Portugal eta kolonia ohiak, lagun aizunak

Portugalen izan diren azken gobernuen kanpo politikaren lehentasuntzat hartzen bada ere, Portugal eta bere kolonia ohien arteko harremana ez da, hain zuzen ere, horizontala edo arazorik gabekoa. Momentuaren arabera, erabateko interes faltatik “loturak sendotzeko” borondatera igaro da, komeni izan denean. 2015ean independentzien 40. urteurrenaren ospakizun ugari egongo da. Hauek askapen nazionalerako mugimenduek aldarrikatu zituzten Portugaleko erregimen faxistak absurdoraino mantedutako gerra luzeen ondoren.
Fotografía: Paolo Margari.

Fotografía: Paolo Margari.

1960z geroztik ia Afrika osoa deskolonizatuta zegoen. Portugal izan ezik, guztiak ohartzen ziren jai inperialista bukatu zela. Azterketa labur honek portuges hizkuntzadun afrikar herrietan (PALOP) jartzen du arreta; izan ere, herri hauen errealitateak oso ezberdinak dira euren artean, lusofoniaren espazioa oso asimetrikoa da, alegia. Hau, berez, iragan kolonialaren ondorioetako bat da.

Independentzien ostean etorritako denboraldialdi asaldatuen artean zenbait paralelismo topa daiteke, adibidez, hauek: molde sozialisteko alderdi bakarreko erregimena 1991. urte arte, merkatura zabaldu eta alderdi anitzeko sistemaren hasiera (1992) eta, Mozambike eta Angolaren kasuan, gerra zibil bortitzak (1992. eta 2001. urte arte, hurrenez hurren). Herrialde hauek Gerra Hotzeko jostailuak izan ziren baliabideak eta indar posizioak lortzeko borrokatzen zuten potentzien eskuetan. Ondoren, kapitalismoa lagunduko zuten demokrazien saiakera egin zen eta, sektore batzuetako ahultasun handiez gain, atzerriko interesen eta mendekotasunen gestio txarra ezaugarri zituen neokolonialismoa sortu zen.

Cabo Verde eta Sao Tome ez zuten gerrarik pairatu baina kolonia garaian gogortasunez esplotatuak izan ziren (hau da, adibidez, kafe eta kakao laboreetan lan egiteko lekuz aldatzera behartutako pertsonen kasua). Herri hauek baldintzatzen dituzten beste elementuak ere badaude, hala nola, artxipielago izatea eta Sao Tomen bizi diren Cabo Verdeko ondorengo ugariak.

Lusofoni eta desberdintasunak

Kolonizatzaile ohiarekiko familiartasuna desberdina da herrialde hauetan. Angola eta Cabo Verderen kasuan handiagoa da Mozambikeren kasuan baino, azken hau bere eskualdeko, hots, hegoaldeko Afrikako herrialdeekin baitu harreman handiagoa. Azken urteotan, hala ere, baliabide mineralen, gas naturalaren eta ikatzaren ustiapena dela eta, herriak Portugaleko inmigranteak jasotzen hasi da berriro.

Fotografía: Marta Lança.

Fotografía: Marta Lança.

Gizarte- eta ekonomia-egoerari dagokionez, nahiz eta elementu asko dituzten komunean, desberdintasunak ugariak dira, adibidez, hauek: estatuaren eta alderdiaren arteko botere banaketa eza, jauntxokeria eta eliteen pribilegioak, gehiegikeria handiagoak aberastasunaren banaketa bidegabeagoen kasuetan, hierarkiak bertakotzeko prozesuan aurreiritzi klasista eta arrazistak. Kapital handia sartu eta hazkunde ekonomikoaren tasak goratu zituen, baina honek ez zuen eraginik izan aberastasunaren banaketan edo hezkuntza eta osasuna bezalako funtsezko sektoreetan. Biztanle gehienek beren kabuz irauten dute bizirik, edota ekonomia paraleloari edo garapenaren aldekoak ez diren karitatezko logikei esker.

Hala ere, ez dugu itxaropenik gabeko irudia aurkeztu nahi, diskurtso nostalgikoek batzutan egiten duten bezala. Beraz, aspektu positibo hauek azpimarratzen ditugu: gizarte ehuna leheneratzen ari da eta gerrako zauriak sendatzen doaz; gazteen zati batek askatasunak errebindikatzen ditu eta gizarte zibilak protagonismoa eskuratzen du. Eta, horretan guztian zehar, bi elementu gehiago, alegia, hauek: sormenak eta elkartasunak erantzuna ematen diote eguneroko arazo askori.

Kolonia ohiak salbazio taula gisa

“Kolono” eta “portugaldar” gauza bera zeneko garaiak joan dira, baina “Portugal”, oraindik ere, asko entzuten den hitza da. Portugalek, kultura-, historia- eta hizkuntza-ondare abstraktu batekin zerikusia duen eremu transnazional konkretu bat defendatzen du. “Bere” lurralde pribilegiatuekiko harremanak sustatzen ditu, gehienbat negozioei begira. Krisi sakona txikiagotzeko aukera bat den heinean, lusofonia negozio hauetarako eremu ezinhobe bihurtu da, horrek diskurtso eta ariketa politikoen arteko kontraesana sortzen badu ere.

Fotografía: Marta Lança.

Fotografía: Marta Lança.

Izan ere, Comunidade dos Países de Língua Portuguesa (CPLP) komunitatearen indarra izugarria da. Afrikar herriez aparte, Brasil eta Timor Leste hartzen ditu barne eta Ekuatore Ginearen sarrera eztabaidatzen ari da. Talde osatzen duten herrien artean 250 milioi pertsona, munduko BPGren ehuneko 3,6, petrolioaren ehuneko 6 eta gasaren ehuneko 1 biltzen dituzte. Aldi berean, orokorrean, PALOPko ekonomiak nazioarteko “laguntza” publikoaren mende daude eta esparru horretan Portugalek (Brasilek bezala) ardatzaren rola du Europar Batasunean, Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundean (OECD) eta beste hainbat instantziatan eta, noski, GGKEetan ere bai.

1961ean Portugal eta lurralde hauen arteko merkataritza librerako gunea sortu zen, Espaço Económico Português. Metropoliak kotoia, kafea eta kakaoa bezalako produktuak behar zituen. Independentzien ostean, herri horietako bakoitzak euren kanpo harreman ekonomikoak zehaztuko zituzteen forma politiko eta ekonomikoak aukeratu zituzten. Era berean, Portugal europar eremu ekonomikoko kide bilakatu zen.

PALOP herrietan instalatuz joan zen krisi ekonomikoak hauen produkzio- egiturak mantentzea gero eta zailago bihurtu zuen. Hala, honen eraginez, portugaldar produktuak bilatu ziren barne eskariari erantzuna emateko.

2011tik pairatzen duen finantza egoera latzaren ondorioz, Portugalek herri horietarantz begiratu du. Azken urteotan jarrera epela eta ikuspegi erredukzionistak nagusi izan badira ere, oraingo diskurtso nagusian kolonia ohiak salbazio taula bilakatu dira zorraren krisiak eta erreskateek deprimitutako ekonomia horrentzat. Portuges hizkuntzadunen espazioa izatearen pribilegioaz profitatu behar da eta proposamenak ugaritzen dira merkatu berri-zaharren inguruan.

Hizkuntzaren kontuaz gain, nabarmentzekoa da herri hauen guztien zuzenbide-sistemek oinarri komunak dituztela. Urteetan zehar Portugaleko inbertsoreak adi egon ziren sortzen ari zen Angolari. Esparru berriak sortu ziren, hala nola, hazkunde berdea, energia, itsasoa, turismoa… Berriki, Banku, Aseguru-etxe eta Finantzainstituzioen Batasuna (UBIF-CPLP) martxan jartzeko batzordea osatu da. Horren bidez, segurtasun handiagoa bermatu nahi da inbertsio eta finantzatransakzioetan.

Oraindik ere arriskuak ikusten baditu ere, Portugalek beste jarrera bat izan du Angolarekin gerra amaitu zenetik. Petrolioan oinarritutako hazkunde ekonomikoak empresa eta gizabaliabideentzako El Dorado bilakatu zuen “koroako perla” izandakoa. Angolako zenbait enpresa eta aberatsek indarrez sartu ziren portugaleko enpresen kapitalean ere. Portugalek isiltasun ituna sinatu zuen gutxiengo baten interesen mesedeetan. Zenbait baliabide estrategikoren, bankuen, etxebizitzaren eta komunikazioaren sektoreen desegitea saltzen du eta estatuaren interesei erasotzen dieten agintarien mehatxuei men egiten die. Eta krisiaren aitzakiarekin maniobra asko zigor gabe geratzen dira.

Etxe komuna eraikitzen?

Lusofonia Portugal buru zuen inperiotik sortu zen. Hala, inperio horrek beste kontaktu asko sortu zituen, hala nola Angola eta Brasilen artekoa edo Cabo Verde eta Sao Tomeren artekoa, baita Ginea Bissaun eta Cabo Verden Amílcar Cabralek irudikatzen duen borroka komuna ere. Casa-Grande e Senzala (1993, Los Maestros y los Esclavos) idatzi zuen Gilberto Freyre brasildar soziologoaren ideiek kolonizazioaren eta portugaldar jatorriaren oinarriak finkatu eta sendotzeko balio izan zuten. 50ko hamarkadatik aurrera “lusotropikalismo” hitza erabiltzen hasten da portugaldar kolonietako mestizaje eta kultura artekotasunaren mitoa sortze aldera. Freyrek Portugaleko herriaren berezko plastikotasuna azpimarratzen zuen, herri hori mestizoa omen baitzen bere sorrera beran, ohituta baitzegoen iberiar penintsulan arabiar eta juduekin bizitzera eta Europa eta Afrika arteko harreman berezi hori izatera.

Portugal jatorri eta abiapuntu bihurtuta, lusofoniaren inguruko pentsamolde horrek jarraitasuna du oraindik. Baina, oportunismoen aurrean benetako emantzipaziorik ez dagoen heinean eta nortasun anitzak parekatzen ez diren bitartean, lusofonia iragana berregituratzen duen kontzeptu lausoa izango da. Eta kontzeptu hau gaur egungo etorkotasunezko, komenentziazko eta tentsiozko harremanaren moduko batean kamuflatuko da.

Portugalek bere burua herri postokolonialtzat jotzeko eta herri hauen nortasuna errespetuz ikusteko zailtasunak ditu. Dikurtso hau bai ezker atzerakoiak (laguntasun eta negozioetan oinarritutakoak) bai inperioaren nostalgikoa den eskuin nazionalistenak (Portugalen berdina den eta hizkuntza komuna duen “aberri” moduko bat) pizten dute.

Lusofoníaren “portugalizazio”rako joera nabarmenaz ari naiz, alegia, kontrol moduan balore zehatz batzuk inposatzen dituen horretaz. Kolonizazio/ zibilizazioaren eta lankidetzaren arteko analogia eginda, errealitateen, beharren eta izan litezkeen elkarguneen inguruan hausnartzen ez duen asistentzialismoa ikusten da. “Betebehar morala”k eta “abantaila”ren ideiak egiten dituzte ezberdin “kolonizatu ohiak” eta “kolonizatzaile ohiak”.

Aldi berean, portuges hizkuntzadunen espazioa legitimotzat hartzen duten instituzioek, hala nola, CPLPk edo Instituto Camôes-ek, alde batera utzi dituzte aniztasuna errespetatzen duten politikak. Telebista kate komun bat sortzeko lan egin liteke eta, beharbada, honek CPLPk baino kohesio handiagoa lortuko luke, baina Portugalek bere hedabide paternalistak mantentzea nahiago du.

Kolonia osteko Portugal horri dagokionez, afrikar jatorria duten pertsonak Portugalen zelan bizi diren ikustea baino ez dago. Portugaldar jendartean arrazakeria dago eta ez ikusia egiten zaie pertsona beltzei. Iraganeko loturak konplexuak dira eta gaurko harremanak, neurri batean, atzokoak dira Afrikan. Harreman hauen sorburua ezagutu behar dugu eta atzo eta gaur arteko borroka historiko eta afektiboa hauteman behar dugu ez badugu nostalgia neokolonialistan erori nahi eta benetako kultura artekotasunerantz ibiliko bagara. Iragan koloniala aztertzeko zailtasunak (gizarte tabua/berpizte harroa) gorabehera, iragan hau bizipenetan aurkitzen da, botere sareetan, harremanetan, tratabidean, gerra kolonialetan parte hartutako soldadu ohien buru-osasunean, bueltatuko pertsonek ekonomiara ekartzen duten onuran, ezkutuko arrazakerian eta beste hainbat kontutan.

Lusofoniarekin konpromisoa adierazten duen diskurtsoa dago, itxuraz. Alabaina ez dago kontzientzia lusofonorik eta kohesioa arlo ekonomikotik dator politiko eta kulturaletik baino. Ia Afrikar edo Brasildar batek ere ez du bere burua “lusofono”tzat, nahiz eta historia komuna aintzat hartu.

Portugesa Inperioaren euskarria zen eta gaur lusofoniaren euskarria da unibertsalismoaren aukera den heinean. Misio kolonizatzaile eta “zibilizazionala”k ezin dio hizkuntzaren babes horri uko egin. Izan ere, hizkuntza hori “kontinente guztietan egondako” zibilizazioaren aztarnak aintzat hartzeko modua da, baita Portugal aberri eta potentzia kolonial gisa goresteko modua ere.

Portugesa bultzatea ez litzateke txarra ez balego ideia hau oinarrian: hizkuntzaren kontrola portugaldarrei dagokiela. Hala, bada, Alfredo Margaridok idatzi bezala (2007), “hizkuntzak zabaltzen jarraitzea espero badugu, trukean, oraindik ere portugaldar gizartearen ezaugarri den menperatze instintoa bezatu behar dugu”. Hizkuntzaren arauaren “zentroa” ezkutatu gabe, portugesaren aldaera guztiak maila berean jartzea aberasgarria izango litzateke.


Marta Lança Estudos Portugueses-ko Línguas e Literaturas Modernas espezialitatean lizenziatua da eta Buala ataria sortu zuen 2010ean (www.buala.org). Rede Angola atarian argitaratzaile egiten du lan. Artikulu hau Andrea Gago Menor-ek itzuli du Pueblos – Informazio eta Eztabaida Aldizkarirako.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egina da.

En castellano: “Portugal y las excolonias, falsos amigos”, en el nº62 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


“Atzoko lusotropikalismoak izan ziren gaurko lusofoniei hel egiten diegu”
Ruy Duarte de Carvalho


Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *