Eulirik ote dago Coca-Cola botiletan? Komunikabideen jabetza, informazioaren jabetza

“Behin norbaitek esan zuen Estatu Batuetan presidente errepublikarraren edo demokrataren kontra idaz daitekeela, baina inoiz ezin izango dela argitaratu euli bat aurkitu dela Coca-Cola botila batean”. Esaldi horrekin hasten da “Euli bat Coca-Cola botila batean”, duela gutxi OMAL-Paz con Dignidad elkarteak eta Producciones CMIk (Javier Cousoren zuzendaritzapean eta Pablo Iglesiasen gidoiarekin[1]) ekoiztu duten dokumentala. Bertan, komunikabide nagusien eta espainiar multinazional handien arteko harremana aztertzen da. Dokumentalean galdetzen den bezala, nork aukeratzen ditu presidenteak? Herritarrek edota komunikabideek? Nor ausartuko litzateke eulia Coca-Cola botilan erakustera?

p61_mosca_pepa Pascual Serranok estatu espainiarrean diharduten komunikabide talde handien inguruan egindako ikerketa oinarritzat hartuta[2], dokumentalak hauxe kontatzen digu: “Ikusten, entzuten eta irakurtzen dugun informazioaren zati handi baten jabeak BBVA, Repsol, Planeta taldea, La Caixa, Santander bankua, Telefonica edota Silvio Berlusconi dira. Korporazio multinazional handiek eta publizitate-agentziek kontrolatzen dute ikusten, entzuten eta irakurtzen duzuna”. Hori dela eta, askotan, komunikabide horietan Hego Amerikan diharduten multinazional espainiarren jokabide “eredugarria” nabarmentzen duten berriak ikusten ditugu. Kasualitatea ote da estatuaren parte-hartzea indartzearen eta natura-baliabideen kudeaketan subiranotasun handiagoa izatearen aldeko apustua egin duten latinoamerikar presidenteak izatea, hain zuzen ere, Espainiako masa hedabideek okerren tratatzen dituztenak? Komunikabideak eta espainiar multinazionalak Papel mojado liburuaren hitzaurrean, Pere Rusiñolek, El Pais-eko erredaktore nagusi ohiak eta argitalpen inprimatua itxi zen arte Público egunkariko zuzendaritzan egondakoak dioenez: “Gaur egun, finantza-botereak Espainiako komunikabide handi gehienak xurgatu ditu. Ez eragin publizitarioarekin edota kredituen bitarteko menpekotasun klasikoarekin, modu askoz sakonago batean baizik: zuzenean jabegoaren bitartez[3]”. El Pais egunkaria Prisa enpresa taldea du jabe eta Santander eta La Caixa bankuen menpe dago. Horregatik, azaldu daiteke, adibidez, egunkari horretan Emilio Botinek espainiar ekonomiaren inguruan egiten dituen “susperraldi” adierazpenek beti leku nabarmena izatea; eta, aitzitik, beste berri batzuk ez dira nabarmentzen; besteak beste, Santanderreko presidenteak Ogasunarekin ihes fiskal zigorra ekiditeko egin zuen hitzarmena edota bere kontseilari ohiari emandako indultua, Zapateroren exekutiboak boterea utzi aurretik emandakoa eta gerora Auzitegi Gorenak baliogabetu zuena. Rusiñolek dioenez, “beste garai batean Alfredo Saenzek jasotako indultu sinestezina egunkariko titulu nagusiak beteko lituzke, baztertua egon ordez[4]”. p61_mosca_pepa_2Ikerketa gutxi daude komunikabideen egitura erakusten dutenak, bankuekin dituzten harremanak azaltzen dizkigutenak, edota enpresa transnazionalekin dituzten loturak aztertzen dituztenak. Traficantes de información salbuespen bakarretakoa da. Ikerketa hori, azkenean, Akal-ek editatu zuen, Peninsulako (Planeta taldeak kontrolatzen duen argitaletxea) akziodun eta zuzendarien aldetik ezezkoa jaso ondoren, nahiz eta eurek eskatu zuten eta argitaratzaileak bere oniritzia eman zuen. Pascual Serranoren liburutik abiatuta, dokumentalak konpainia multinazionalen eta Espainiako talde mediatiko nagusien arteko loturak gogorarazten dizkigu: Prisa, El Pais-eko argitaratzailea eta La Ser katearen jabea, inbetsio- funtsen (hala nola, Liberty) eta bankuen esku dago (horien artean La Caixa, Santander eta HSBC); Vocento, ABCren eta zenbait tokiko egunkariren arduraduna da, bere jabeen artean BBVA eta Ferrovial daude; azkenik, El Mundo, Marca eta Expansion egunkarien jabe den Unidad Editorial enpresa finantza-talde batek kontrolatzen du. Gainera, beste komunikabide-talde handi batzuk espainiar enpresariekin lotura estua dutenak (besteak beste, Zeta taldea, Planeta, Libertad Digital edo Intereconomia taldea), normalean kioskoetan eta telebistan ikusten ditugun komunikabideen zati handi baten jabeak dira. “Jabeak, akziodunak, iragarleak… horiek dira benetan ‘ukiezinak’ direnak” adierazten du Serranok, aipatutako dokumentalean egiten zaion elkarrizketaren ondorio moduan. Berriak eta “trataera informatiboa” Testuinguru horretan, inork ez luke harritu behar, komunikabide pribatu handiek multinazional espainiarrekin zerikusia duten albisteei eskaintzen dieten “trataera informatiboa” (nolabait deitzearren) ikusita. Zentzu berean, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Argentina eta halako herrialdetako agintariek, enpresa horien interesen kontrako politika ekonomikoak martxan jarri dituztenek (nazionalizazioak, zergen gorakada, desjabetzeak), deskalifikazio eta komentario oldarkor ugari jasotzen dituzte Coca- Cola botilan dauden euliak erakusten ausartzeagatik. “Informazioa manipulatua izan da, oldarkorra eta guztiz zeharka ebakia, urritasun demokratiko gehiago dituzten herrialdeei aplikatzen ez zaiena” esaten du Ignacio Escolarrek, eldiario.es-eko zuzendariak. Eta horren adibideak ugariak dira. “Espoliazioa”. “Bidegabekeria”. “Arpilatzea”. 2012ko apirilaren erdialdean, herrialde honetako egunkari nagusiek gogor eraso zuten, eta euren edizioak ireki zituzten gobernu argentinarrak YPF petrolio-enpresa, Repsol multinazional espainiarraren filiala, nazionalizatzeko erabakia deskalifikatuz. “Beldurra eragiten duen populismoa”, “harropuzkeria”, “jauntxokeria”, “peronismo zaharkitua”, “nazionalismo sutsua”, “gerra zikina”, “beste garai bateko isla”… Denak balio zuen Cristina Fernandezen gobernuaren neurria kritikatzeko (zeinak inkesten arabera biztanleria argentinarraren zati handi baten babesa zuen). Izan ere, garaiko kanpo ministroak esan zuen bezala: “Repsolen aurkako erabakia zela onartzen zen, beraz, Espainiaren kontrakoa eta Espainiako gobernuaren kontrakoa”.[5] 2006an antzeko zerbait gertatu zen. Evo Morales presidente hautatu berri zutenean, hidrokarburoen nazionalizazioaren inguruko legea atera zuen. El Mundok argitaratutako editorialaren arabera “dekretuak askatasun ekonomikoa dinamitatzen du, herrialde andetarrean jada balorerik ez duen kontzeptua”. Espainiar enpresa handiekin bat eginez, hala nola, Repsolekin, Unidad Editorial egunkariak galdera hau botatzen zuen: Zer nolako segurtasunarekin inbertituko du orain atzerriko enpresa batek Bolivian, jakinda bere negozioak ordu batzuetan desagertu daitezkeela?[6]” Orain dela gutxi, Sacyr-en “gatazka” gertaerek Panaman[7] eta Iberdrola, Red Electrica eta Abertisen filialen nazionalizazioek Bolivian, gobernatzen gaituzten instituzioen erreakzio berdina izango dela konprobatzeko balio izan dute: “Gobernu espainiarrak enpresa espainiarren interesak defendatzen ditu beti, Espainian edo atzerrian egonda ere”, esan zuen pasa den urtean Industria eta Energia ministroak[8]. “Gure enpresen” interesak eta “Espainia markak” ordezkatzen duen guztia biztanleriaren interes orokorrekin nahastea ez da batere berria[9]. Logika sinplea da: akzioen jabetza duen eta korporazio handien zuzendaritzan dagoen gutxiengoak lortutako irabaziak gehiengo sozialaren “aurrerapena” eta “ongizatearekin” lotzean datza. Finantza-krisia eta eskariaren beherakada eta gero, gaur egun ortodoxia nagusiak “krisialditik ateratzeko” bere errezetak inposatzen ditu. Horrela, enpresa-internazionalizazioa eta atzerriko inbertsioaren erakarpena merkatuak zabaltzeko eta “susperraldi ekonomikoa” sustatzeko oinarrizkotzat jotzen dira, eta ideia hori are gehiago indartu egin da (nahiz eta enpresa-irabazien eta exekutiboen soldaten inguruko datuak argitaratzen diren bakoitzean eta horiek biztanleriaren gehiengoaren lan-baldintzekin konparatzen direnean argi ikusten den horren faltsukeria). Eta komunikabideek paper zentrala dute horretan guztian. “Euli bat Coca-Cola botila batean” dokumentalean Olga Rodriguez kazetariak esaten duen bezala: “Derrigorrean ari dira guri sinestarazten multinazional espainiarren interesak gureak ere badirela, guztiz kontrakoa bada ere”. Prisa Taldea adibide gisa Pere Rusiñolek dioenez “erreferentziazko komunikabideak krisian dagoen sistema honen zati ezinbestekoak dira, eta horren ondorioz, ez dira egokienak krisia kontatzeko[10]”. Hori konprobatu daiteke, adibidez, Prisa taldearen ibilbidea jarraituz gero. Komunikazio enpresa-multzo handi honek, azkeneko urteetan, Hego Amerikan nahiz Espainian, “Invertir en…” topaketak antolatu ditu, nor bere gobernuen laguntzarekin eta herrialde horietan presente dauden enpresa espainiar nagusien laguntzarekin. El Pais egunkaria transnazionalen negozioen hazkuntza sustatu du eta atzerriko inbertsioen sustapena bultzatu du Mexikon, Brasilen, Txilen, Perun, Kolonbian eta Panaman. Urrutira joan gabe, aurtengo urtarrilean, Prisak “Invertir” jardunaldiak antolatu zituen Kolonbian. Bertan, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak; Felipe Gonzalezek, gobernu espainiarraren presidente ohiak eta Gas Natural Fenosako kontseilariak; gas-enpresa horren zuzendariek, Ferrovialek, Indrak eta Telefonicak parte hartu zuten. Garai hartan, El Paisen Kolonbiari buruz argitaratu zituzten erreportaje, elkarrizketa, iritzi-artikulu eta editorialek, enpresa espainiarrek herrialde andetarrean izan zezaketen negozio-aukerak jasotzen zituzten. Kapitalaren interesentzako “eragozpena” izan daitekeen guztia kontaketa ofizialetik kanpo gelditzen da: pobrezia eta desberdintasunaren adierazleak ez dira aipatzen, biolentzia politikoa edota buruzagi sindikalei zuzendutako mehatxuen inguruko daturik ez da agertzen, gatazka osteko jendarte neoliberalaren sorkuntzaren kontra dauden protesta eta herri-mobilizazioak ez dira aipatzen. Erika Gonzalezen esanetan: “Dela Prisa taldeak inbertsioak dituelako Kolonbian, dela jardunaldietan dauden enpresa-taldeek komunikabide transnazional horren publizitatea finantzen dutelako, igorri beharreko mezua ideia baten laburbiltzen da: enpresa transnazional espainiarrentzat ona dena, ona da biztanleria kolonbiarrarentzako[11]”. Mongolia Txostenak komunikabide espainiar nagusien inguruan dioenez “horiek ez dira soilik bitartekariak: agente klabeak dira krisian”. Izan ere, bankuekin eta korporazio handiekin dituzten loturak, enpresa iragartzaileekiko nahiz finantza-entitateekiko menpekotasuna (euren administrazio- kontseiluak kontrolatzera pasatu direnak), “enpresa horien edozein gatazka automatikoki beste agente batzuen arazoa izatera pasatzen da: banku akziodunena eta horien jabe diren komunikabideena[12]”. Baina hori ez da gure arazoa.


Pedro Ramirok (OMAL)-Paz con Dignidad izenez ezagutzen den Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia koordinatzen du. Dosierra n 61 alea Bigarren hiruhilekoa n 2014. Artículo publicado en el nº61 de Pueblos – Revista de Información y Debate, segundo trimestre de 2014, monográfico sobre comunicación, poder y democracia.


NOTAK:

  1. “Euli bat Coca-Cola botila batean” dokumentala osorik ikus daiteke hurrengo web orrialdean: www.omal.info.
  2. Pascual Serrano (2010): Traficantes de información. La historia oculta de los medios de comunicación españoles, Akal, Madrid.
  3. Reality News-Mongolia (2013): Papel mojado. La crisis de la prensa y el fracaso de los periódicos en España, Debate, Barcelona, 11. orr.
  4. Ibídem, p. 14.
  5. “Argentina expropia a Repsol su filial YPF”, El País, 17 de abril de 2012.
  6. “El leonino decreto de Evo”, editorial de El Mundo, 3 de mayo de 2006.
  7. Ramiro, Pedro (2014): “Sacyr en Panamá o la historia de ‘nuestras empresas’”, en La Marea, 17 de enero.
  8. González, Erika (2013): “Iberdrola en Bolivia: una actividad nada ejemplar”, en Diagonal, 31 de enero.
  9. Ramiro, Pedro (2013): “¿A quién representa la marca España?”, en Pueblos, nº 57.
  10. Reality News-Mongolia, op. cit. p. 15.
  11. González, Erika (2014): “La Colombia del Grupo Prisa”, en el eldiario.es, 23 de enero.
  12. Reality News-Mongolia, op. cit. pp. 13 y 18.

Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *