Hezkuntza sistema autonomo zapatista: erresistentzia, hitza eta etorkizuna

Gaur egun bizi ari garen zibilizazio krisia dela eta, gero eta garrantzitsuagoa da gizarte mugimenduek lortutako lorpenak bistatik ez galtzea. Askatasun subjektuak diren heinean horrela ikertu behar ditugu; hau da, “alde batetik, ezagutzan, harremanetan eta arlo materialean egiten dituzten ekarpenak aztertuz; eta, bestetik, modernitate patriarkal, kolonial eta kapitalistak ezarritako menpekotasunak eta esplotazioak gainditzeko estrategia eta prozesuak aztertuz”, Zesar Martinez, Beatriz Casado eta Pedro Ibarraren hitzetan1 . Zapatismoaren ibilbideari erreparatzen badiogu ikusiko dugu nola protesta eta proposamena bateratzea lortu duten. Hezkuntza sistema autonomo zapatistak ondo erakusten digu betebehar biak zaintzen: erresistitzea eta existitzea.
p56_chiapas_01

Oventik-eko Caracolean dagoen lehen hezkuntza eskola.

1994ko urtarrilaren 1eko goizaldean, urte berria agurtzeko Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Hitzarmena indarrean sartzearekin batera, herri zapatistak matxinatu ziren. Hamabi egunez iraun zituen gobernu eta zapatisten arteko gerra irekiak, Askatasun Nazionalerako Armada Zapatistak (EZLN) su etena deklaratu zuen arte. Oraindik ere su etena mantentzen duten arren, komunitate zapatistek intentsitate baxuko gerra2 bizi dute. Beraz, ez dugu ahaztu behar komunitate hauen iniziatibak gizarte ehuna suntsitu nahi duen gerra honen testuinguruan ematen direla.

AUTONOMIA ZAPATISTA

Nahiz eta autonomia eraikitzen ari ziren, gobernuarekin zuen negoziazioen huts egitearen ostean zapatismo zibilak autonomia prozesuari ekin zion buru-belarri. Erakundea hiru konklusiotara iristen da: lehenengoa, haien eskaerei irtenbidea emateari dagokionez bide instituzionala itxita dagoela; bigarrena, aparatu politiko-militar mexikarrak setio estrategia ikusezin bati ekin diola; eta azkena, instituzio ofizialak (osasun eta hezkuntza sis- temak, justizia eta komunikabideak) kapitalistak, kolonialak eta patriarkalak direla eta gizatasun indigenaren ukoan oinarritzen direla.

Ikuspuntu honetatik abiatuta zenbait printzipio ezarri ziren, Martinez Espinosaren ustez, demokrazia zapatistaren oinarrian daudenak: obedituz agindu, erabakiak aho batez hartu, diferentziak errespetatu, komunitatearen gobernu propioan eta erabakietan parte hartu eta konpromisoak betetzen ez dituztenak kargutik kendu.

EZLNak herri autonomo matxino zapatistak sortu eta bost caracol-etan banatu zituen3. Horrela, caracol ho- rietako bakoitzak bere Junta de Buen Gobierno izeneko batzordearen bidez herri agintea gauzatzen du. Egitura honek lurraldeko kultura eta antolatzeko erari lotutako demokrazia sosTengatzen du, “Amerikako indioen 500 urteko erresistentziatik sortutako aginte kultura barneratzen duena”, Pablo Gonzalezen hitzetan4.

p56_chiapas_02

Lehen hezkuntza eskola autonomo bateko ikasleak. Txiapas.

HEZKUNTZA SISTEMA AUTONOMOA

Eskola autonomoa, gobernuaren gerra “ikustezina” gorabehera, komunitateen beharrei egokitu da eta, hortaz, elementu egituratzaile indartsua bihurtu da. Lan handiz, hezkuntza sistema autonomoa pentsamoldea deskolonizatzen joan da eta “eskolak”5 bizitza indigenaren zerbitzurako egiturak bilakatu dira. Eskola ofizialak, ordea, gizartearenak ez diren interesen zerbitzura dihardu.

Alde batetik, zapatisten hezkuntza eredua sistema ofiziala zalantzan jarriz eratu eta egituratu da Alabaina, gehienbat, era kolektiboan nekazari erritmoetara egokitutako hezkuntza lortzeari dago zuzenduta. Altos de Chiapas eskualdeko hezkuntza siste- maren web orrian dioenez, konzientziak sortzeko hezkuntzaz ari gara, hain zuzen. Haa- tik, gobernuaren laguntzarik gabe aritzeaz aparte, eskola autonomoek militarren eta pa- ramilitarren erasoak pairatzen dituzte.

Labulbilduz, orain arte sortutako egitura bi bloketan bana daiteke: lehen hezkuntza eskaintzen duten herri eskolak (EPRAZ) eta caracol ezberdinetan bigarren hezkuntza eskaintzen duten zentroak (ESRAZ).

Dena den, eta eskolak mailetan antolatzen diren arren ez daude adinaren arabera zuhurki banatuta. Batzuetan, hori baliabide material urriei atxikitu dakioken arren, normalean, adinaren gainetik, eskolak ikasleen beharrei egokitzen saiatzen dira; izan ere, gazteen behar eta etapa ezberdinak ez doaz, ezinbestean, adinarekin batera. Ondorioz, klaseetan adin ezberdineko ikasleen arteko elkarbizitza gertatzen da eta horrek oinarrizko printzipio bat indartzen du: inork ez du inor hezten eta inor ez da laguntzarik gabe hezten.

Nolanahi ere, hezkuntza autonomoa gizon eta emakume nekazari eta indigenek beraien neurrira sortu duten hezkuntza da, non edukiak ere eurek zehazten dituzten. Nortzuk diren ikasi, haien historia eta oraina ezagutu, taldeari zentzua eman, norberaren burua bestean antzeman; horiek dituzte ikaskuntzaren xedeak. Honengatik guztiagatik, nekazaria eta indigena ez denak ezin du lan hau burutu; are gutxiago hizkuntza indigena hitz egiten ez duenak. Gaztelera, mexikar biztanleriaren homogeneizatze tresnatzat jotzen da; izan ere, hizkuntza ofizial gisa, botere menderatzailearen ezaugarri kulturalen eramailea izaten da. Mintzaira indigenek sufritu ohi duten gutxiespena, nahigabea sortu du herri indigenetan eta, hortaz, eskola autonomo zapatistan hizkuntza elementu zentrala da.

Beraz, eskola kudeatu eta haurren ikasketan laguntzeko ardura komuniatateko den  norbaitek hartuko du. Pertsona hori aukeratzeko lehenengo pausoa asanbladaren adostasuna lortzea da. Pertsona horrek hezkuntza eragile edo promotore kargua izango du. Haurren hezkuntzari laguntzeaz aparte, promotoreak bere formakuntza sakontzeko ardura ere badu eta horretarako eskarmentu handiagoa dutenen laguntza izango du. Era honetan, formazioan efektu biderkatzailea gertatzen da, betiere kanpoko elementuen mendekotasuna txikiagotuz. Eskola ofizialeko maisuak estatus altuagoa izanagatik, promotoreak, bere karguari lotutako lanaz gainera, bere eguneroko nekazaritza lanak egin beharko ditu.

Komunitate kargu hauetako batek ere ez du soldata edo ordainik jasotzen, baina boluntarioa dela esatea ez da ulertzeko nahikoa. Hezkuntzak, herritik sortzen den heinean, herrian aurkitu behar du bere iraunbidea. Beraz, komunitateak janariak eta arro- pak eman, eskolen ordutegiak nekazari egutegira egokitu, hezkuntzan lagundu eta ikasketa zentroak6 eraiki behar izango ditu, besteren artean. Era berean, komunitateak du prozesuaren kontrola eta, esan bezala, printizipio komunen arabera aritzen ez dena kargutik kentzea ere badago.

Gainera, 1993an Emakumeen Lege Iraultzailea sortu zutenetik karguetan emakumearen partehartzea hazi da, egitura zaharrak eraldatuz. Honen eraginez, emakumeen hezkuntza gero eta osoagoa izatea lortu da, honek eguneroko erronka izaten segitzen duen arren.

SAN MARCOS AVILES, GERRA TESTUINGURUKO ESKOLA

San Marcos Aviles zapatistek gobenuaren eskutik pairatzen duten erasoen adibide argia daukagu. 2012ko abuztutik abiatuta, zenbait hilabetez, komunitate honek gobernuak sostengatutako talde paramilitarrek ezarritako setioa jasan zuen. Herrian, lehen hezkuntza eskola izango zen egurrezko etxola amaitu zuten. Artean, komunitate bereko kideek osatuta, eskola akabatzeko helburua zuen txoke taldea eratu berri zen. Zapatisten gobernu batzordearen salaketen arabera, talde hau era armatuan eta agresibitate handiz erasotzen hasi zen. Aitzitik, 1994ko su etena zela eta, zapatistek ez zuten biolentziaz erantzun eta askok, ondorioz, mendira joan behar izan zuten ihesi. Geroago azaldu zutenez: “zapatistok zentzudunak gara eta ez dugu gure anai indigenen aurka egin nahi. Baina Estatuko agintariak anai eta indigenok elkar hil dezagun saiatzen dira”[7].

Honelako erasoak ez dira bakanak eta horien aurrean zapatismoak elkartasun mugimendu mundiala eratzea lortu du “gatazka ikuspuntu politiko batetik abiatuta, batzutan aurrez aurrekoak diren mobilizazio ekintzen bidez ardura politikoak seinalatuz eta aurkariak identifikatuz” Zesar Martinezek, Beatriz Casadok eta Pedro Ibarrak[8] seinalatzen duten bezala.

Nolanahi ere, autonomia prozesu baten garapena, berez, izugarri zaila da, baina are zailagoa da biolentzia testuinguru batez ari garenean. Estatu Mexikarra, berak sortutako biolentzia estaltzen saiatu da eta, zapatismoa komunikabideetatik kanpo utziz, iraganeko kontua bihurtzen saiatu da. Alabaina, zapatistak haien hitzaren jabe mantendu dira eta, setio informatiboa hautsita, mundura helarazi dute. Argi dago Hezkuntza Sistema Autonomoak Mexikoko Hezkuntza Sistema Publikoak ezarritako arauak hausten dituela eta, horrela, aurka egiten dio honen oinarriak agerian utziz, bereziki, mendekotasun eta obedientzian sostengatutako pedagogia. Zapatismoak herri indigenen autonomia du etorkizuna eta bide hori ibiltzeko behar den izaera-deskolonizazioak pentsamoldearen deskolonizazioa behar du. Hau da, azken finean, eskola zapatisten izateko arrazoia.


Txiapasekiko Elkartasun Plataforma komunitate zapatistekin elkartasuna lantzen duen kolektiboa da.

Dosierra 56. alea. Bigarren hirulekoa. Pueblos – Revista de Información y Debate.

En castellano: “El sistema autónomo de educación zapatista: resistencia, palabra y futuro”.


NOTAS:

  1. Martínez, Zésar; Casado, Beatriz; Ibarra, Pedro (2012): “Movimientos sociales y procesos emancipadores”, en Cuadernos de Trabajo, n. 57, Hegoa, UPV-EHU.
  2. Intentsitate baxuko gerra Txiapasen isila eta luzea izan ohi da eta pertsonak hiltzen dituen arren etsaiaren heriotza politikoa bilatzen du, ez fisikoa. Zenbait ardatz ditu: antolamendu politiko autonomo eta komunitarioak deuseztea bilatzen duten baldintzapeko laguntza sozialak eskaini; talde paramilitarrak sortu eta armatu (Paz y Justicia, OPDDIC, etab.); komunitate arteko eta komunitate barneko gatazkak sortu eta akuilatu (adibidez, lurra edo erlijioaren inguruan); eta “narkotrafikoaren kontrako gerra” aitzaki hartuta militarizazioa bultzatu.
  3. Bost caracolak, 2003an sortuak, eskualde bakoitzeko autogobernua gauzatzeko espazio askatuak dira. Marcos Subkomandantearen “ateak bezalakoak dira, komunitateetara sartzeko eta komunitateak irten daitezen; lehioak bezalakoak, komunitateen barrura begiratzeko eta hauek kanpora begira daitezen”.
  4. González Casanova, Pablo (2003): “Los ‘caracoles’ zapatistas: redes de resistencia y autonomía”, Memoria aldizkarian, 176. alea, Mexiko.
  5. Pluralean hitz egiten dugu eskolei buruz caracol bakoitzak ezartzen baitu bere programa, ardatz estrategiko komunak dauden arren.
  6. Lankidetza internazionalak, eta bereziki Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza sistema autonomoa lagundu izan da, eskolak eraikiz eta hauek martxan jarriz.
  7. Oventikeko gobernu batzordearen salaketa testua, hurrengo weborritik hartuta: sanmarcosaviles.wordpress.com.
  8. Martínez, Zésar; Casado, Beatriz; Ibarra, Pedro (2012): “Movimientos sociales y procesos emancipadores”, Cuadernos de Trabajo, 57. alea, Hegoa, UPV-EHU.

Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *