Atzerakoiaren eta modernoaren inguruan. Ahaidetasuna eta bitartekotza gaur egungo Mozambiken

1975. urterarte Mozambike portugaldar kolonia bat zen. Independentziaren ostean, kultura eta etnia anitzek osatutako herri honek 16 urteko gerra zibila pairatu zuen, 1992an amaitu zena. Bai kolonian bai kolonia ostean, ohitura askori eraso egin zitzaion modernitatearen izenean, hala nola, ezkonsaria edo 'loboloari'. Baina ezkonsaria atzerakoitzat jotzeak familiaren euskarri nagusietako bat alde batera uztea ekarri zuen.
Escaleras en Mozambique. Fotografía: Kool Skatkat (www.flickr.com).

Escaleras en Mozambique. Fotografía: Kool Skatkat (www.flickr.com).

Mozambike afrikar kontinentearen hego-ekialdeko kostaldean kokatuta dago. 25 milioi biztanle inguru ditu. Bere hiriburua Maputo da eta 10 probintziatan banatuta dago. Herrialdean hizkuntza nazionala den portugesa barne hartuta, 41 hizkuntza hitz egiten dira neurri ezberdinetan. Herrialde multikultural eta multietnikoa da. Herriaren iparraldean maconde, yao eta macua[1], herriak aurkitzen dira, bakoitza bere berezitasunekin; erdialdean, cena, nadau, ciwabo, dema, tauara, nyungwe eta ngoni herriak eta euren kulturak; hegoaldean, rhonga eta changana. Adibide gutxi batzuk baino ez dira, talde etniko gehiago baitago, euren nortasuna bai hizkuntzan bai izaera komunean oinarritzen dutenak[2].

Ahaidetasuna eta mozambi ketar familia

Agerikoa ematen badu ere, gogorarazi nahi dugu hau: afrikar gizarteez hitz egitea eta mendebaldeko familiez hitz egitea ez da gauza bera, desberdintasunak ugariak dira. Horietako bat familia ulertzeko modua da. Mendebaldean, ohiko familia nuklearra da, hau da, zuzenean lotura biologikoek definitua: aita, ama eta seme-alabak, elkarrekin bizi ala ez. Mozambiken, familiaren konfigurazioa ez da nukleo biologikora mugatzen, aitzitik, odoleko ahaide eta kidekoei zabaltzen da. Muga biologikoak gainditzean, familia zabalaz hitz egiten da[3].

Familia bi kideren arteko loturaren emaitza da. Bi kide horietako bakoitzak bere taldea utzi eta beste taldeko ezagun batekin ezkontzen da. Mugimendu hau, afrikar testuinguruan, ez dagokie gizon bati eta emakume bati bakarrik, aitzitik, bi aldeetako kideek adostu eta onartzen dute lotura. Adosten dutenak amaldeko izan daitezke, amaldeko familian oinarritzen diren taldeez ari garenean edo aitaldeko osa- ba-izebak, aitaldeko familian oinarritzen direnen kasuan. Gurasoak berak ere izan daitezke lotura adosten dutenak. Aurrerago gai honen inguruan izan dugun eskarmentu bat azalduko dugu osaba-izeben rola hobeto ulertzen laguntzeko. Laburbilduz, esan daiteke gizona ez doala inoiz bera bakarrik emaztegaiaren gurasoen etxera bere burua aurkeztera eta emakumearekin ezkontzeko mandatu egitera. Osabarekin joango da, ordea, eta osabak egingo du ezkontzeko mandatu formala.

Sinboloa, bi tartekotza, ildo patriarkala eta sistema uxorilokala

Ahaidetasun harremanak, afrikar gizarteetan, harremanak sortzeko negoziazioetan funtsezko rola duten pertsona eta simboloen artekaritzaren bidez sortzen dira. Abereak dituzten taldeetan, adibidez, hau sinbolo garrantzitsua izango da alderdi biren arteko harremanak finkatzeko. Hau lobolo izenez ezagutzen den prozesua da, hots, talde etniko anitzetako ezkonsaria. Abererik ez badago, ordainketa diruzkoa izango da. Ezkonsaria ohitura tradizionalenetariko bat da Mozambiken.

Mozambikeko hegoaldean familiaren osaketak ildo patriarkalean oinarritzen da; aitzitik, Zambezi araneko iparraldeko cewa herriak ildo matriarkalari jarraitzen dio. Sistema patriarkalean, ezkontza ostean, emakumea senarraren familiako kide bilakatzen da eta berea ez den etxe batera joango da bizitzera. Hots, bizilekua gizonaren jatorrizkoa izango da. Ezkontzak botere-harreman honi lotuta egongo dira, non emazteak senarraren familiaren bizikidetza arauak bete beharko dituen[4]. Cewa herriaren kasuan gizona da emakumearen herrixkara bizitzera doana. Kasu honetan bizilekua uxorilokala da, latinez uxori (emaztea) eta locus (lekua).

Ezkontzak hiru modura egiten dira Mozambiken: erlijiosora, zibilera eta tradiziozko modura. Ezkonsaria (loboloa) tradiziozko ezkontzan egiten da, bai herriaren hegoaldean bai erdialdean nyungwe eta dema herrietan. Emakume mozambiketar askorentzat loboloaren zeremonia garrantzitsuena da: konpromisoa irudikatzen du. Ezkontzaren onarpena gauzatzen duen ohitura da, ugalketa, egonkortasuna eta gizon bat eta emakume baten arteko eskubide eta betebeharrak euren komunitateen aurrean bermatuz. Tradizioaren arabera, ezkonsaria bi familien artean ezkontzaren aurretik egindako akordioa da. Ez dira senar-emaztegaiak edo euren sentimenduak kontuan hartzen, bi familiek sortuko duten harremana baizik.

Hegoaldeko aurkezpen erritua

2014ko apirilean, Maputo hirian, aurkezpen eta ezkonsari zeremonietan parte hartu genuen. Aurkezpena ezkonsariaren akordia baino bi aste lehenago egiten da eta erritu horretan senargaia, bere ordezkariak lagunduta, emaztegaiaren familiari aurkezten zaio. Momentu hartatik aurrera familia biek elkar ezagutzen dute ofizialki. Inhambane-koa zenez, hizkuntza patriarkala erabili zuten (aita da familiaburua) erritu horretan.

Aurkezpenaren ondoren lobolorako prestatu ginen. Aurreko egunean, emaztegaia (kasu honetan senargaiarekin bizi zena aldez auretik), bere gurasoen etxera joan zen eta bertan geratu zen, etxez kanpoko inorekin traturik izan gabe egun seinalatua heldu arte. Senargaiaren familia emaztegaiaren aitaren etxera joan zen eta zenbait opari eraman zuten: freskagarriak, garagardoak, bost litro ardo eta tradiziozko edari batez betetako bonbilla bat. Musikarekin egin ziguten harrera eta ondoren egongelan sartu ginen, bertan eseri eta itxaron genuen.

Emaztegaiaren aitaldeko osabak, aitabitxia zenak, zeremonia zuzendu zuen hiru ilobaren eta izeba biren laguntzarekin (izebetako bat amabitxia zen). Hitz egiten hasteko eta eskaerak egiteko, gurekin etorritako eta tradizioa hobeto ezagutzen zuten elizandre bi, negoziazioen buru izan ziren; 20 edo 40 metical[5] eskainiko zituzten. Hortik gertu amabitxia zegoen eserita, jasotakoaren kontua egiten eta eskaintza onartuko zuten ala ez aitabitxiarekin eztabaidatzen.

Ezkontzako mandatuaren metaforak

Changana izeneko hegoaldeko hizkuntzaz hasi ziren hizketan eta emaztegaiaren osabak zera galdetu zuen: Zer nahi duzue? Erantzuna hau izan zen: “Yikombela mati”, hau da, “ur eske ari gara”. Ura emaztegaiaren metafora da. Ura likido preziatutzat jotzen da, hain zuzen ere, familiak galdu berri duen alaba bezala, handik aurrera beste familia bateko kide izango dena.

Emaztegaiaren familiak, bere dirubalioa zenbatetsi ostean, beste emakume batekin batera aurkeztu zuen alaba, biak goitik bera estaliak. Nahi zuten emakumea zein zen asmatu behar izan zuten. Kasu honetan lehengo aukera okerra izan zen. Emakumeak joan ziren eta bueltatzeko eskatu zitzaien. Bigarren aukera zuzena izan zen.

Galdetu ziguten ea zer geneukan eskaintzeko, zeren emaztegaiak ez baitzuen zer jantzi. Soinekoa, zapatak, lepokoa, belarritakoak eta eskumuturrekoa eskaini genion. Aitabitxi eta amabitxiari (aitaldeko osaba eta izeba ri) ere arropak eskaini genizkien. Izebek emaztegaia eraman zuten eta ondo jantzita ekarri zuten bueltan. Orduan izebek emaztegaia inguratu eta, abestuz, sorte ona eta harreman egonkorra opa izan zioten. Gelatik kanpo eraman zuten eta beste senide guztiei eta lagunei erakutsi zieten. Bueltatu zirenean, emaztegaiaren familiari eskaintzeko zer zuten galdetu zioten senargaiaren familiari. Edariak eta txanponak eman genizkien. Azkenean, senargaiaren gurasoei zer nahi zuten galdetu zieten. Erantzuna zera izan zen: “ezkontzarako baimena”.

Eskontzeko mandatuaren momentua emaztegaiari bere gurasoen etxea uzteko eskatzeko momentua ere bada. Kontuzko momentua da. Kontatzen dugun esperientzia honetan, mila metikal eskaini zitzaion emaztegaiaren familiari. Baina ez zen erraza izan, izan ere, mila metikalak 200 metikaleko bost billetetan eskaini ziren eta tradizioz 100 metikaleko hamar billetetan eskaini behar denez diru lizuntzat hartu zen.

Barkamena eskatu genien haiei eta arbasoei. Txanponak eskaini genituen diru lizuna garbitzeko eta 500 meticaleko zorrarekin geratu ginen. Billeteak 200ekoak izan arren 100ekoak bailiran zenbatu ziren, garrantzia billete kopuruak baitu eta ez balio dutenak. Gainera, bost urte ziren emaztegaia senargaiarekin bizi zela eta haurdun zegoen. Horregatik, 9000 metikal baino gehiagoko izuna ordaindu behar izan genuen. Izun hori emaztegaiaren familiari “ur bitxia” galtzeagatik eskainitako ordaina zen. Horrez gain, arbasoek, familia berriaren eraketa madarikatu beharrean, sorte ona eta zoriontasuna opa ziezaioten lortu nahi zuen izunak, eta etorkizunean senargaiaren familiaren arbasoekin ere batu ahal izatea. Horrela hasi zen bi familien arteko harremana[6].

Senargaiaren familiak ezkontza onartu ondoren, senargaiari aitabitxiarekin batera zeremonian parte hartzera deitu zioten. Emaztegaia senargaia hartzen du eta jaia hasten da, dantza askorekin, oparotasuna opa duten abestiekin, edariekin, jakiekin eta emaztegaiaren amabitxiak egindako otoitzarekin eta bere ama besoetakoa egindako otoitzarekin. Azkenean brindis bat.

Ospakizunera etorritakoek opariak egin zizkioten bikoteari euren etxea egin ahal izateko. Senarrak emaztea eraman nahi izan zuen bere familiak agurtu nahi baitzuen baina ohartu ziguten emazteak aitaren etxean igaro behar zuela gaua. Senarrak nahi bazuen gera zitekeen, biharamunean bere amaren etxera ospatzera joan ahal izateko. Eztabaidatu ondoren, senarra biharamunean bueltatzeko konpromisoa hartu zuen, baina tradizioaren arabera arratsaldez bueltatu behar zatekeen etxera… eta gaua zen.

Joandakoan geure buruari galdetu genion zergatik izan zen dena horren zaila, egindako okerren zergatia. Senarraren familiak esan zigun, orduan, euren jatorrian (Quelimanen) ohiturak ezberdinak zirela.

Aurkezpen erritua erdialdean: “mphete na phaza”

Teten, Zambezeko araneko lur garaietako dema eta lur beheretako nyungwe herrien baitan “mphete na phaza”, belarritakoa eta atxurra, izeneko simboloa dago. Edozein ezkontza sinbolismo honek markatzen du. Balio sinbolikoa duen zenbatekoa da senargaiaren gurasoek emaztegaiaren gurasoei egindakoa. Hala ere, eskontza burutze aldera, hau familia bien arteko akordiaren seinale nabariena da[7]. Tradizioak agindu eta aurreikusitako ordain hau gabe egiten den ezkontza izunak eta zailtasunak ekar liezazkieke ezkongaiei. Beraz, oso kontu garrantzitsua da eta senargaiak tradizioari zintzo jarraitzeko eta artekarien papera errespetatzeko konpromisoa hartzen du.

Herrialde osoan zehar, talde etniko bakoitzak bere garrantzizko sinboloa du ahaidetasun harremanak sortzeari dagokionez. Afrikar gizarteak ezagutzeko, hortaz, mundu sinboliko zabal hau ezagutzea beharrezkoa da. Izan ere, Zer da kultura ez bada taldeen arteko harremanak orekan sortzeko sinbolizazio gaitasuna?


Antonio Alone Maia, São Paulo-ko Assunção Unibertsitate Zentroan Teologian graduatua da, afrikar eta afro-brasildar herriak ikertzen ditu. Marina Di Napoli Pastore Terapia Okupazionalan aditua.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egina da.

En castellano: “Sobre lo retrógrado y lo moderno. Parentesco y mediaciones en el Mozambique actual”

Número 62 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


NOTAS:

  1. Martínez, Francisco Lerma (2008): O povo Macua e a sua cultura. Analise dos valores culturais do povo macua no ciclo vital, Mauá, Moçambique 1971-1985. 2ª edição, Maputo.
  2. Talde etnikoak gizarte antolakuntza bilakatzen dira eurek edo besteek kategoria etniko ezberdintzat hartzen dituzten neurrian. Oinarrizko balore komunak dituen taldea da, balore hauek forma kulturaletan batasunez gauzatzen direlarik. Gain honen inguruan gehiago jakiteko hurrengo lana gomendatzen dugu: Philippe Poutugnat y Jocelynes Streiff-Fernart (2011) Teorias da etnicidade. Seguido de Grupos étnicos e suas fronteiras, São Paulo, UNESP.
  3. Ikus oharrean aipatutako lana.
  4. Inguruan, hurrengo lanak: Granjo, P. (2005): Lobolo em Maputo. Um velho idioma para novas vivências conjugais, Porto, Campo de Letras; eta Bagnol, B. (2008): “Lovolo e espíritos no Sul de Moçambique”, hemen eskuragarri: Análise Social, XLIII. libk. (2.a).
  5. Euro bat 43 metical inguruko balioa du (2014ko ekaina)(itzle. oh. 2014ko ekaina).
  6. Ikus 4. oharra.
  7. Martins, Manuel dos Anjos (1991): Elementos da língua Nyungwe, gramática e Dicionário Nyungwe-Portugues- Nyungwe, Lisboa, Editorial Além-Mar.

Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *