Ramon Reig. Irakasle eta kazetaria: “Kazetaritza urratzailea da, edo ez da”

1975. urtean hasi zen kazetari lanetan Ramon Reig (Sevilla, Espainia, 1954). 1991tik Sevillako Unibertsitateko irakaslea da. Ambitos aldizkaria zuzentzen du.
Ramón Reig. Berria.

Ramón Reig. Berria.

Komunikabideen eta boterearen artean dagoen harremanean zer tesi defendatzen duzu?

Edozein boterek bitarteko batzuk behar ditu, botere horretan ahalik eta denbora gehiena mantentzeko. Egun botereak gizartea kontrolatzeko duen modua iraganean baino sofistikatuagoa da, eta gizartean askatasun ilusioa sartu du. Botereak egitura mediatiko bat behar du. Egitura horretatik mezu batzuk sortzen dira, botereari interesatzen zaion egitura mantenduko dutenak. Merkatuak pluralismora eta demokraziara jokatzeko aukera ematen du, baina funtsean kontrol zehatz bat dago. Espainiako kasuan, bi alderdiko sistema dago. Alternatiba batzuk sortu dira, botereak kontrolatzen ez dituenak. Botereak egitura mediatikoak guardian jarri ditu orduan. Hedabide asko daude, baina horrek ez du esan nahi pluralismoa dagoenik.

Nolako enpresak daude sartuta komunikazio taldeetan?

Mota guztietako enpresak sartu dira kazetaritzan: bankuak, arma enpresak, eraikuntzako enpresak —dirua zuritzeko—, auto enpresak… Merkatuak kapitalaren dibertsifikazioarekin funtzionatzen du. Egoerarekin gehien sufritzen dutenak herritarrak dira. Hedabideetan interes arrotzak daudenez, herritarrak Interneten babesten ari dira gero eta gehiago.

Interneten eta hedabide digitaletan al dago itxaropena?

Bai. Jendeak Internetera jotzen du benetako pluralismoaren bila. Kioskoan pluralismoa ez da oso benetakoa. Beste gauza batzuk esaten dituzten hedabide digitalak sortu dira. Boterearen aurkako ahotsak aurki daitezke. Kazetaritza urratzailea eta ausarta da, edo ez da kazetaritza. Dena den, Internet esku pribatuetan dago, eta entxufea ken dezakete edonoiz. Batetik, Youtuben, adibidez, zentsura dezente dago. Bestetik, kazetaritza ona argi bat da garunarentzat, eta ordaindu egin behar da.

Ikerketa kazetaritza aztertu izan duzu. Zer egoeratan dago?

Benetako kazetaritzak beti izan behar du ikerketa pixka bat, zeren kopiatu eta pegatu egiten duten langile asko daude egun. Ikerketa kazetaritzatzat jotzen dena ere egiten da, lan interesgarriekin. Baina gehienetan botere publikoaren aurkako lanak dira. Egun, botere pribatua da jaun eta jabe, eta ikerketak gehiago jo beharko luke hortik. Adibidez, Iberiar penintsulan bostehun pertsona baino gehiago daude ogasunari iruzurra egiten diotenak. Ez dakit zergatik ez den gehiago hori ikertzen. Googlek eta Interneteko beste enpresa handiek ere ez dute Espainian deklaratzen. Hedabideen jabeak ez dira urruti ibiliko.

Bi alderdiko sistema defendatzeko konplot mediatikorik iritsiko al da Podemosen aurka?

Hori badago jada. Sistemaren gertuko hedabideek erabiltzen duten politika argia da: haurra hil behar da hazten jarraitu aurretik. Podemos luzera ameskeria izan daiteke, baina urduritu egiten du sistema, jendearen ezinegona jasotzen duelako. Podemosek ilusioa pizten du, eta merkatuaren sistema jendearen ilusioa hiltzeaz bizi da.

Jose Antonio Sanchez izendatu dute RTVEko presidente, PPren botoekin. RTVE zein telebista autonomikoak unean uneko gobernuko tresnak direla salatzen dute maiz. Ez al litzateke beste eredu bat beharko?

Bai, noski. Telebista publikoak manipulazio politikorako tresna izan behar badute, itxi ditzatela, eta dirua beste zerbaitetan erabili. Telebista publikoak badaude, erakunde independenteak egon behar dute, alderdi politikoetatik erabat aparte. Inorrekin ezkontzen ez den jendea behar da. Hartzaileari, bestalde, ahots guztiak eskaini behar zaizkio.

Kazetaritza irakasle moduan zer gomendatzen diezu ikasketak amaitu dituzten gazteei?

Elkarrekin antola daitezela. Esaten zaie ekintzaileak izateko, baina ohartarazi behar zaie hamar proiektu berritatik zortzik porrot egiten dutela. Ekintzaile izatekotan, antzeko gauzak egiten ari direnekin bat egitea komeni zaie. Originala izatea ere garrantzitsua da. Nahiz eta merkatuaren boterea indartsua den, hori hor dagoela kontziente izan behar dute.


Berria, 2014-10-24.

Info: Donostian, urriak 21-23: Jardunaldiak “Komunikazioa, potereak eta demokrazia”


Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *