Ollanta Humalaren lehenengo urtea: ilusioei azpiak jaten

Hamahiru hilabete gestio ondoren eta momenturarte ministro-kabinetean hiru aldaketa egin dituelarik, Ollanta Humalaren gobernuak ikusi du nola egiten zuen okerrera bere irudiak; zin egindako norabidea aurkitu gabe jarraitzen baitu eta mesfidantza, haserre, frustrazio, ezadostasun eta desengainu handiak zabaldu baititu bere hautesleen artean.

Honen sorburuak ugariak eta legitimoak dira: bere oinarri soziala edota elektorala abandonatu izana; aldatu behar zituen politika ekonomikoen kontinuismoaren menpe jardutea; eta elkarrizketarako ezintasuna, trebetasun edota esperientzia eza lidergo politikoari eta gatazkei irtenbidea bilatzeari dagokionez. Ondoriotzat, pasa den urte amaieratik hona eman den protesta-oldea dela eta, gestioan daraman denboran 17 hildako gatazka sozialetan, dekretatutako lau emergentzia estatu eta zauritu, atxilotu eta kriminalizatu mordoa zenbatu ditzakegu.

Duela urtebete baino gehiago, Ollanta Humalaren kargu-hartzeak ezusteko aldaketa suposatu zuen Peruko norabide politiko, sozial eta ekonomikoan: garaipen historikoa izan zen fujimorismoaren itzuleraren aurrean, eta honek, bai zalantza eta bai itxaropen handiz betetako testuinguru berria sortarazi zuen. Nagusitasun neoliberalak markatutako lehengo bi hamarkada ondoren, Humalaren gobernu proposamen elektoralak “Merkatu Ekonomia Nazionalean” sartzea mahigaineratzen zuen. Horrela, enpresa transnazionalekin zeuden kontratuen premiazko berrikuspena eta zerga-sistemaren erreforma integralaren bidez, bereziki enpresa erauzle handien aparteko etekinen gaineko zergak, perutar ekonomiaren lehengai-esportatzaile izaera berrikusiko litzateke.

Sare sozialaren urraketa, bereizketa sozial eta ekonomiko handia eta azken urteotan izugarri hazitako gatazka kopuru handia sufritzen zuen herri honetan herentzia neoliberala agerian geratzen zen. Petrolio eta meatze-transnazionalen eskutik gauzatutako baliabide naturalen espoliazioa egon da gehienetan gatazka sozialen oinarrian eta hauek, gatazka sozialek, urteak joan eta urteak etorri, nahigabe nabarmena sortu dute, nagusiki Amazonian eta mendialdean.

Ollanta Humalaren garaipenak, herria bira ideologikoa emateko prest zegoelaren frogatzat hartu zatekeen. Oinarrian, aurrerapen txiki baina esanguratsuak subjektu sozial eta politiko baten berreraikuntzan, kritika, eragin, erresistentzia eta mobilizazio gaitasun indarberrituak dituena. Eta hau guztia, erauzketaindustriaren kontrolik gabeko hedapen agresiboa nagusi zuen testuinguru batean.

Jarraian, hiru arlotan, itxaropena eta errealitatearen arteko bretxa azaltzen duten Humalaren politikaren zenbait gako.

POLITIKA EKONOMIKOA

Gobernuaren zurruntasun ideologikoa, politikoa, ekonomikoa, fiskala, finantza-politika eta aurrekontu-politikaren ardatz nagusien jarraipenean ageri da bereziki. Estatu perutarrak duela 20 urtez geroztik aplikatu dituen politika hauek, birbanaketarik gabeko hazkunde ekonomikoa, desberdintasun eta bazterketa soziala dituzte emaitzatzat.

Gobernuak sustatzen duen politika ekonomiko neoliberala, Erreserba Banku Zentralaren (BCR) erabakiek –azken fi nean gobernuarenak– determinatzen dute, eta nazioarteko finantza-erakunde eta enpresarien babesa du.

Burugogorkeria neoliberala azaltzen duten elementuak konbinazio arriskutsu batean oinarritzen dira, hau da, indize makroekonomiko onuragarriak eta Perun emandako merkatal eta fi nantza-irekitasuna artekoan. Nahitako konbinazio sinplista honek ez du kontutan hartu Peruko ekonomiak, merkatu globalean, lehengaietan oinarritutako rola mantendu duela; eta eredu honen pean, gero eta menpekoagoa, eta ondorioz kalteberagoa, bilakatu dela.

Peruk, industria nazionaleko sektore osoak sakrifi katu bitartean ireki ditu bere merkatuak; esportazioak lehengai-esportazio logika mantenduta handitu ditu; lan-estandarrak hobetzeko intentziorik agertu ere egin gabe lanpostuak eratu dira; eta azken urteotan sinatutako Merkataritza Librearen Hitzarmenetako (MLH) inbertsioen babeserako klausulek sostengatuta, Atzerriko Inbertsio Zuzena sustatu eta areagotu da.

Ollanta Humala, hauteskundeen aurretik zin egin zuen, azken sei urteotan Peruk sinatutako hamahiru MLH-etatik (nabarienak Estatu Batuak, Txina, Kanada, Txile, Japon, Mexiko eta Hego Korearekin sinatutakoak) guztiak errespetatu eta ukigabe mantenduko zituela, nahiz eta, berez, ez zeuden haien osotasunean hitzartuta, ezta sinatuta ere (Europar Batasunarekikoa adibidez). Adierazpen hau, liberalentzako begi-keinua izan zitekeen. Hitzarmen horiek atzerakada nabarmena eragingo zuten laneskubide eta ingurumen-estandarren bermatze mekanismoetan, baina hori Humalak ez zuen esango.

Ekonomia arloan, lehen zegoenarekin konparatuta ez da dena txarra izan; baina bai “posible” zenarekiko ez-nahikoa, eta zin egindakoarekiko eta espero zenarekiko eskas. Eskaera sozial historikoetariko bat, erauzketaerrentaren zerga-bilketa handitzean eta birbanatzean zetzan. 2011Ko Irailan, Humalak meatze-industriaren zerga erreforma hasi zuen eta 3.000 miloi sol (1.000 miloi dolar inguru) iragarri zituen zerga-kobratze berrietan. Zerga-erreformak hiru lege berri erantsi zituen. Horietako lehenengoak, Meatze-erregaliei buruzko legea (Ley de Regalías Mineras) aldatu zuen; bigarrenak, Meatzaritzarentzako Zergakarga Bereziarentzako (Gravamen Especial a la Minería) lege-markoa ezarri zuen; eta hirugarrenak, Meatzaritzarako Zerga Berezia (Impuesto Especial a la Minería) sortu zuen. Ateratako dirua departamendu txiroetako azpiegitura lanak fi nantziatzeko izan behar omen zen.

Ikerketa independiente ezberdinek, estimazio baxuagoak egin dituzte erreformaren emaitzari dagokionez. Zerga berrien zenbatekoa, kalkulu hauen arabera, 3.000 miloi solekoa izango da bai, baina meatzeenpresek, Alan Garcia presidente ohiaren garaian ezarritako diru-emate boluntariotik 500 miloi ordaintzeari utziko diote, eta beste 500 miloi Erregalia, eta 1.000 miloi Errenta-zerga ordaintzeari ere. Beraz, urteko zergaordainketa garbia 1.000 miloi solekoa izango da (300 miloi dolar apenas)[1].

Erreformari aurrekontua birzentralizatzen duela kritikatu ere egiten zaio; jaisten diren zergak produkzio eskualde eta udalherriek kudeatutakoak baitira eta igotzen direnak aldiz gobernu zentralaren diru-kutxak betetzen dituztenak.

INGURUMEN-POLITIKA

Humalaren kanpainak, propagandaz haratago, ingurumen-agenda ezaren arazoa zeukan. Aurreko gobernuetatik jarauntsitako arazoei aurre egin zezaken agenda. Aurreikuspen pesimistenak berehala bete ziren, eta herriaren ingurumen-arloko instituzionalitatea indartzeko eta Ingurumen Ministerioa ahalmen eta atribuzio nahikoaz hornitzeko erreforma-proposamen urriei, bidea moztu egin zitzaien. Honetarako, “erreformista” guztiak kargutik kendu ziren, lehenengo gobernu-krisia piztuz.

Ingurumen problematikari lotutako eskaerak gero eta oraingokoak eta legitimoagoak dira; perutar gizarte zibileko sektore zabal eta ezberdin askok eta eskualdeko zenbait gobernuk hartu dituzte haien baitan. Eskaera horien artean nabari dira:

Lurralde Ordenamendurako Legearen (Ley de Ordenamiento Territorial) onarpena. Gero eta premiazkoagoa da herrian meatzaritzaren hedapena mugatzea. Horregatik, lege honen bidez, baliabide naturalen kudeaketa iraunkorra lortzeko, non bai eta non ez diren posible erauzketa jarduerak aztertzea proposatzen da.

Bigarrenez, Ingurumen-Inpaktuei buruzko Azterketen (IIA) ebaluazio eta onarpenaren transferentzian-Energia eta Meatze Ministeriorik Ingurumen Ministeriora-premiarekin aritzea; eta era berean independentzia eta zorroztasun handiagoa exigitzen da, eta eskualde eta udalerrietako gobernuak, arlo honetan hartzen diren erabakietarako kontutan hartzea eskatzen da. Logika berri honetatik abiatuta aurreko gobernuek onar-tutako IIA  guztiak berrikustea exigitzen da, ebaluazio eta onarpen prozesuetan egindako okerrak agerikoak baitira.

Uraren problematika, hedabide eta eztabaida politikoaren muinean kokatu da.

Meatzaritza jarduerek eragindako ur kutsadurak, eta enpresa transnazionalen lehenesteak ekarritako ur gabeziak alarmak piztu dituzte biztanleria landatarraren baitan. Kaltetutako lurraldeetan erresistentzia piztu ere egin da. Ura, borroka eta duintasun simboloa bilakatu da. Uraren (eta Ande altuetako ekosistemen ura errekargatzen duten iturri naturalen) inguruko gatazkak sortutako testuinguruan, zenbait erakunde sozialek Lehehengo Uraren aldeko Martxa Nazionala (Primera Marcha Nacional por el Agua) bultzatu zuten, arrakasta handiarekin. Honekin, beste gauza askoren artean, meatzaritzaren eraginez kaltetutako herriekin (Cajamarca eskualdean) elkartasuna adierazi nahi zuten. Martxa horretan, eskari asko, lege-proiektu proposamenak bilakatu ziren eta horien artean, meatzaritza arro buruetan debekatzea eta meatze lanetan zianuroaren erabilera debekatzea planteatzen zutenak.

ESTATU ETA HERRI INDIGENEN ARTEKO ELKARRIZKETA

Humalaren gobernuak, boterea hartzean, Estatu eta herri indigenen artean beste harreman mota bat garatuko zuela agindu zuen; kulturen arteko elkarrizketa bermatu eta instituzionalitate indigena indartuko zuen harremana.

Hala ere, egon diren ministrokabineteetan, ez da egon, nekazarien erakunde eta erakunde indigenekin, egon beharreko elkarrizketa sustatu zezakenik. Gobernuaren nahitako edo nahitaezko ahulezia ikusita, ordea, “aurreko alderdian” erakunde indigena eta nekazarien arteko batasun akordioa joan da eratzen azkenik. Horren barnean: Asociacion Interétnica de Desarrollo de la Selva Peruana (Aidesep), Confederación Nacional de Comunidades del Perú Afectadas por la Minería (Conacami), Confederación Nacional Agraria del Perú (CNA), Confederación Campesina del Perú (CCP) eta Organización de Mujeres Indígenas Andinas y Amazónicas del Perú (Onamiap).

Kontsulta legearen (Ley de Consulta) arautzea eta onarpena zen elkarrizketarako aukeren artetik lehenengoa eta gehien espero zena. Aurrekontsulta legearen (Ley de Consulta Previa) aldarrikapena lehenengo pauso interesgarritzat hartu zen. Gabezia ugari zituen arren, adostasun handia lortzen zuen, zenbait hilabete lehenago ezin onartutako arauaren inguruan. Hala ere, erabateko adostasuna gabe onartu zen Aurrekontsulta legearen araudia eta horrek elkarrizketa moztu zuen, lehen akordio izpia itzali eta Estatu eta rakundeen arteko erlazio berriaren itxaropena erabat suntsitu zuen.

Bere lehen urtean gobernuan, Ollanta Humalak, Perun beste eredu bat posiblea dela miloika perutarrei eskaini eta frogatzeko ezinbesteko aukera galdu du. Urteak dira, Humala latinoamerikako mugimendu progresistarekin (Ekuador, Venezuela edo Bolivia) bat etorri ohi zela; orain ordea, horretik oso urrun dagoen gobernua irudikatu du. Seinale gehiegi izan dira oso denbora laburrean (edo seinale eza). Dagoeneko, bere gobernua, aldaketaren gobernua denik, sistema kapitalista, kolonial eta neoliberal zaharraren kontrako matxinadaren gobernua denik, ez da sinesgarri.


Miguel Castro Morales, hurrengo hitzarmenaren koordinatzailea: “Cooperación en el ámbito de las industrias extractivas y la exigibilidad de Derechos Económicos, Sociales, Culturales y Ambientales (DESCA) en Bolivia y Perú”, ACSUR – Las Segovias.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.

Artikulu hau “Hego Amerika Erronkak eta aukerak” (54 zenbakia – Laugarren hiruhilekoa – 2012) dosierrean argitaratu da.

Nº 54 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Cuarto trimestre de 2012.


1. Sol bat = 0,30 Euro, 2012ko Irailaren 26a.


Print Friendly

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *