“Gizarte” ekintzailetasuna eta fundazio “filantropikoak” estrategia gisa

Bada denbora “mundua aldatu” formula entzuten hasi ginenetik. Baina nork esaten digun hausnartu eta horri konnotatutako esanahia aztertu behar dugu. Azken boladan, krisiaren testuinguruan euren burua erantzun sozial eta berritzailetzat duten ekimen ugari sortzen ari dira. Enpresa pribatuak dira, goitik sustatuak. Kapital handiaren enpresek, hala nola, bankuek, filantropoek, eta abarrek, iniziatiba hauek aukeratu, sostengatu eta finantzatzen dituzte, era zuzenean zein fundazioen bitartez. Baina... Nola sartzen dira? Zeintzuk dira euren komunikazio estrategiak? Nola erabiltzen dute hizkuntza? Zer hedabide erabiltzen dute?

p61_emprendimiento_pepa

Espainiako estatuan dugun gaur egungo egoeraren adibide paradigmatikoena Ashoka-rena da. Ashoka AEBtik datorren fundazio filantropikoa da, hirurogeita hamar herrialde baino gehiagotan dagoena. Bere fundatzailea eta zuzendari exekutiboa New Yorkeko Bill Drayton da. 2011an, Draytonek Nazioarteko Lankidetzaren Asturiaseko Printze Saria jaso zuen.

Ashokak, kapital handiaren enpresa eta fundazioekin dituen aliantzen bitartez, bere jarduera finantzatzen eta antolatzen du. Estatu espaniarrean, besteak beste, BBVA, Telefónica fundazioa edo Boehriger Ingelhein farmazeutikoaren babesa du Ashokak. Era berean, harreman estuak ditu Botin fundazioa eta Vips taldearekin. Kapital handiak, negozioa-sektore estrategikoetan (osasunean, hezkuntzan, ingurumenean, komunikazioan…) sartzeko, fundazio filantrokapitalista hauek ditu tresna nagusi; eta fundazio hauetako gizarte-ekintzaileak pobrezian bizi diren pertsonak eta biztanleriaren sektore kritikoak bezero bilakatzeko erabiltzen ditu.

Kontuz: sartzen ari dira!

Fundazio hauek ezagutzera emateko, euren ideologia gizartean barruratzeko eta marketing ekintzak gauzatzeko espazioa behar dute hedabideetan. Gaur, isileko kolonizazio-prozesu baten lekukoak gara, bai hedabide nagusietan bai alternatiboetan. Kolonizazio hau proiektuen finantzamendu zuzenaren bitartez edo fundazioek soldatapean dituzten gizarte ekintzaileen bidez burutzen da.

Ashokako gizarte-ekintzaileek hileko soldata kobratzen dute hiru urtez baina, kontratuz, bizitza osorako konpromisoa hartzen dute. Ashokak bere ekintzaileek sortzen duten informazioa kontzentratu eta kontrolatzen du, eta hura erabiltzen du kapital handia gizarte-mugimendu eta espazio alternatiboetan sartzen laguntzeko. Menperatzeko, efektuak kontrolatzeko eta ideak bereganatzeko saiakera bat da.

Ohartu behar dugu, gobernuak interes pribatuen mesederako legeak egiten ari diren garai honetan, fundazio eta iniziatiba hauek instituzioen babesa lortzen ari direla. Hori dela eta, hedabide publikoak erabiltzen dituzte, jendearengana heltzeko, euren gizarte-eredua zabaltzeko eta gizartean zilegi bihurtzeko tresna gisa. Askotan, komunikazio sektoreko ekintzaileak berak dira hedabideetan iniziatiba hauek “eraldatzaile” gisa aurkezten dituztenak.

Badira espazioak non goitik diseinatutako proiektuen inguruan aritzen diren esklusiboki. Beste zenbait kasutan herri-ekimenekin nahastuta aurkezten dituzte inolako bereizketarik egin gabe, demokratikoaren plantak eginez. Aditutzat hartzen dira, hedabideetan kapitalismoa biguntzeko diskurtsoei “egiazkotasuna” emateko.

Hizkuntzaren erabilera gaiztoa

Fundazioek eta ekintzaileek, hiru ekintzaren bidez, diskurtso-estrategia gaiztoak garatzen dituzte: ez esatea, jabetzea eta nahasketa-jokoa.

Gizarte eskubideen hizkuntza beharren hizkuntzara itzultzen dute, euren negozio-txokoa neurri gabe zabaltzearren. Dagoeneko ez gara eskubideen subjektuak klase desberdinetako bezeroak baizik, gure eroste-ahalmenaren arabera kontsumitzen dugunak. Per tsonen duintasuna maila ekonomiko edo gizarte klasearen menpe dago.

Paraleloan, eurek hornituko duten pertsona txiroentzako merkatua sortuko dute, baita kontsumitzaile kritikoentzako erantzun alternatiboak eskaintzen saiatu ere. Hala, bada euren negozio-eremua sistemarekin ados ez daudenenganaino luzatzen saiatuko dira. Ez dira gizarte-desberdintasunak aipatzen; ordea, gizarte-arazo edo tirabirak dira eta ez dugu haien kausa estrukturalez hausnartu behar. Ez dira nahita aipatzen, desberdintasun egoerak negozioa egiteko aukeren adierazle positiboa baitira.

Boteretze kontzeptua ikuspegi ekonomizista huts batetik bereganatzen dute, kreditu bat eskuratzeko eta zorpetzeko gaitasun bilakatuz, benetako autonomiaren ikuspuntutik heldu beharrean. sozial eta solidario euren negozio proposamenekin batera erabiltzen dituzten adjektiboak dira, haien ekintzak zuritu eta leuntzeko asmoz.

Alabaina, “sozial” hitzak euren negozio- eremua deskribatzen du; eta “solidario”, euren produktuak kontsumitzen dituenaren jarrera irudikatzen du, eta ez intentzioak. Horrek guztiak onura ekonomikoan oinarritutako etikarekin dator bat. Iniziatiba hauen sustatzaileak merkatu “sozial” eta “alternatibo” berriaren bitartekaritzat har daitezke.

Behin eta berriro eurek egiten duten gizarte berr ikuntzari buruz hitz egiten digute. Elementu berritzaile nagusia ez da saltzen diguten sormena, baizik eta euren gizarte proiektuen plangintzan, diseinuan, gauzatzean eta inbrikatzean ikuspegi merkantilistara nola igaro diren.

Gizarte-ekintzailetasunaren[1] definizioaren zabalera eta muga zehaztugabeen bidez nahita saiatzen dira gu nahasten. Fenomenoa norbanakoa edo kolektiboa izan daiteke; irabaziasmodun edo irabazi-asmorik gabeko sektoreak eta instituzio publikoak har ditzake; eraldaketa bat-batekoa edo mailaz mailakoa izatea ez da esanguratsua; ez da sektore konkretu batera mugatzen. Unibertso zehaztugabe honetan egongo dira borondate oneko proiektuak baina, baldin badaude, ideologia neoliberala duten gizarteekintzaileen proiektuen artean galduko dira.

Izen-abizenekin

Inspira gizarte-ekintzailetasunaren inguruan aritzen den blog bat da, diario. es egunkariarena. Blog honen babesle hurrengo enpresak dira: ESADE negozio eskola neoliberalak sortutako Momentum Project, BBVA, PWC aholkularitza eta Ashoka. Hau da, lobby eta think tank neoliberal artean dagoen eskola bat; etxeetatik jendea bota, armetan inbertitu eta paradisu fiskaletan aritzen den banku bat; eta sektore publikoaren pribatizazioa sustatzen duen munduko aholkularitzarik handienetako bat. Horiek guztiek gizarte ekintzailetasunaren aldeko apustua egiten dute.

Egunkari horretan berean Colaboratorio. hacia una economía compartida atala topatzen dugu. Hau, 2009tik Ashokako gizarte-ekintzailea den Pau Llop-en eskutik datorkigu. Bere helburua “proiektu berri askok osatutako sarea, internet erabiltzen duena ezagutzera emateko eta garatzeko, era jasangarrian eta guztien onerako”[2]. Llop-ek “Gizarte-ekonomia kanala” deitzen dio bere espazioari. Hala ere, bere ibilbidea ezagutzen dugunez, zera egin behar dugu: a) “Jasangarria”, “gizarte-ekonomia” eta “guztien on” kontzeptuen interpretazioan joera neoliberala sartu; b) zer iniziatiba nabarmentzen ditu eta zer interesen arabera mugitzen den hausnartu.

Blog horretako azken sarreretako batek “Kazetaritzak izango du bera finantzatzen duenak” du izenburu. “Ikuspegi berri”en eta “proiektu disruptibo”en bidez kazetaritzaren etorkizunari heltzen dion artikulua, elementu berri hauek ezarriz: “startup-en azeleratzaileak, gizarte-ekintzailetasuna, partekatutako ekonomia. Artekaritza deuseztea. Kolektibizazioa. Agintea hartzen duen jendetza. Tradiziozko egituretatik at, arau berrien arabera mugitzen den dirua”[3].

Gehien nabarmentzen diren adibideak Media Factory eta Indievoices dira. Indievoices-en sortzailea 2008tik Ashokako ekintzailea den Sasa Vucinic da. 1996an, Soros Open Society Institute-en finantzamenduarekin Media Development Loan Fund (MDLF) sortu zuen. Erakunde honen bidez, 123 milioi dolar inbertitu ditu munduan zehar 277 hedabide independiente finantzatzeko, ia guztiak garapen bidean dauden zenbait herrialdetan.

Media Factory Mariano Blejmanen proiektua da. Blejman Knight Foundation eta Bill eta Melinda Gates- en fundazioaren Knight International Journalism Fellowship programako gizarte- ekintzailea da. Media Factoryk “Interneteko enpresa berrien azeleratzaile gisa aurkezten du bere burua, esklusiboki Latinoamerikako hedabideetara bideratuta dagoena”[4]. Horretarako aholkulari sare bat sortu eta ekintzaileengan 75.000 dolar inbertitu zituzten. Blejmanek berak esandakoaren arabera, Media Factoryk “arrisku-kapital enpresen eta Latinoamerikako zenbait hedabideren arteko konexio arazoa konpontzea” du helburu”[5].

Colaboratorio blogaren arduraduna, Ashokako gizarte ekintzailea eta BottUp eta Nxtmediaren zuzendari eta sortzaile den Pau Llopek foroetan parte hartu ohi du. Hala egin zuen, esaterako, Madrileko Ashokaren egoitza den Impact Hub-ean ospatutako “Negozio eredu berriak kazetaritzan” foroan ere. Foro horretara Diagonal, La Marea, Periodismo Humano edo Vía52 iniziatibetako kazetariak ere gonbidatu zituzten.

Ohikoa da fundazio filantrokapistalistek masa hedabideetara sarbidea izatea. Antonella Broglia TedX Madril ekintzailetasun gertakizunaren arduraduna eta Europarako Ashokako enbaxadoreak gizarte berrikuntzaren gaineko espazio bat du ostiralero TVEko 2. kateko “para todos la 2” programan. Ana Saenz de Miera Ashoka Españako zuzendaria El Paiseko 3500 millones de ideas irreverentes contra la pobreza blogeko ohiko kolaboratzailea da. Plataforma horretatik fundazioko gizarte-ekintzaileen proiektuak ezagutzera ematen ditu, hala nola, “Supermerkatu solidarioak” edo “Espetxe eredu berriak”. Ashokako beste ekintzaile bat, José Mª Perez, Peridis, Cadena SER irratiko ohiko kolaboratzailea da.

Baina Ashoka ez da hedabideetan ikusi dugun fundazio filantrokapitalista bakarra. Knight Foundation, Pierre Omidyar Ebay-ko sortzailearen Omidyar Network edo George Sorosen Open Society hainbat komunikazio proiektutan daude, besteak beste, Global Voiceen[6].

Mundua ulertzeko eran hedabideek duten garrantzia dela eta, ezinbestekoa da segimendu kritikoa egitea. Ikusten ari gara nola fundazio eta gizarte-ekintzaile horiek kapitalismoa leuntzen duten marketing estrategiak garatzen dituzten, elkartasunbaloreak ere merkantilizatuz. Ez dute eraldatu nahi, aldiz, hunkitu nahi dute kontsumo jokamolde berriak sortuz, bezeroen profilak eta negozio-eremuak zabaltzeko asmoz.

Bestalde, nabariak dira hedabide publikoetako programen diseinuan duten eragina, masa hedabideetara duten sarbidea, elite-eskolekin bat datorren “prentsa alternatiboa” eta hizkuntza nola erabiltzen duten euren komunikazio estrategietan. Argi dago, “komunikazioa boterea dela”, hain zuzen, botere politikoa lortzeko borroka-esparrua. Egon gaitezen adi hitzaldi kapitalisten jatorria eta benetako esanahiak identifikatzearren. Ez ditzatela diskurtso kritikoak eta borondate zintzoak desegin eta fagozitatu.


María Arnáiz eta Daniel García www.filantropofagos.com.

Artículo publicado en el nº61 de Pueblos – Revista de Información y Debate, segundo trimestre de 2014, monográfico sobre comunicación, poder y democracia.

Artículo en castellano: “El gran capital en los medios. El emprendimiento ‘social’ y las fundaciones ‘filantrópicas’ como estrategia.


NOTAK:

  1. UNED-COMAk 2013an gizarte-ekintzailetasuna eta berrikuntzaren inguruan egindako kurtsotik hartutako definizioa.
  2. www.eldiario.es/colaboratorio
  3. 2013/11/24: http://www.eldiario.es/colaboratorio/IndieVoices-Media_Factory-periodismo-medios-media-crowdfundingfinanciacion_ 6_199540061.html
  4. http://mediafactory.vc/index_es.html
  5. https://www.youtube.com/watch?v=29IG3Pe7CZQ&feature=youtu.be
  6. Global voices, nazioarteko herritar blogariek osatutako sarea, mundu osoko blogosferetan argitaratzen ari dena laburbiltzen duena. Bere manifestuak adierazpen askatasunez eta tresna birtualen bitarteko hedabideetarako sarbidearen demokratizazioaz dihardu. Interneten ikertuz gero kapital handiaren mesederako edukien iragazki ideologikoa somatzen da.


EMAKUMEEN BOTERETZEAZ EDO NEGOZIOAZ ARI GARA?

Ana Bella Fundazioa Ana Bella Ashokako gizarte ekintzaileak sustatutako iniziatiba da. Bere misioa, bere web orrialdearen arabera (www. fundacionanabella.org), berdintasunezko gizartea sortzea, emakumeen kontrako indarkeriarik gabekoa: “Tratu txarrak jasan dituzten eta salatzera ausartzen ez diren emakumeak nabarmentzeko eta hauei laguntzeko sortzen da; bizirik iraun duten eta tratu txarrak jaso izanagatik bazterketa arriskuan dauden emakumeen boteretze prozesua sostengatzeko”.

Hala ere, euren blogean eta Facebook kontuan ikusten diren ekintza bakarrak kapital handiaren enpresa batentzako eta berezko enpresentzako (www.empresia.es/empresa/catering-solidario-ana-bella) low cost langileak lortzeko agentzia batera mugatzen dira. Noizean behin, sentsibilizazio-jardunaldiak ere egiten dituzte, baina hauek, egia esan, euren jarduera bultzatzeko kanpainak dira eta ez dute testuinguruazterketaren eta faktore askotan oinarritutako arazoen salaketaren izpirik.

Kapitalaren erakunde filantropikoak salbatzaile gisa aurkezten dira lana sustatzen dutelako, baina lana eskubidea da eta ez sari edo pribilegioa. Fundazio hau emakumearen boteretzeaz benetan kezkatzen bada, emakume hauek erakunde sindikala sortzea susta lezake. Tratu txarrak jaso duten emakumeekiko gizarte esku-hartzea sektore publikoak kudeatu eta kontrolatu behar du. Egun, biktimen arreta zerbitzu publikoak desegiten ari dira. Aldi beran, Ana Bella bezalako figurak sortzen ari dira, arazo kolektibo bati norbanako erantzuna eman nahi diotenak negozioa eginez.

Ana Bellaren proiektuak hierarkia-egitura patriarkalak dituzten enpresa kapitalisten finantzamendua du (batik bat, BBVA eta Danone- rena). Ana Bella Eskolako profesionalak trebatzen dituen erakundea ESADE da, hau da, jesuitek kudeatutako unibertsitate elitista eta neoliberala. Ana Bella Fundazioak emakumearen boteretzea lortu nahi duela dio, baina enpresa kapitalista, elitista eta patriarkalen inbertsioen menpe dago erabat, eta hauen estrategia emakumearen kontrako indarkaria jaso dutenak kapital handiaren enpresetan lan-indar merke bihurtzea da.



Espainiako Estatuko Ashokako gizarte ekintzaileek lan egiten duten sektoreak

Osasuna, etxebizitza, lana, laneratzea eta gizarteratzea, hezkuntza, landa-unibertsitateak, gizarte-ekonomia, ekonomia solidarioa, banku etikoak, autofinantzatutako erkidegoak, mikrokredituak, gazteen ekintzailetasuna, kazetaritza, iritzi publikoa, turismo arduratsua, biomasa energia-iturri gisa, lurraldearen zaintza eta babesa, arrantza sektorea, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak, tokiko haziak berreskuratzea, landa-garapen iraunkorra, kultura-ondarea, espetxe-sektorea, emakumearen kontrako indarkeria, genero-berdintasuna, haurren kontrako indarkeria, haurren segurtasuna interneten, adimen-urritasuna, etab.

Iturria: http://www.ashoka.es/fellows

Ashokaren Aliantzak

Amanco, Price Waterhouse Coopers, Banca Cívica, JP Morgan Bankua, Goldman Sachs Bankua, Amerika arteko Garapen Bankua, BBVA, Banco Santander, Boehringer Ingelheim, Caixa Catalunya, Cemex, Citibank, Danone, AEBko Estatu Saila, AEBko Egoitza eta Hirigintza Garapenerako Saila, Deutsche Bank, DKV Aseguruak, eBay, Ericsson, ESADE, IESE, Exxon Mobil, Bankinter Fundazioa, Botín Fundazioa, Coca-Cola Fundazioa, Ford Fundazioa, Gates Fundazioa, Hewlett Fundazioa, Kellogg Fundazioa, Rockefeller Fundazioa, G-20, GDF Suez, General Electric, Google, Grameen Bank, Grupo Norte, Grupo VIPS, Hilti, IE Business School, Intel, Latham & Watkins, McKinsey & Co, Microsoft, MTV, Nike, Novartis, Orange, Schneider Electric, Siemens, Telefónica, Total, Suitzako Bankuen Batasuna (UBS), USAID, Zurich Aseguruak, etab.

Iturria: Ashokaren mundu osoko web orrialde ofizialak.


 

Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *