Portugal eta ultrakolonialismoa. “Itsasoz bestaldeko probintzia” ohiek Portugal Afrikan egondako garaiko ondorio luze eta bortitzak dute komunean

Afrikaz hitz egiten dugunean, orokorrean, europar ikuspegi koloniala hartu ohi dugu. Honek arazoak ekar litzake baina nahiko logikoa da. Izan ere, afrikar kontinentea osatzen duten 55 nazioak, “Afrika lusófonoa” izenez ezagutzen diren horiek barne (Angola, Cabo Verde, Ginea Bissau, Mozambike eta Sao Tome eta Principe), koloniak asmatuak dira neurri handi batean. Portugal kolonizazio honetan eragile garrantzitsua izan zen eta Afrika lortzeko lasterketan eta 1884ko Berlineko Konferentzian parte hartu zuen. Bilera historiko eta lizun honetan, europar potentziek lurraldeak euren artean banatu eta moldatu zituzten. Hala, ofizialki hasi zen ehunka urteko koloniazazioa eta kontinenteko administrazio europarra.

p62_africa_pepa

Baina Portugal askoz lehenagotik dago Afrikan. Cabo Verde, Sao Tome eta Principe, Angola, Ginea Bissau eta Mozambikerekin duen erlazioa XV. mendekoa baino lehenagokoa da, 1482koa, hain zuzen, Diogo Cão-k Kongo ibaiaren bokalean atrakatu zuenekoa. Hamar urte falta ziren Kristobal Kolon Amerikan lehorreratzeko.

Cabo Verde eta Sao Tome eta Principe XV. eta XVI. mendeetan bilakatu ziren Portugaleko koroaren kolonia, hurrenez hurren. Beste hiru herrialdeak afrikar kontinentea lortzeko europar lasterketan bereganatu zituen Portugalek, XIX. eta XX. mendeetan. Bitartean Portugal, esklabuen salerosketan ari zen bete-betean Atlantikoan. Merkataritza gune garrantzitsuak ezarri zituen eta milioika afrikar eraman zituen Ameriketara. Portugaleko kolonia izandako Brasilek Afrikatik ateratako pertsonen ehuneko 40 jaso zuen. Angolatik bakarrik milioika pertsona irten ziren.

Portugal izan zen heldu zen lehenengoa baita Afrikako natura eta giza aberastasuna ustiatu zuen lehenengoa ere. Afrikatik joaten, ordea, azkena izan zen. Metropoliko erregimen diktatorialak 1974. urterarte iraun zuen eta horrek Mozambike, Angola, Sao Tome eta Principe, Cabo Verde eta Ginea Bissau 1960 eta 1970ko hamarkadetan Afrikan hedatu ziren mugimendu nazionalisten azken aldean utzi zituen.

Errealitate nazionalek, Afrikan behintzat, hainbat input jaso zituzten kolonizazioaren aurretik eta ostean. Baina argi dago, presentzia luze eta totalitarioak ondoriotasun antzekoa utzi zuela okupatutako herri guztietan; hots, ezegonkortasuna, indarkeria eta zailtasun ekonomikoak. PALOP herriak (Portugesa hizkuntza ofizial gisa duten afrikar herrialdeak) Mbuyi Kabundak portugaldar ultrakolonialismoa deitutakoaren biktimak izan ziren, hau da, arrazakeriaren instituzionalizazioan, esplotazio ekonomikoan eta integrazionismoan oinarritutako erregimenaren biktimak.

Portugalen koloniak itsasoz bestaldeko herrialdetzat hartu ziren 1822ko Konstituzioan. Hortaz, hauek kontinente ezberdinetan banatutako inperio bakar baten zati bereizezinak ziren eta Portugalek “eskubide historikoak” zituen zapaldutako herri horien gainean, Sousa Jr.-ek azaldu bezala. Kontrol sistema hau, zeharkako administrazio britaniarraren oso ezberdina izan zen eta arazo gaindiezinak ekarri zitzaizkion Portugali. Zelan beteko zituen era eraginkor batean bere bost afrikar lurraldeak, Berlineko Konferentzian erabaki bezala, ekonomikoki ahul eta demografikoki hutsala zen herrialde horrek? Angola bera bakarrik bazen iberiar herrialde hori baino hamairu bider handiagoa!

Portugaleko Lehenengo Errepublikan (1910-1926) asmo horiek baztertu eta finantza eta administrazio deszentralizazio xumea egin bazen ere, ondorengo lau hamarkadetako diktadurak kontrol osoko estrategia berreskuratu zuen, kolonietan aurkariak zapalduz eta hastapeneko mugimendu nazionalistei azpijana eginez. Angolan eta Mozambiken petroleoa eta mineralak aurkitu izanak eta kafearen industria sendoak atzerriko inbertsoreak erakarri zituzten. 1974ko Krabelinen iraultzaren ondorioz Salazar- en erregimena erori izanak Portugal afrikar kontinentetik irtetzeko aukera ekarri zuen.

Koloniek trantsizio prozesu ezberdinak igaro zituzten. Ginea Bissauren eta Cabo Verderen independentziak aliantza baten ondorio izan ziren. Aliantza hau argi ikusten da prozesu horren buru izan zen alderdiaren izenean, hots: Partido Africano pela Independência de Guiné Bissau e Cabo Verde (PAIGC). Nahiz eta kkordioa bi herriak batzea eta nazio bakarra sortzea zen, Ginea Bissaun 1980an gertatutako estatu kolpeak aukera hori hondatu zuen.

Empantzipazio borroka oso bortitza izan zen Angola, Ginea Bissau eta Mozambiken. Horren ostean prozesuaren buru izan ziren alderdiek boterea hartu zuten, baina oposiziokoen kontra borrokatuz egin zuten, maiz indarkeriaz. Angola eta Mozambikeren kasuan, gatazka hauen ezaugarri komuna Hegoafrikako apartheid erregimen basatiaren parte-hartzea izan zen, baita Amerikako Estatu Batuena, Sobiet Batasunarena eta Kubarena ere. Hala, bada, Gerra Hotzaren ondorio latzak Afrikara eraman ziren. Angolako gerra zibilak ia 30 urtez iraun zuen. Mozambiken ere 16 urtez iraun zuen. Ondorioz, herrialde bi hauek suntsituta geratu ziren. Giza eskubideen urraketak zenbatezinak izan ziren, besteak beste, adinez txikikoen errekrutatze behartua eta emakumeen bortxaketa sistematikoa.

Blokeatutako garapenak eta nota disonanteak

Portugalen okupazioaren emaitza tragikoak independentzia ostean lor zitekeen aurrerapen sozial eta ekonomikoa blokeatu zituen. Kontinenteko bigarren petrolio ekoizlerik handiena izan arren, Angolak, oraindik ere, ez du lortu ehuneko 5,85ko batezbesteko hazkundea (2011-2014) biztanleentzako garapen iraunkor bihurtzea. Gaur egun, Angolako biztanleen ehuneko 36,6 pobrezian bizi dira eta Munduko Bankuaren arabera herriko bizi-itxaropena 51 urtekoa da. Ustelkeria petroleoaren industriatik datozen kapital-fluxuei oso lotuta dago. Beste alde batetik, União Nacional para a Independência Total de Angola (UNITA) eta Cabinda probintziako oposizio talde nazionalistekiko tentsioa handia da eta elementu hauek guztiek ezegonkortasun eta ahultasun egoera okerragotzen dute.

Mozambikeko egoera antzekoa da; izan ere, kontinenteak izan duen hazkunde ekonomikoaren azelerazioarekin ere (ehuneko 7,12 2010 eta 2014 artean), herria ez da bere biztanleen erdia pobrezia egoeratik ateratzeko gai. Azken urteotan egonkortasun politiko nahikoa egon den arren, gobernuaren eta Resistência Nacional Moçambicana (RENAMO) taldearen arteko gatazka armatua indar handiz berpiztu da herriaren erdialdean.

Brasilen moduko herriek rol garrantzitsua izan dute gaur egungo egoeran, bai lankidetza zientifikoteknikoa dela eta, bereziki osasun arloan; bai herrialdeko aberastasunaren ustiapen ekonomikoari dagokionez. Azken honen adibide da Vale meatzaritza enpresa herrian sartu izana. Bestalde, Brasilek ezagutzera eman berri du zenbait hegazkin militar oparituko diela Mozambikeko segurtasun indarrei, herrian berpitu diren gatazkei ez ikusiarena eginez. Brasileko legebiltzarra bideratzen ari den proiektu honek, giza eskubideen aldeko erakunde askoren kritikak jaso ditu.

Ginea Bissau, bere aldetik, ez da oraindik bere onera etorri 2012ko kolpearen ostetik. Liskar eta atzerapen anitzek (blokeo ekonomikoaren ondorio direnak) azken hauteskundeak lausotu zituzten. Hala ere, nazioarteko begiraleen arabera hauteskundeak libreak izan ziren eta emaitza, bidezkoa. Ezegonkortasun politikoak hazkundea geldotu zuen (ehuneko 2 izan zen 2010 eta 2014 artean) eta biztanleen ehuneko 70 inguru pobrezian bizi dira oraindik ere. Cabo Verderen kasua oso bestelakoa da. Herrialdeak pobrezia tasak murriztea lortu zuen eta gaur egun jende askoren ustez esperientzia positiboa da gardentasuna eta gobernagarritasunaren aldetik. Bizi-itxaropena jaiotzan kontinenteko altuenetako bat da: 75 urte.

Gaur egungo lotura politiko eta kulturalak

Baina Portugaleko kolonia ohien arteko elementu komunak eta ezberdinak ez dituzte porrotek eta arrakastek bakarrik zehazten. Herri hauek Comunidade de Países de Língua Portuguesa (CPLP) elkartean batzen dira. Hau, lankidetzarako eta hizkuntza sustapenerako sortutako organismo aldeaniztuna da. Historia partekatua dutelarik, CPLPko herriek segurtasun eta defentsatik, nekazaritza eta hezkuntzara doazen iniziatiba komunak dituzte. Taldeko kideen artean ematen diren aldebiko harremanak ere hazi dira. Ginea Bissaun berriki ospatu diren hauteskundeetan, adibidez, Timor- Lestek ginear agintariei lagundu zien ezagutza tekniko eta beste zenbait baliabide eskainiz.

Lotura politiko hauek mantenduz eta sendotuz, kolonia ohiak Portugaleko garapenerako lankidetzaren onuradun pribilegiatu bilakatzen dira. Lankidetza eta garapen ekonomikorako erakundearen (OECD, ingelesezko siglen arabera) datuen arabera, 2011 eta 2012 artean metropoli ohiak 379 milioi dólar eman zituen. Diru-laguntza handiena (166 milioi dólarrekoa) Cabo Verdek jaso zuen. Horren atzetik Mozambike, Sao Tome eta Principe, Angola daude eta, zerrendaren azken postuan, 7 milioirekin, Ginea Bissau. Alde handi honek ez du urruntasuna adierazten; aitzitik, bost mende ondoren, portugaldar inperio kolonialaren bereizgarri den konplexutasuna adierazten du.

Hurrengo artikuluak portuges hizkuntzadun afrikar herrietako eskarmentu eta errealitate anitz erakusten dute. Bertan bat egiten dute europar kultura katolikoak eta saharaz azpiko animismoak, etnia, kultura, eta hizkuntza jaraunspen anitzek eta aniztasunarekin akabatzeko ahalegin kolonialek. Eta elementu guzti hauek gaur egungo erronken aurrean irudi ezegonkor eta kaotikoa, ia iluna, aurkezten badute ere, independentzietatik 40 urtera gauzak hobera doazela esan dezakegu.


Arlette Afagbegee soziologoa eta Estudos Culturais-eko masterra da. Laura Dauden kazetaria da, Nazioarteko Harreman eta Afrikar Ikasketetetako masterra (Universidad Autonoma de Madrid). Gaur egun, Conectas Direitos Humanos GKEan egiten dute lan (conectas.org).

Itzulpena Iñigo Gallastegik egina da.

Ver en castellano: “Portugal y el ultracolonialismo. Las viejas ‘provincias de ultramar’ comparten largas y violentas consecuencias de la presencia portuguesa en África, nº62 de Pueblos – Revista de Información y Debate, tercer trimestre de 2014.


Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *