioten (Yanacocha enpresak bere lurrak inbaditzea leporatzen dio). Baina hori ez da guztia. Rosa Sara Huamán Cañariseko buruzagi indigenak hamar salaketa baino gehiago izan ditu. Gainera, salaketak Chiclayo eta Jaéneko fisklatzetan egin ziren eta bertatik Rosa Sararen etxera hainbat orduko distantzia dago.

Ohoreak hondatzeko irain-kanpainak erauzketan oinarritutako garapen-ereduaren disidenteen kriminalizazioaren parte da. Mirtha Vásquez Máxima Chauperen abokatua da eta Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza eta Esku-Hartze Taldeko (GRUFIDES) zuzendarietako bat ere bai. GRUFIDES Cajamarcan kokatutako ingurumenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundea da. Eskualdeko prentsa etengabe dabil Mirtha Vásquezen atzetik eta berak Giza-Eskubideen Amerika arteko Batzordearen kautelazko neurriak dituen arren, bere etxea eraso arraroak izan ditu. Ni neu, testua idazten dudan hau, hedabide ezberdinetatik irauntzen naute (besteak beste, El Comercio, Correo eta Perú21), “terroristak defendatzen ditudala” eta meatzaritzaren eta, hortaz, “herriaren garapenaren” kontra nagoela argudiatuz. Hedabide hauek berek ni erasotzea justifikatzen dute, pertsona batek mobilizazio batean tu egin zidanean gertatu bezala.

Gizarte-mobilizazioen testuinguruan, ohikoa da poliziek eta autoritateek emakumeak eta euren seme-alabak mehatxatzea. Aldi berean, gizonezko buruzagi askok erresistentzia ager-
tzen dute emakumezkoen buruzagitzak onartuak eta ofizialak izaten direnean. Batzuetan emakumeak mobilizazioetako fronte gisa erabiltzen dituzte, poliziek nekez joko dituztelakoan; baina ez da hala. Beste batzuetan etxeko lanez gainkargatzen dituzte mobilizazioetan parte hartzeari utz diezaioten. Era berean, emakumeek beren gain hartzen dute poliziaren ekintza kriminalen salaketaren ardura, nahiz eta justiziarako sarbidean eta eurena ez de hizkuntza batean hitz egiteko zailtasunak izaten dituzten. Era berean, eurek ordaintzen dituzte salaketa hauei lotutako garraio-kostuak.

Aurrera jarraitzeko indarra

2014ko irailaren 19an, Perun misio batean egon ostean, Legean eta Praktikan Emakumearen kontrako Bereizkeriaren inguruko Nazio Batuen Giza-Eskubideen Batzordeko lan-taldeak hau adierazi zuen bere deklarazioan[4]:

“Erauzketa-industriek herriari ekarriko dizkioten onura ekonomikoak gorabehera, industria hauen inpaktuak […] ingurumenerako eta gizarterako ondorio latzak ekarri ditu. […] Euren lurrak, bizibideak, edateko ura eta nekazaritza-jarduera kentzen zaizkie. […] Emakumeen esanetan, neskek industrietara lan egitera datozen gizonetariko batzuen sexu-indarkeria pairatzen dute, gehienbat, Amazioniako eskualdean; hauek, eskolarako bidean bortxaketak jasaten dituzte baita prostituziorako salerosketa ere. Euren lurrak kentzean emakumeek hirira joan behar izaten dute eta autoritateek ez dituzte trebatzen inguru ezberdin horretan euren buruak eta seme-alabak mantendu ahal izateko”.

Zoritxarrez, gaur egun, pairatu behar dituzten prozesu traumatikoen eta euren eskaerak azpian jartzearen ongorioz, borrokatzen duten emakumeak nekaturik daude (Maxima Chaupek, adibidez, migrainak, zorabioak eta hanketako hozmintzeak izaten ditu etengabe).

Hala ere, emakumeak izaten dira Herrien Gailurrean parte hartzeko antolatzen direnak eta erakunde indigenen arteko agendak antolatzen dituztenak. Gainera, hobe beharrez, topaketa feministen eta nekazarierronden edo denfentsarako fronteen arteko topaketen  kontzeptu-esparrua zalantzan jartzen dute. Mendez eta mendez eusteko izan duten indar berarekin, emakume indigenek latinoamerikar guztiei erakusten digute hau: emakumeak eta lurra ez gara konkistatzeko lurraldeak.


Rocío Silva Santisteban (Lima, 1963) kazetaria eta olerkaria da. Gaur egun, Giza-Eskubideen Kordinakunde Nazionalaren zuzendaria da (derechoshumanos.pe).

Castellano: “Asesinadas,  golpeadas,  encarceladas: El impacto de los conflictos  sociales ecoterritoriales en los cuerpos de las mujeres peruanas“.

Artículo publicado en el nº64 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


OHARRAK:

  1. Global Witness (2014): El ambiente mortal de Perú. El aumento de asesinatos de defensores ambientales y de la tierra. Hemen eskuragarri: derechoshumanos.pe
  2. Policía mercenaria al servicio de las Empresas Mineras txostena 2013ko abenduan argitaratu zuten Giza Eskubideen Koordinakunde Nazionala, Mehatxatutako Herrientzako Elkartea, Mugarik Gabeko Giza Eskubideak eta Garapen Iraunkorrarerako Hezkuntza eta Esku-Hartze Taldea (Grufides) erakundeek.
  3. Justiziak enkargatutako medikua medikuntza legalaren arloko arazoan irizpenak emateko.
  4. Frances Raday Giza Eskubideen Batzordeko lan taldeko presidente-erredaktoreak eta Alda Facio lan taldeko kideak sinatutako deklarazioa. Hemen eskuragarri: www.ohchr.org.

Print Friendly

Un pensamiento sobre “Erailak, jipoituak, kartzelatuak: Lurralde-gatazka sozial eta ekologikoen inpaktua Peruko emakumeen gorputzen gainean”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *